Showing posts with label auzitegi nazionala. Show all posts
Showing posts with label auzitegi nazionala. Show all posts

2013/10/03

Kalean dira Oskar Sanchez eta beste 13 atxilotu

BVqAKT6IgAATmmK

Argazkian, Roberto Noval zigarro bat askatasunean gozatzen, atzean Oskar Sanchezek bere amarekin hitz egiten duen bitartean / © Bilboko Sortu.

Oskar Sanchez 24 urteko itzubaltzetarra, dagoeneko kalean da, lagun eta senideekin, Ukberri.net agerkariak baieztatu duenez. Berarekin batera, Roberto Noval eta Herriraren aurkako sarekadan atxilo hartutako beste 12 pertsona kalean utzi ditu Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Aretoko epaileak, 15:15ak aldera. Haietako lauri askatasun baldintzatua emateko 20.000 euroko fidantza bana ezarri die. Auzitegiko iturrien arabera, Jon Garai, Nagore Garcia, Manu Ugartemendia eta Jesus Mari Aldunberri lirateke horiek, nahiz eta abokatuek baieztatzerik izan ez duten. 14 lagunek hamabostero sinatu beharko dute, ezin izango dute Estatu espainoletik irten, pasaportea kendu egingo diete eta debekatu diete "ETAko presoak kontrolatzeko zein terrorismoa goratzeko jardueretan parte hartzea". Guztiak auziperatu ditu Velascok, erakunde armatuko kideak izan, finantziazio ilegala burutu eta terrorismoa goratu dutelakoan. 

Deklarazioak goizeko 9:30ean ziren hastekoak, baina Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak beranduago galdekatzen hasi da eta 18 atxilotuetatik 14 hartu ditu bazkaltzeko etenaldia egin arte. Atxilotuen senide, lagun eta auzokideekin batera, Amaiurreko diputatuak izan dira auzitegiaren aurrean, zain. Sanchez eta galdekatutako beste kide guztiek ukatu egin dituzte euren aurkako akusazioak. Itzubaltzetarra, Eneko Ibarguren, Imanol Karrera eta Ekain Zubizarretaren kasuetan Miguel Angel Carballo fiskalak berak aske uzteko eskatu du. Epaileak atxilotuetako hamar libre uztea erabaki du azkenean, eta beste lauri bermea jarri die. Ibon Meñika, Ane Zelaia, Gorka Gonzalez eta Jose Antonio Fernandez 17:00etatik aurrera eroango dituzte epailearen aurrera. Velascok talde armatuko kideak izatea, talde armatua finantzatzea eta terrorismoaren goratzea leporatu zien Herrirako kideei. Erakundearen jardueren etena berretsi du epaileak. Epaileak Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna erakunde ilegalizatuen jarraipentzat jo du Herrira mugimendua.

Auziaren sekretua atzo bertan behera utzi ostean, eta atxilotuak komunikazio egoeran egonda, abokatuak izan dira auziperatuekin galdeketetan. Atzo eta herenegun ere, Guardia Zibilaren Tres Cantos komisarian izan ziren. Orduan deklaratzeari uko egin ziotenHerrirako kide guztiek, trato "zuzena" jaso zutenek. Bitartean, Uribe Kostan eta Euskal Herrian jarraitzen dute atxilotuen, Herriraren eta euskal presoen aldeko mobilizazioek.

Aiert Larrarte abokatuak zabaldu zuenez, atxilotuak "ongi, atseden hartuta eta lasai" izan dira. Oskar Sanchez Setien 24 urteko abokatu itzubaltzetarra astelehenean goizeko 10:30ak aldera atxilotu zuten Hernanin, Herrirak bertan duen bulegoan, bilera batean. Gauera arte han izan zuten, guardia zibilek lokala miatzen zuten bitartean. Egun horretako iluntzean, 620 lagunek eskatu zuten Sanchezen askatasuna Itzubaltzeta / Romon. Sopelan, Altzagan eta Astrabuduan ere mobilizazioak izan ziren, 70, 60 eta 25 pertsona batu zirela. Asteartean, berriro ere Itzubaltzeta / Romon, 400 lagun batu ziren eta atzo beste 300. gaur ere manifestazioa izango da 20:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazatik.

Mobilizazioak:

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek Herrira herri-mugimenduaren aurkako operazio judizial, polizial eta mediatikoa arbuiatzeko eta, gaurdaino bezala, Herrirarekin izandako harremanei eutsiko dietela jakinarazteko agerraldia eman zuten atzo. Prentsaurrekoan mobilizazio bateratuak iragarri zituzten ostiral honetarako, urriak 4, eguerdiko 12etan lantoki eta herrietan. Horrenbestez, eskualdean, Erandio, Getxo zein Sopelako udaletxeen aurrean; eta Leioako Bulebarrean egingo dituzte ordu erdiko kontzentrazioak, Eskumaldeko LABek zehaztu duenez. Gainera arratsalderako zenbait mobilizazio izango dira eskualdean. Era berean larunbaterako deituta dagoen nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute: 17:30ean abiatuko da martxa, Bilboko Casillatik.

Deialdi batzuk

Osteguna, urriak 3

· Itzubaltzeta / Romo. Manifestazioa, 20:00etan, Kolas plazatik.

· Madril. Elkarretaratzea, 20:00etan, Puerta del Sol delakoan.

Ostirala, urriak 4

· Leioa. Elkarretaratzea, 12:00etan, Boulevard-ean.

· Neguri. Elkarretaratzea, 12:00etan, Udaletxearen aurrean.

· Sopela. Elkarretaratzea, 12:00etan, Udaletxearen aurrean.

· Erandio. Elkarretaratzea, 12:00etan, Udaletxearen aurrean.

· Itzubaltzeta / Romo. Mobilizazioa, 20:00etan, Kolas plazan.

· Leioa. Manifestazioa, 20:00etan, Boulevard-etik.

· Algorta. manifestazioa, 20:00etan, Telletxetik.

Larunbata, urriak 5

· Itzubaltzeta / Romo. Jende katea, 13:00etan, Kolas plazatik.

· Bilbo. Nazio manifestazioa, 17:30ean, Casillatik.

2013/04/17

Jon Rosales algortarra absolbitu egin dute

Argazkian, epaiketa salatzeko manifestazioa Telletxetik abiatzen / cc-by Ukberri.net.

Jon Rosales Palenzuela gaztea urtarrilaren bukaera eta otsailaren hasiera artean epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste zortzi euskal herritarrekin batera, "ETAri laguntza ematea" egotzita. Algortarrarentzat 10 urteko espetxe zigorra eskatzen zuten. Bada, atzo, "El Correo Español" egunkariak zabaldu zuenez, Rosales absolbitu egin dute; baita Adur Aristegi Aragón eta Juan María Maizcurrena Urquizu ere. Ibai Beobide Arza eta Xavier Atristain Gorosabeli, ordea, 20 eta 17 urtetako espetxe zigorra ezarri diete, "ETAko kide izan eta lehergaiak ezkutatzea" egotzita. Azkenik, beste lau euskal herritarreri 7 urte eta erdiko espetxe zigorra jarri diete, "ETAri laguntza eman izana" leporatuta. Algortako bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere sumario berean prozesatuta zegoen. Baina, ez zen epaitua izango gaur egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako; bere herritik ehunka kilometrotara.

2013/04/03

Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeran Goikoetxea eta Cotanoren absoluzioa berretsi dute

Argazkian, "Epaiketa politikorik ez. Utzi bakean Euskal Herria" lelopean, 80 lagun inguru elkartu ziren apirilaren 12an arratsaldean Algortako Telletxe plazan, epaiketa salatzeko / cc-by Ukberri.net

Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarra eta Aitor Cotano Sinde gatibu algortarraren absoluzioa berretsi egin du Espainiako Auzitegi Gorenak, Fiskaltzak jarritako helegitea atzera botaz. Atzo eman zuten ezagutzera sententzia. Arkaitz eta Cotano absolbitu egin zituen 2012ko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko 4. salak; tribunalaren ustez, "ez dagoelako akusatuen parte hartzea froga dezakeen oinarririk". Fiskalaren arabera, ordea, berak eskatutako frogek berretsi egingo lukete Cotanok egindako aitorpena. "Cotanok esan zuen Goikoetxea zela taldearen arduraduna eta berak eman zizkiela lehergailuak taldeko kideei; ondoren, hainbat kidek —Asier Borrero algortarra tartean— eta Cotanok berak lehergailuak jarri zituztela epaitegian", aipatu iturrien arabera. Epaiketan, ordea, bere aurkako froga bakarra, Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta zegoela egindako adierazpenak zirela onartu zuen tribunalak berak. Fiskaltzak 44 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen bakoitzarentzat.

Fiskalak aipatzen zuen froga zera zen: lehergailu gisa erabili zuten eltze batean aztarna bat topatu zutela, eta Borrerori dagokiola. Borrero momentu horretan ez zegoen epaituen artean, eta Auzitegi Nazionalak ez zuen froga hori onartu, defentsaren eskariz, argudiatu zuelako froga horrek ez ziela eragiten une horretan epaituak izaten ari zirenei.

Arkaitz eta Cotano askatu!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/02/21

Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeragatik Arkaitz eta Cotano berriro epaitzeko eskatu du Auzitegi Goreneko fiskalak

Argazkian, "Epaiketa politikorik ez. Utzi bakean Euskal Herria" lelopean, 80 lagun inguru elkartu ziren 2012ko apirilaren 12an arratsaldean Algortako Telletxe plazan, epaiketa salatzeko / cc-by ukberri.net

Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarra eta Aitor Cotano Sinde gatibu algortarra berriz epaitzeko eskatu zuen, atzo (asteazkena) egindako bistan, Espainiako Auzitegi Goreneko fiskalak, EFE albiste agentziak zabaldu duenez. Biak ala biak absolbitu egin zituen 2012ko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko 4. salak; tribunalaren ustez, "ez dagoelako akusatuen parte hartzea froga dezakeen oinarririk". Fiskalaren arabera, ordea, berak eskatutako frogek berretsi egingo lukete Cotanok egindako aitorpena. "Cotanok esan zuen Goikoetxea zela taldearen arduraduna eta berak eman zizkiela lehergailuak taldeko kideei; ondoren, hainbat kidek —Asier Borrero algortarra tartean— eta Cotanok berak lehergailuak jarri zituztela epaitegian", aipatu iturrien arabera. Epaiketan, ordea, bere aurkako froga bakarra, Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta zegoela egindako adierazpenak zirela onartu zuen tribunalak berak. Fiskaltzak 44 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen bakoitzarentzat.

Fiskalak aipatzen duen froga zera da: lehergailu gisa erabili zuten eltze batean aztarna bat topatu zutela, eta Borrerori dagokiola. Borrero momentu horretan ez zegoen epaituen artean, eta Auzitegi Nazionalak ez zuen froga hori onartu, defentsaren eskariz, argudiatu zuelako froga horrek ez ziela eragiten une horretan epaituak izaten ari zirenei. 

Arkaitz eta Cotano askatu!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/02/18

Auzitegi Nazionalean epaitutako hiru erandioztarrak absolbitu dituzte

Argazkian, Madrilen epaitu zituzten hiru erandioztarrei babesa agertzeko manifestazioa / cc-by Ukberri.net

Jose Angel Torre "Txantxel" eta Mikel Urriz Hegoalde kultur elkarteko zuzendaritzako partaideak eta Iñaki Doñabeitia Erandioko Altzaga auzoko Jai Batzordeko kidea absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Areto Penaleko Bigarren Atalak, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Hilaren 5ean epaitu zituzten hirurak, 2011ko Erandioko San Agustin jaietako liburuxkan Hegoalde kultur elkarteak ipinitako iragarkiagatik. Grande Marlaska epaile instruktoreak eta fiskalak urte eta erdiz mantendu dute Ekin erakunde ilegalizatuaren kidea zelakoan preso prebentibo zegoen Erika Bilbaoren argazkia, "Erika maite zaitugu" testua eta Arrano Beltz bat agertzea nahikoa zela akusatuei "terrorismoaren goratze" delitua leporatzeko. Aretoko epaileak, berriz, bi aste baino gutxiago behar izan du aipatutako usteak ustel utzi eta teoria hori suntsitzeko. Gauzak horrela, epaileak ez du ustezko delituan akusatuen egiletza frogatutzat jotzen eta, are garrantzitsuena dena, ez du Hegoalde elkartearen iragarkian delitu frogarik ikusten. Jose Angel Torre "Txantxel" Hegoaldeko presidenteordeak Ukberri.neti adierazi dionez, sententziak ukatu egiten du preso baten argazkia plazaratze hutsa "terrorismoaren goratzea" denik.

2013/02/06

Fiskalak ez du argudio nahikorik eman Erandioko hiru lagunak erruztatzeko

Argazkian, auzotarrek babesa agertu zieten ostiralean Madrilen epaitu dituzten hiru erandioztarrei / cc-by Ukberri.net

Aretoan 40 bat lagun zituztela, Erandioko hiru auzokide epaitu zituzten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilgo San Fernando de Henares herriko pabiloietako batean, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Auzia 2011ko Erandioko San Agustin jaietako liburuxkan Hegoalde kultur elkarteak ipinitako iragarkiagatik abiatu zuten. Iragarki horretan, Ekin erakunde politiko ilegalizatutako kidea izatea leporatu zioten, Hegoaldeko bi bazkideren alaba den eta egun kalean dagoen Erika Bilbao preso politiko erandioztarraren argazkia agertzen zen, eta arrano beltzaren logotipoa. Hori "terrorismoaren goratzea" delakoan, 18 hilabeteko kartzela zigorra eta 8 urteko inhabilitazioa ezarri nahi diete, Iñaki Duñabeitia Erandioko Altzaga auzoko Jai Batzordeko presidenteari iragarkia ez zentsuratzeagatik eta Jose Angel Torre "Txantxel" eta Mikel Urriz Hegoalde Kultur elkarteko zuzendaritza kideei iragarkiaren erantzule gisa. Dena den, Nafarroako diputazioko fatxadan ere agertzen den Arrano Beltzaren esanahia gora eta behera, fiskalak eta bere lekukoek ez zuten argudio nahikorik eman hiru erandioztarrek delitua egin zutenik frogatzeko. Are gehiago, Erika Bilbao kalean eta epaitzeke dagoela gogoratu zuen Kepa Landa abokatuak, "terroristatzat" jo ez duten pertsona bat nola goratu daitekeen azpimarratzeko.

Presoen argazkiengatik epaitutako itzubaltzetarrak absolbitu dituzte

Argazkian, abenduaren 9an auziperatu itzubaltzetarren alde egindako manifestazioa / cc-by Ukberri.net

Josu Iturburu Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteko presidente eta Jagoba Agirre herri bereko jai batzordeko presidente ohia absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, Ukberri.net agerkari digitalak herenegun zabaldu duenez. Biak pasa den abenduaren 10ean epaitu zituzten, 2011ko jai-liburuxkan argitaratutako iragarki batean agertzen ziren bi euskal preso politikoren argazkiengatik. "Terrorismoaren goratzea" leporatuta, fiskalak 18 hilabete eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatu zuen akusatu bakoitzarentzat, baina epaiketan zehar ezin izan zuen frogatu ez iragarkia nork agindu zuen ezta helburua ETAko preso bat eta ustez Segiko kidea izateagatik atxilotutako gazte bat goratzea zenik. Akusatuek herenegun jaso zuten albistea baina oraindik ez dute epaia eskuratu. Halere, sentzentzia irmoa ez dela badakite, "fiskalak helegitea aurkezteko aukera baduelako", Agirrek Ukberri.net-i adierazi zionez.

2013/02/01

Asteazkenean jarraituko du Jon Rosalesen kontrako epaiketak

Argazkian, asteleheneko manifestazioa Telletxetik abiatzen / cc-by Ukberri.net

Astelehenean hasi zen Jon Rosales Palenzuela gaztearen eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta asteazkenera arte irautea espero zen. Egun horretan, Algortako Telletxe plazan iluntzeko batzar informatiboan bildutako 30 bat lagunei adierazi zietenez, ordea, asteartean 21:00ak arte luzatu zen bista eta prozesua gaur arte atzeratzea erabaki zuen Fernando Grande-Marlaska epaileak. Gaurkoan, berriz, 13:00etan eman du amaitutzat saioa magistratuak eta asteazkenean emango dio jarraipena, iluntzean Telletxen euskal preso eta iheslari politikoen alde bildutako 80 bat gizon-emakumeei jakinarazi dietenez. Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak hurrengo mobilizazioetara adi egotera deitu du. 

ETAri laguntza ematea egotzita, 10 urteko espetxe zigor eskaerari eskatzen dute Rosalesentzat, akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa dela. Herriko bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere inputatuta dago auzian, baina, momentuz, ez da epaitua izango egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako.  

Utzi Jon bakean!
Jone askatu!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/01/30

Ostiralera arte atzeratu dute Jon Rosalesen kontrako epaiketa

Argazkian, atzo 30 bat lagun elkartu ziren Getxoko udaletxe aurrean, osoko bilkura hasi aurretik / cc-by Ukberri.net

Astelehenean hasi zen Jon Rosales Palenzuela gaztearen eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta gaur arte irautea espero zen. Algortako Telletxe plazan iluntzeko batzar informatiboan bildutako 30 bat lagunei adierazi dietenez, ordea, atzo 21:00ak arte luzatu zen bista eta prozesua ostiralera arte atzeratzea erabaki zuen Fernando Grande-Marlaska epaileak. Gauzak horrela, aipatu egunerako mobilizazioa deitu dute 20:00etan, Telletxen bertan. ETAri laguntza ematea egotzita, 10 urteko espetxe zigor eskaerari eskatzen dute Rosalesentzat, akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa dela. Herriko bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere inputatuta dago auzian, baina, momentuz, ez da epaitua izango egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako.

Jon Rosales Palenzuela algortarraren eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketaren inguruan Getxoko Bilduk atzoko udal batzarrean aurkeztutako mozioari dagokionez, PPk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. EAJ, berriz, abstenitu egin zen, koalizio ezkertiarrak jelkideek aurkeztutako zeharkako emendakina atzera bota ostean. Osoko bilkura hasi baino lehen, 30 bat gizon-emakumek egin zuten elkarretaratzea udaletxe aurrean. Galde-eskaera txandan, berriz, Rosalesen amak zuzeneko interpelazioa egin zion Imanol Landa alkateari.

2013/01/28

Jon Rosalesen kontrako epaiketa salatu dute ehun lagunek Algortan

Argazkian, gaurko manifestazioa Telletxetik abiatzen / cc-by Ukberri.net

Jon Rosales Palenzuela gaztearen eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa hasi da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. ETAri laguntza ematea egotzita, 10 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar izango dio algortarrak, akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa dela. Hain zuzen ere, epaiketa arbuiatzeko, ehun bat gizon-emakumek egin dute manifestazioa gaur iluntzean herriko kaleetan zehar. Mobilizazioa hasi aurretik azaldu dutenez, "lasai" deklaratu dute akusatu guztiek, Algortako bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra izan ezik; bera ere inputatua egon arren, momentuz, ez delako epaitua izango egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako. Horretaz gain, atxiloketetan parte hartu zuten guardia zibilek ere deklaratu dute, "atzeman zizkietenak" zerrendatuz. Biharko, udaletxe aurrean deitu du elkarretaratzea, 16:30ean, Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak. Izan ere, 17:00etan hasiko da urtarrileko ohiko osoko bilkura. Batetik, Getxoko Bilduk Rosalesen epaiketaren inguruko mozioa aurkeztu du; eta Algortako preso baten senideak interpelazio zuzena egingo dio Imanol Landa alkateari, galde-eskeen txandan. 

2013/01/23

Jon Rosales epaituko dute datorren astean Auzitegi Nazionalean

Argazkian, 2012ko martxoaren 23an egin zioten ongi etorria Rosalesi Algortan.

Jon Rosales Palenzuela gaztea urtarrilaren 28, 29 eta 30ean epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste zortzi euskal herritarrekin batera, ETAri laguntza ematea egotzita. Algortarrak 10 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar izango dio, Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak zabaldu duenez. Akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa da. Algortako bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere sumario berean prozesatuta dago. Baina, momentuz, ez da epaitua izango gaur egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako; bere herritik ehunka kilometrotara.

Epaiketa salatzeko hainbat mobilizazio deitu ditu Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak:

Urtarrilak 28, astelehena
19:30 Manifestazioa Telletxen.

Urtarrilak 29, asteartea
Irakurketa eta kontzentrazioa udaletxean.
Egun horretan da udal osoko bilkura, 17:00etan.

Urtarrilak 30, asteazkena
19:30 Manifestazioa (mobilizazio informatiboa) Telletxen.

2012/12/10

Fiskalak ez du Itzubaltzetako auziperatuen aurkako frogarik aurkeztu

Iturria: Ukberri.net
Argazkian, atzo, igandean, 200 auzokide baino gehiago kaleratu ziren Agirre eta Iturbururi bere elkartasuna adierazteko.

Josu Iturburu Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteko presidente eta Jagoba Agirre herri bereko jai batzordeko presidente ohiaren aurkako epaiketa burutu da gaur goizean Espainiako Auzitegi Nazionalean. Aretoko Penaleko Bigarren Atalean egindako bistan, fiskala ez da gauza izan bi auziperatuei leporatzen zien terrorismoaren goratze delitua ez zituen frogetan oinarritzeko. Izan ere, Kepa Landa eta Jone Goirizelaia hurrenez hurren jai batzordearen eta Brankaren abokatuek azaldu dutenez, Agirre eta Iturburu beren elkarteko presidenteak izan zirela besterik ez du argi utzi fiskalak. Haien ustez, ez du frogatu jai-liburuxkan argitaratutako bi euskal presoren argazkiak argitaratzeko erabakia nork hartu zuen, ezta erabaki horren atzetik zegoen motibazioa horiek goratzea zenik ere. Horregatik biek absoluzioa eskatu dute. Halere, fiskalak eutsi dio bere iritziari eta ez du akusazioa bertan behera laga, Iturburu eta Agirreren aurkako 18 hileko zigor eskaera mantendu duela. Epaia hilabete baten epean espero dute. 

2012/11/24

Herrira: "Formula zaharrek ez dute balio bakearen ekuazioa argitzeko"

Herrirak Espainiako Audientzia Nazionalak hartutako erabakia salatu nahi du. Izan ere, beste behin 197/2006 doktrinaren aplikazioari argi berdea eman eta zigorra beteta duten 24 euskal preso politiko espetxean mantentzea erabaki baitu. Euren artean, Ines del Rio dago nahiz eta uztailean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bere askatasunaren aldeko epaia kaleratu. 

Erabaki honen bitartez, Espainiar Estatua giza eskubideak urratu eta denbora galtzen ari da. Soluzioen garaia da, bake justu baten aldeko apostua egiteko unea da eta eskubide guztiak errespetatuak izateko zubiak eraikitzeko momentua da. Eta berau, erabat inkonpatiblea da milaka herritarren eskubideak urratzen dituzten salbuespeneko neurriak indarrean mantentzearekin. 

Formula zaharrek ez dute balio bakearen ekuazioa argitzeko. Horiek horrela, Espainia eta Frantziako gobernuek arduraz jokatu behar dute eta definitiboki konponbide prozesuari positiboki erantzun behar diote. Bide horretan, ezinbestekoa da indarrean dagoen espetxe politikaren aldaketa, 197/2006 doktrinaren aplikazioa errefusatzea eta zigorra bete duten presoak askatzea. Urrats positibo hauek emateak euskal jendartearen gehiengo erraldoi batek desiratzen duen bake iraunkor, justu eta definitibora heltzeko denborak laburtzea ekarriko luke. 

Azkenik, Espainiar Estatutik Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ingurura iristen ari diren presioak ezagutu arren, Europako instituzioek giza eskubideen errespetuari bultzada ematen jarraituko dutelaren konfidantza adierazi nahi dugu. 

Euskal jendartearen gehiengo zabal batek argi dauka. Bakea guztion artean eraiki behar da, era bateratu eta transbertsalean. Horretarako, ezinbestekoa izango da espetxe politikaren aldaketaren aldeko akordio sozial zabala eraikitzea. Adostasun zabal horren irudikapena gauzatzeko lehen erronketariko bat, datorren urtarrilaren 12an Herrirak deitutako Herri Mobilizazio Orokorra izango da. 

Eskerrik asko

Herrira

2012/11/23

Auzitegi Nazionalak ez du aztertu ere egin Estrasburgoren ebazpena

Iturria: Berria.info

Hogeita lau euskal presori "Parot doktrina" ezartzea berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Erabakia hartu duten epaileek aztertu gabe utzi dute Europako Giza Eskubideen Epaitegiak 'Parot doktrinaren' aurka kaleratutako ebazpena.

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu 24 euskal presok 'Parot doktrina' ezarri izanaren aurka aurkeztutako helegiteak. Epaileek argudiatu dute horietako kasu batzuk Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain daudela oraindik eta beste batzuei lehen ere bota zietela atzera babes helegitea. Gainontzekoek, berriz, ez dituzte beharrezko baldintzak betetzen, Auzitegi Nazionalaren arabera.

Zigorra berretsi dietenen artean dago Ines del Rio presoa; kasu horretan, Auzitegi Nazionaleko epaileek diote lehen ere ukatu zitzaiola helegitea. Hain zuzen, joan den uztailean Parot doktrinaren aurkako ebazpena kaleratu zuen Estrasburgoko Auzitegiak, Del Rioren kasua oinarri hartuta. Del Rio aske uzteko eskatu zion Espainiari, baina hark ez zuen ebazpena bete, eta helegitea aurkeztu zuen joan den urriaren 4an.

2012/11/06

Preso gaixoen alde Sopelan onartutako mozioa ikertzea agindu du Urquijok

Iturria: cc-by Ukberri.net
 
Argazkian, Getxoko Udalbatzak ere preso gaixoen aldeko mozioa onartu zuen urriaren 30ean EAJren babesaz, Bilduk jeltzaleek aurkeztutako zeharkako zuzenketa onartu ostean.

Sopelako Udalbatzak pasa den asteazkenean onartu zuen preso gaixoen aldeko adierazpena igorri dio gaur Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak Auzitegi Nazionaleko fiskal buruari, iker dezan. Mozio hartan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru euskal presoentzat baldintzapeko askatasuna eskatu zuen Sopelako udal bilkurak. Europa Press albiste-agentziak zabaldu duenez, presoen giza-eskubideen aldeko testua "delitua izan daitekeelakoan" bidali du Madrilera Urquijok. Era berean, popularraren ustez, "terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko, babesteko eta erreparazioa emateko legeak" urratu ditzake aipatu adierazpenak, "indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginaz", Madrilgo Gobernuari "urrats errealak emateko deia" egiten diona, "nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuaz". Sopelako Udalak berak agertu zuen testua Madrilera bidaltzeko asmoa baina Auzitegi Nazionalera beharrean, Madrilgo Barne Ministeriora eta Kartzela Zaintzako epaileari. 

2012/10/11

Herrira: “Espainiako Gobernuari bizi osorako doktrina derogatzea baino ez zaio gelditzen”

Espainiako Auzitegi Nazionalak Oscar Abad eta Itziar Martinez euskal presoak aske uztea erabaki du. 15 presoren helegiteak atzera bota eta azaroaren 14ean aztertuko ditu gainontzeko errekurtsoak.

Herrira mugimenduak bere iritzia plazaratu nahi du Entzutegi Nazionalean egin duten osoko bilkuraz. Izan ere, Estraburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailaren 10ean eman zuen epaiaren ondorio praktikoez deliberatzen ari dira bertan magistratuak. Aipatutako epai horrek Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina legez kontrakoa zela dekretatu, eta Inés del Río euskal preso politikoa berehala aske utzi behar zela ebatzi zuen. 

Entzutegi Nazionaleko osoko bikurak zigorra beteta duten 15 euskal preso politikoen helegiteak ez onartzea oso larria da. Izan ere, preso hauei Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duen doktrina bat aplikatu baitzaie. 

Herriraren aburuz, Espainiako justiziak eta gobernuak berak ez dute oraindik ontzat hartu Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia, are gehiago, aurrera jo, ustez denbora irabazi eta epeak luzatzeko hautua egin dute. Tematuta daude ankerkeria eta mendekuzko politikak egiten, bake prozesua geldiarazi nahian eta legeak nahi erara bihurritzen dituzte zigor osoa betea duten 65 pertsonak espetxean mantentzeko. 

2012/10/10

Herrirak Ines del Rioren berehalako askatasuna eskatu du

Espainiako Entzutegi Nazionala Ines del Rioren kasu aztertzen ari da.

Audientzia Nazionala Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren kasuan kaleratutako epaia aztertzen ari da. Honen aurrean, beste behin ere, Herrirak Tafallako presoaren berehalako askatasuna eskatzen du.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duela adierazi zuen. Hiru hilabete pasa dira Estrasburgok epaia kaleratu zuenetik eta Ines del Rio eta 197/2006 doktrina aplikatuta duten 66 euskal presoen oinarrizko eskubideak urratzen ari dira. Egoera hau ezin da luzaroan mantendu, giza eskubideak urratu, sufrimendua, oinazea eta tragedia besterik ekartzen ez dutelako.

Auzitegi Nazionalak gaur segituko du Europak 'Parot doktrinaz' emandako ebazpena aztertzen

Iturria: Berria.info

Estrasburgok bidegabetzat jo zuen Espainiako Justiziak Ines del Riori zigorra luzatu izana. Presoa askatu edo ez ebatzi beharko dute hemezortzi epailek, osoko bilkuran.

Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur ekingo dio berriro Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaz emandako kontrako epaia aztertzeari. Irailaren 20an hasi zen horretan, baina gaur arte atzeratzea erabaki zuen. 16:30ean hasiko da saioa, eta zigor aretoko osoko bilkurako hemezortzi epaileek erabakiko dute Del Rio askatu edo ez.

197/2006 epaiari jarraituta Espainiako Justiziak Ines del Rio Prada euskal presoari luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen uztailaren 10ean Estrasburgok. Aske uzteko eskatu zuen Europak, eta Del Riori 30.000 euroko kalte ordaina emateko. Ebazpena aplikatzea galdegin zuten Del Rioren abokatuek. Aukera horren kontra agertu zen Auzitegi Nazionaleko fiskala; argudiatu zuen epaiak ez duela Espainia behartzen.

Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Auzitegi Nazionalak, aipatutako doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta.


2012/09/20

Auzitegi Nazionalak urriaren 10ean segituko du Europak 'Parot doktrinaz' emandako ebazpena aztertzen

Iturria: Berria.info

Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur ekin dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrinaz' emandako kontrako epaia aztertzeari, baina gaur ez du erabakirik hartuko, auzitegiko iturriek eguerdian jakinarazi dutenez. Urriaren 10era atzeratu du gaiari buruzko saioa.

197/2006 doktrina jarraituta Espainiako Justiziak Ines del Rio Prada euskal presoari luzatutako zigorra bidegabe jo zuen uztailean Estrasburgok. Aske uzteko eta Del Riori 30.000 euroko kalte ordaina emateko eskatu zuen Europak. Ebazpena aplikatzea galdegin zuten Del Rioren abokatuek, baina aukera horren kontra agertu zen Auzitegi Nazionaleko fiskala; argudiatu zuen epaiak ez zuela Espainia behartzen.

Gainera, Espainiako legediak ez du aipatzen zein organok duen Estrasburgotik heldutako ebazpen bat betearazteko ardura. Azkenean, Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak eraman du erabakia osoko bilkurara, eta hemezortzi epailek erabaki beharko dute Del Rio askatu edo ez. Edonola ere, Espainiako Gobernuak hilabete honetan aurkeztuko du Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiari jarriko dion helegitea.

2012/09/19

Auzitegi Nazionalak autoan dio Uribetxeberria "epe motzera hiltzeko arriskua nabarmena" dela

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Aurreneko Zigor Salak hilaren 12an erabaki zuen Josu Uribetxebarria euskal presoa baldintzapean aske uztea, eta autoa gaur plazaratu du. Fiskaltzaren helegitea atzera botatzeko arrazoietan, zigor salak dio "nabarmena" dela Uribetxebarriak gaixotasun larria eta sendaezina duela eta, legedia betez, libre utzi beharrean zirela "arrazoi humanitarioengatik eta pertsonen duintasunerako eskubideagatik", Berria.info agerkariak aurreratu duenez

Fiskaltzak esaten zuen presoa ez dagoela hiltzorian, baina Auzitegi Nazionaleko epaileek autoan diote "epe motzera hiltzeko arriskua nabarmena" dela, medikuen txostenek azaldu bezala. Txostenek diote Uribetxebarriak minbizia duela giltzurrunean eta metastasiak dituela buruan. Gaixotasunak ez du atzera bueltarik.


Irakurri autoa (pdf)