Showing posts with label alfontso etxegarai. Show all posts
Showing posts with label alfontso etxegarai. Show all posts

2013/06/12

Bi uribekostar izango ditu iheslari politikoen mintzakidetza taldeak

Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14 solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14 ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta) eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian, errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba) eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.

2011/11/29

Gotzon Alcalde eta Kitxuren lanak ere badaude "Ataramiñe’11" lan kolektiboan

Argazkian, Jon Iturriaga Omar, Amaia Urizar, Borxa Urberuaga, Mitxel Sarasketa, Oier Gorzalez eta Zorion Zamakola preso ohi zein Ataramiñe argitaletxeko kideak ostiraleko aurkezpenean / cc-by Ukberri.net.

Ataramiñe elkarteak abenduaren 4tik 8ra bitarteko Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako uzta berria aurkeztu zuen joan den ostiralean Bilbon. Hamargarrenez, euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoa plazaratu du. 24 lagunek parte hartu dute "Ataramiñe’11" lan kolektiboan, tartean Iñaki Gonzalo "Kitxu" preso itzubaltzetarrak idatziak zein Gotzon Alcalde gatibu algortarraren marrazkiak daudela. Horretaz gain, Alfontso Etxegarai iheslari plentziarraren narrazioa jaso dute. Bestalde, Ibon Muñoa eibartarraren "Ametsen txokoan bizi naiz" poema liburua ere argitaratu du Ataramiñek. Baita dagoeneko kalean den Borxa Urberoagaren "Espetxetik at" komikia ere. Mikel Antzaren "Bakarmortuko kronikak", berriz, ostiral honetan aurkeztuko dituzte 11:00etan Donostiako Udal Liburutegian. Horiek guztiak Euskal Liburu eta Disko Azokan izango dira eskuragarri. Horretaz gan, aurkezpena egingo dute Durangon, hilaren 5ean; eta, hilaren 6an, Ahotsenean, liburuaren pasarte batzuk irakurriko dituzte egileen etxekoek.