Showing posts with label angela tubet casal. Show all posts
Showing posts with label angela tubet casal. Show all posts

2012/12/24

"Kitxu" maitasunez hartu dute ehunaka auzokidek

Iturria: cc-by Ukberri.net
Argazkian, "Kitxu" hiletatik ateratzen zutenean.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarra "'Kitxu', maite zaitugu", "herria zurekin" edo "Gora Angelitaren semea" bezalako leloak entzun ditu gaur dozenaka aldiz, Angela Casal Tubet bere ama zenaren hiletara sartu eta atera dutenean. Izan ere, Itzubaltzetako Herrirak egindako deialdiari erantzunez, ehunaka lagun hurbildu dira Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizaren albora, Gonzalori animoak eta berotasuna ematera. Barruan ere, barra-barra izan dira senide, lagun, lankide ohi eta auzokideak, komulgatzean presoa agurtzeko aukera izan dutenek. Auzokideek elizatik kanpo presoarekin egon ahal izatea eskatu diete ertzainei, baina horiek ez diete utzi. Hiletan, herriko apaizak salatu egin du Espetxeetako Zuzendaritzak ezarritako baldintza bidegabeak. Hiletaren ostean, Gonzalo eraman dutenean, ertzainek gogor oldartu dira zeramaten autora hurbildu diren auzokideen aurka. Borrak eta ilegalak diren borra luzagarriak erabil dituzte zenbait laguni kontusioak eragiten, tartean UKBERRI.NETeko argazkilariari. Jipoitutako auzokide batzuek egur makilez erantzun dute. Senideek zabaldu bezala, Gonzalok eskertu du jasotako elkartasuna. 

2012/12/23

Kitxu eta bere senideei elkartasuna adieraztera deitu du Itzubaltzetako Herrirak

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarra Angela bere ama zenaren hiletara ekarriko dute bihar, astelehena. Elizkizunak 18:00etan izango dira Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizan. Tokiko Herrira bilguneak ordu bete lehenago, 17:00etan, jarri du hitzordua Santa Eugenia plazan, une zail hauetan berari eta senideei babesa eta berotasuna adierazteko. 
 
Kitxu askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

2012/12/22

Amaren hiletarako ekarriko dute Kitxu

Hasierako plana "Kitxu" gaur Algortako tanatoriora ekartzea bazuten ere, atzo azken orduan Espetxe Zuzendaritzak planak aldatu zituen eta ez dute ekarri, Itzubaltzetako Herrira bilguneak zabaldu duenez. Senideen arabera, gaur Basaurira hurbildu eta astelehenean hileta elizkizunetan izango da Iñaki. Hileta arratsaldeko 6etan izango da Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizan.

Gauzak horrela, gaur goizean senideak, gertukoak, lagunak eta auzokideak izan dira Angelitari azken agurrak emateko, lehenengo Algortako tanatorioan eta Derioko hilerriko errausketa-plantan ondoren. Senideek Angelak azken 16 hileotan izan duen jarrera goraipatu eta guztiontzat eredugarria izan dela azpimarratu dute. Era berean, gaixo izan den bitartean hartutako berotasuna eta laguntza eskertu dute.

Agurrik ez, Angelita, gero arte baizik.

Kitxu Algortara ekarriko dute

Ostegun gauean hil zen Angela Casal Tubet Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" euskal preso politikoaren ama, gaixotasun luze baten ondorioz. Hain zuzen ere, gaur, larunbata, Algortako Etorbideko 69 zenbakiko (Txeli tabernatik gertu) Sarria tanatoriora ekarriko dute gatibu itzubaltzetarra, bertoko Herrira bilguneak jakinarazi duenez. Hartara, goizeko 8:30ean jarri dute hitzordua Kitxuri harrera egiteko, "une latz hauetan, lagun eta auzokideon elkartasun eta berotasuna sentitu dezan". Hileta elizkizunak astelehenean, abenduak 24, izango dira, 18:00etan, Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizan. "18 urtez, Kitxuk pairatutako espetxe zigorraz gain, sakabanaketaren biktima izan da Angela. Zoritzarrez, semea ikusi gabe joan zaigu", salatu du Itzubaltzetako Herrirak. Gauzak horrela, une samin hauetan, senide eta gertuko guztiei babesa eta berotasuna adierazi die preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko eragileak; eta horrela jokatzera deitu ditu herritar guztiak.

Agurrik ez, Angelita, gero arte baizik.