Showing posts with label aitor elortza. Show all posts
Showing posts with label aitor elortza. Show all posts

2012/04/25

Eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia izango da larunbatean Algortan

Dozenaka herritar bildu gara gaur arratsaldean Algortako Telletxe plazan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz zein Ertzaintzaren eskutik heldutako azken debekuak salatzeko. Besteak beste, GALek orain 27 urte eraildako Xabier Galdeano kazetari algortarraren aldeko ekitaldia, Aitor Elortza Unanue errefuxiatua zenari duela sei urtetik egiten zitzaion omenaldia eta presoen urtebetetzeak galarazi dituzte. Horretaz gain, astegunetan egun ohi duen kontzentrazioetan jazarpena jasaten ari da azken aldian Etxerat elkartea. Euskal Herrian zabaldu berri den galdu ezinezko aukera honetan, orain arte gertatu ez direnak ikusten ari gara. Hala ere, ez dugu besoak gurutzatuta gelditzeko asmorik. Konponbidea behar dugu! Hori dela eta, larunbat honetan, apirilak 28, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia egingo dugu Algortan. 13:00etan izango da Telletxe plazan.

2012/04/24

Bihar azken debekuak salatzeko prentsaurreko jendetsua Algortan

Argazkian, martxoaren 30ean, azken ostiraleko elkarretaratzea eta Xabier Galdeanoren omenaldia galarazi zituen Ertzaintzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz.

Azken hilabeteotan Algortan gertatutako azken debeku eta galarazpenen aurrean (Xabier Galdeanoren omenaldia, martxoko azken ostiraleko kontzentrazioa, Etxeraten eguneroko elkarretaratzeak, presoen urtebetetze jaiak, Aitor Elorzaren urteurrena...), prentsaurreko jendetsua izango da bihar, hilak 25. Hitzordua 19:00etan izango da, Algortako Telletxe plazan. Horiek guztiak salatu eta larunbateko ekitaldia deitzea izango da horren helburua. 

Algortako Herrira bilgunea ere kaltetua den aldetik, biharko prentsaurreko jendetsura agertzea eskatu gura dizuegu. 

Bertan elkar ikusiko dugulakoan. Ondo izan.

2012/01/24

Ertzaintzaren jazarpena Algortan eta Itzubaltzetan

Argazkian, aurreko egunekoa salatzeko, larunbatean Algortan agertutako pankarta / cc-by Ukberri.net.

Dozenaka ertzain bidali zituen ostiralean Algortara Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak, Aitor Elortza Unanue iheslari politikoa zenari duela sei urtetik egiten zitzaion omenaldia galarazi eta Amnistia tabernatik herriko presoen argazkiak bahitzeko (bertan ez zegoen irudirik). Arratsaldetik ibili ziren gora eta behera, gutxienez, zazpi furgoneta (Brigada Higikorrekoak tartean), kamuflatutako beste bat eta hainbat patruila auto. Baina ez ziren bakarrik horretara mugatu: Telletxe plazan ostiral guztietan egiten den presoen aldeko elkarretaratzea ere galarazi egin zuten, Elortzaren aldeko omenaldia debekatuta zegoelako aitzakiarekin. Kontzentrazio horrek baimena zeukala onartu zuten, eta debekua justifikatzeko esan zuten baimena eskatu zuen pertsonari telefonoz deitu ziotela, baina ez zuela telefonoa hartu. Pertsona horren telefonoak, ordea, ez zuen Ertzaintzaren deirik erregistratu.

2012/01/20

Aitor Elortza oroitzeko ekitaldia debekatu du Auzitegi Nazionalak

Iturria: ukberri.net
Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan / cc-by Ukberri.net.

Gaur Algortan Aitor Elortza Unanue zenari hil eta sei urtera egitekoa den oroit ekitaldia debekatu egin du Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Efe albiste-agentzia espainolak zabaldu duenaren arabera, Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarraren eskaera aintzat hartuz eta Fiskaltzaren txostenari jarraiki, "terrorismoaren goratze delitutzat" jo du ekitaldia magistratuak; eta hori ekiditeko "beharrezko neurriak" hartzeko agindu dio Poliziari. Bere aburuz, ekitaldia Algortako "herriko taberna batean" egitekoa da. Iturri judizialak aipatuz zabaldu du Efek, Polziak berak "ziurtatu" diola Pedraz epaileari "Elortza ETAko kidea izan zela eta, bere gurasoekin batera, 1991n Frantzian atxilotu zutela, ustez Bartzelona komandoarekin lotura zeukalako". Albiste agentzia espainolak berak aipatu du 1993an epaitu eta absolbitu egin zutela. Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan.

Aitor Elortza Unanue Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izan zen eta erbestealdi luze baten ondorioz hil zen Baionan. Elortzak Ipar Euskal Herritik Mexikora ihes egin zuen 80eko hamarkada hasieran. Ondoren, Ipar Euskal Herrira bueltatu zen berriro eta 1991ko maiatzean atxilotu eta Fresnesen (Paris) espetxeratu zuten 1992ko arte; 1993an epaitu ondoren, absoluzioa jaso zuelarik. 1994an berriz atxilotu zuten eta Metz-era bidali zuten. Bertan, zaintzapean ostatu batean bizitzera behartu zuten. Aste batzuk beranduago, konfinamendua apurtu eta Euskal Herrira bueltatu zen. Azkenik, gaixorik, hilik aurkitu zuten bere etxean 2006ko urtarrilaren 16an.

2012/01/19

Aitor Elortza oroitzeko biharko ekitaldia debekatzea eskatu dute

Iturria: ukberri.net
Argazkian, Aitor Elortzari iaz egindako omenaldia / cc-by Ukberri.net.

Bihar Algortan Aitor Elortza Unanue zenari hil eta sei urtera egitekoa den oroit ekitaldia debeka dezan eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak. Efe albiste-agentzia espainolak zabaldu duenaren arabera, Elortza "ETA talde terroristako ustezko kolaboratzailea" zelakoan eskatu du DyJ-k omenaldia galaraztea. Bere aburuz, ekitaldia Algortako "herriko taberna batean" egitekoa da. Ultraeskuindarren ustez, ekitaldia burutuz gero "terrorismoaren goratze delituan erori litzateke". Hori dela eta, Auzitegi Nazionaleko Zaintza epaileari ekitaldia oztopatzeko Guardia Zibila eta Ertzaintza erabil ditzan eskatu dio. Era berean, Daniel Porterok zuzentzen duen elkarteak urtarrilaren 13an Algortako herriko tabernan Jon Rosales preso ohiari egin zioten harrera ikertzea eskatu du.

2012/01/15

Aitor Elortza gogoan, bere heriotzaren 6. urteurrenean

Aitor Elortza Unanue iheslari politiko algortarra erbestealdi luze baten ondorioz hil zen Baionan 2006ko urtarrilaren 16an, orain sei urte.

Aitor gaztetik sartu zen Euskal Herria libre eta justu baten aldeko herri borrokan. Bide horretan Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izan zen. 1979an, 19 urte zituenean, poliziaren jazarpenetik ihesi Ipar Euskal Herrira joan zen. Bertan ere militantzia, poliziaren jazarpena, atxiloketak eta ezegonkortasuna izango zituen bere bizitzaren ildoan. Mexikon izan zen aldi batez, gero handik bueltatu eta kartzelan berriro… azkenik, gaixorik, hilik aurkitu zuten bere etxean 2006ko urtarrilaren 16an.

Aitor, gogoan zaitugu.
Euskal Herri libre eta justu baten alde borrokatu zenuen.
Euskal Herriak bere baitan gordeko zaitu!