Showing posts with label baiona. Show all posts
Showing posts with label baiona. Show all posts

2013/06/12

Bi uribekostar izango ditu iheslari politikoen mintzakidetza taldeak

Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14 solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14 ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta) eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian, errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba) eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.

2013/03/21

Algortako preso eta iheslari politikoak ere Korrika!

Jakin badakizuenez bihar helduko zaigu Algortara Korrika. Algortako Herrira bilguneak ere kilometro erdia badauka, metro geltoki paretik Amnistia tabernaraino. 14:22 inguruan hartuko dugu lekukoa. Gauzak horrela, 13:45ean jarri dugu hitzordua Amnistia tabernan, guztia prestatu eta metro geltoki ingurura abiatzeko.

Etorri gurekin euskal preso eta iheslari politikoei euskara ematera!

2013/03/13

Korrika 18: Eman euskara preso eta iheslariei!

"Eman euskara elkarri" lelopean,  bihar abiatuko da aurtengo Korrika, hemezortzigarrena, Andoaineko Martin Ugalde kultur parketik, 16:30ean; hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren hilaren 24an Baionan amaitzeko. Algortara, hilaren 22an, ostirala, helduko da Korrika, 14:00 aldera. Herri, hiri, auzo, bailara edo eskualdetik pasatzerakoan, euskal preso eta iheslari politikoei euskara ematera deitu du Herrira mugimenduak.

Korrikaren ordutegiak Uribe Kosta eta Erandion:

Erandio udalerritik birritan igaroko da Korrika. Batetik, martxoaren 21ean, osteguna, Sondikatik helduko da 17:10 pasatxo Asuara, San Inazio (Bilbo) aldera egiteko 17:35 inguruan. Hurrengo egunean, hilaren 22an, ostiralarekin, berriro Erandion (Altzagan) sartu 12:15ean itsasadarra zeharkatuta eta Leioa, Itzubaltzeta / Romo, Algorta, Berango, Sopela, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Urduliz zeharkatuko ditu euskararen aldeko lasterketak. 17:35 inguruan joango zaigu, Laukizera bidean. 
  
Martxoak 21, osteguna

Erandio (Asua) 17:13

Martxoak 22, ostirala

Erandio (Altzaga) 12:15
Leioa 13:01
Erromo 13:33
Algorta 14:00
Berango 14:55
Sopela 15:16
Barrika 15:54
Plentzia 16:18
Gorliz 16:42
Urduliz 17:15 


2012/11/11

Orain, Parisen txanda da!



Jende uholdeak euskal preso eta iheslariak etxeratu eta bakera hurbiltzeko urrats garrantzitsua eman zuen atzo Baionan. Orain, Parisen txanda da.

Baionako karrikek gainezka egin dute presoen eskubideen alde

Iturria: Berria.info
Argazkian, preso eta iheslarien aldeko manifestazioa ireki duen pankarta. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)

Hamabost mila lagunek bat egin dute Herrira-ren deialdiarekin; kolore orotako alderdi, sindikatu eta eragileak bildu dira

Manifestaldiaren burua San Andres plazan zen azken manifestariak abiatu zirelarik
Euria barra-barra egin arren, Baionako karrikak euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko uholde bihurtu ziren atzo. Eguraldiak ebatsi zuen giroa jendeak eraiki zuen, presoen aldeko etengabeko oihuekin. "Historiko" hitzak zentzu lausoa ukan dezake, baina Ipar Euskal Herrian presoen eta iheslarien alde sekula izan den manifestaziorik handiena izan zen atzokoa. Ipar Euskal Herriko bertso finala izanik, manifestazioa tenorez abiatu zen Euskaldunen Plazatik.

2012/11/10

"Bakera urratsa" egiteko manifestazioa Baionan

Iturria: Berria.info

15:30ean ekingo diote martxari, Euskaldunen Plazatik, euskal presoen eskubideen alde egiteko, Herrira-k antolatuta. Atxikimendu asko eta askotarikoak jaso ditu.

Gaur Baionan (15:30, Euskaldunen Plaza) euskal presoen eskubideen alde izango den manifestazioa jendetsua izango den esperantza du Herrira mugimendiak, eta "euskal preso politikoak beren eskubideen jabe izan daitezen urrats berri bat" izango dela. "Hurbildu bakera" lelopean egingo dute protesta, eta jasotako atxikimendu ugari eta askotarikoak dira babesaren adierazgarri. Izan ere, babesetako batzuk ez dira sekula halako aldarrietara batu.

2012/11/08

Baionara joateko azken deialdia egin du Herrira mugimenduak

Herrira mugimenduak larunbatean Baionako karriketan antolatu duen manifestazio nazionalera joateko azken deia burutu du gaur Bilbon egindako agerraldi publiko batetan. Bertan, Ane Zelaiak eta Nagore Garciak mobilizazioaren garrantziaz ohartarazi dute eta deialdiaren inguruan bildutako babesak destakatu dituzte. Historikoa izango den manifestazio baten aurrean gaude eta horrek Frantzia eta Espainiako Gobernuek indarrean mantentzen duten espetxe politika aldarazteko konpromiso berriak sustatu eta elkarlana areagotu behar du. Webgunean jarri dituzte larunbateko deialdiaren manifestua eta atxikimenduen zerrenda.

2012/11/07

Herrira: "Larunbateko manifestaldiak uste baino arrakasta haundiagoa lortuko du"

Hainbat arrazoin ditugu hori pentsatzeko;

- Lehena, azken urten hontan Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoari lotua da noski. Aieteko adierazpenak eta ETAk armak bertan behera uzteak begi onez ikusten dugun prozesu bat ezarri du abian.

- Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengoak, tendentzia guziak barne, gatazkaren konponbidearen alde lan egiten du zentzu osoz. Batzutan, horietarik batzuentzat, Frantzia mailako beren alderdiarekiko kontraesan garrantzitsuak soportatuz gainera. Hautetsi hauentzat, ezinbestekoa da preso eta iheslarien egoera konpontzea. Ezinbesteko urratsa, abian den bake prozesuan. 150 hautetsi dira baino gehiagik, heldu den larunbateko manifestaldirako deia izenpetu dutenak.

- Bestalde Atzo kontseilu orokorreko talde exekutiboa bildu da eta kontseiluko presidenteak gonbidatu ditu kideak manifan parte hartzeko.

- Euskal Herriko jendartea mobilizatzen da. Gatazkaren ondorioak lehen bait lehen tratatuak izan daitezen eskatzen du, bakea iraunkortu dadin. Azken asteetan, Herrirak, etengabeko sustengua jaso du elkarte eta pertsonengandik. Preso eta iheslarien gaiak ez zuen sekulan gisa hontako elkartasun uholdea eragin.

- Azkenik, arduragabekeria itzela erakusten duten Manuel Valls, Barne ministroaren azken adierazpenek eta Aurore Martinen egoerak, argi utzi dute jende askorengan, Euskal Herriak bizi duen defizit demokratikoa. Aktualitate honek prosezesuari ez dio aurrerapenik emaiten argi da . Azaroaren 10eko manifestaldia aukera paregabea izanen da herritar ainitzentzat, Parisko jaunttoei adierazteko marra gorria gainditua izan dela, eta bakeruntz hurbildu nahi dugula.

Herrirak oroitarazten du, manifestaldi honen aldarrikapena, preso eta iheslarien egoera plazaratzea izanen dela. Aldarrikapen horiek, gaur egungo eskubidea aplika dadin besterik ez dute eskatzen. Ez da beharrezkoa beste gastu publikorik sortzea edo gaia desbideratzea; Frantses eta espainiar estatuei eskatzen diegun gauza bakarra, beren legeak errespetatzea da! besterik ez!

2012/11/06

Laura Mintegi: "Ezinbestekoa da kalera ateratzea eta presoei dagozkien eskubideak exijitzea"

Iturria: Berria.info

Datorren larunbatean Baionan 'Hurbildu bakera' lelopean egingo den manifestazioari babesa eman nahi izan dio EH Bilduk gaur egindako agerraldian.

EH Bilduk babesa adierazi nahi izan dio larunbatean Baionan egingo den manifestazioari. Koalizioaren lehendakarigai Laura Mintegik azaldu du "denok urratsak egitea garrantzitsua" dela eta iragana "alboratu" beharra dagoela bakera heltzeko.

Urtebete igaro da Aieteko adierazpenetik eta ETAk borroka armatua utzi zuenetik, eta Frantzia eta Espainiako estatuek "presoen eskubide urraketak", "lege kanporatze mehatxuak", eta "Aurore Martinena moduko atxiloketak" egiten jarraitzen dutela salatu du Mintegik. Halere, adierazi du urte honetan "gauza asko" pasa direla; "indar guztiak batu" direla eta "aho-beteko erantzuna" eman dietela bi estatuei.

Mintegik uste du gizartean gero eta zabalduagoa dagoela presoen eskubideen aldeko iritzia, baina horri estatuek entzungor egiten dietela ere gaineratu du. "Horregatik, ezinbestekoa da kalera ateratzea, eta presoek izan behar dituzten eskubideak exijitzea", adierazi du. "Aukera paregabea dugu ekintza hauei erantzuna emateko".

Eskualdetik ere aterako dira Baionarako autobusak

Algortako autobusa goizeko 11etan aterako da Telletxetik. Izena emateko Amnistia tabernan.

Larunbat honetan, azaroak 10, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko nazio manifestazioa egingo du Baionan Herrira mugimenduak. Hitzordua 15:30ean jarri dute Euskaldunen plazan. Horrenbestez, Uribe Kosta eta Erandiotik ere hainbat autobus aterako dira larunbatean Baionara bidean. Besteak beste, ondoko tokietan eman daiteke izena: Algortako Amnistia tabernan, Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan, Leioako Kurkudi herriko tabernan, Urdulizko herriko tabernan... Eskualdeko autobusak 10:30ak eta 11:00ak artean aterako dira, herri bakoitzaren arabera. Informazio gehiago ohiko lekuetan eskura daiteke. Eskaera zehatzak egingo dituzte Baionako manifestazioan. Alde batetik, EPPK-ko preso guztiak Euskal Herrira ekartzea eskatuko dute, baita gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea ere. Era berean, bizi osoko kondenari bidea irekitzen dioten neurri guztien deuseztatzea exijituko dute, euskal preso politikoei ezartzen zaizkien neurri berezien deuseztatzea eskatuz.

2012/11/02

ELA ere Baionako manifestazioan izango da azaroaren 10ean

ELA-ren oharra:

ELAk bere afiliatuei dei egiten die datorren azaroaren 10ean Baionan frantses estatuari beste espetxe-politika bat galdatzeko egingo den manifestazioan parte har dezaten. Deialdian ehunka hautetsik eta hainbat erakunde sozial, sindikal eta politikok hartuko dute parte.

Gure sindikatuaren iritziz, zoritxarrez Frantziako espetxe-politika espainiar gobernuek egin izan dutenaren jarraipen itsua da. Hala gertatu da duela hainbat hamarkadatik hona sakabanatze politikarekin, eta are gogorrago PPk eta PSOEk 2000ko hamarkada hasieran sinatu zuten itun antiterroristaren ostean; aipatzekoa da Espainia eta Frantziako UGT, CCOO, CGT, CFDT, UNSA eta FO sindikatuek ere itunarekin bat egin zutela.

Aieteko Konferentzia egin zenetik eta ETAk borroka armatua behin betiko uzteko iragarpenetik urtebete igaro delarik, espainiar eta frantses estatuak lehengo jarrera gotorrari eusten diote. Alabaina, ELAk uste du elkarrizketa politikorako bideak urratu behar direla bizikidetzan ibilbide pertsonal eta kolektibo desberdinak bateratu ahal izateko eta gure herrian adiskidetzea eta normalizazioa irits ahal daitezen. Elkarrizketak ekarriko lukeen negoziazio baten bidez behin betiko bakea finkatuko litzateke, eta honek hain zuzen espetxe-politikan izango luke islada garrantzitsu bat.

Beraz, ELAk hautatu berria den Frantziako gobernuari eskatzen dio errotik alda dezala euskal preso politikoekiko daraman politika, eta espero du manifestazioa mugarria izatea gure herrian bakerantz egiten ari garen bidean.

ELAko zuzendaritza konfederalaren ordezkaritza batek deialdian parte hartuko du.

2012/10/30

Azaroaren 10ean Baionan egingo den manifestazioak bultzada itzela jaso du egunotan

Argazkian, Algortako autobusa goizeko 11etan abiatuko da Telletxetik.

Herrira mugimenduaren ustez azpimarratzekoa da azken asteotan Baionako deialdia jasotzen ari den babesa. Euskal Herri osoko eragile politiko, sindikal eta sozialek bat egin dute deialdiarekin, eta egunero berritzen ari dira manifestazioan parte hartzera animatu diren herritarren eta eragileen izenak.

Herriraren ustez azpimarratzekoa da orain arte aldarrikapen hauekin bat egin baina mobilizazioetara lotu ez diren hainbat eragilek eman duten urratsa. Zentzu honetan, Ipar Euskal Herriko EAJ alderdiak eta Hego Euskal Herriko Ezker Batuak emandako babesak erakusten du presoen giza eskubideen aldeko aldarrikapena indar berria biltzen ari dela.

Hemendik eta urtarrilaren 12a bitarte bide honetan sakontzeko ahalegina egingo dugu Herriratik, aldekotasun jarrera guztiak mobilizazio handi hauetan irudikatzeko.

2012/10/28

Frantziari espetxe politika aldatzeko eskatu dio Herrirak

Iturria: Berria.info

Frantziako Estatuak Bilbon duen Didier Ortolland kontsulari gutun bat helarazi zion ostiralean Herrira mugimenduak, herrialdeak espetxe politika alda dezala eskatzeko. Herrira-k dioenez, "behin betiko bakea gertuago" egongo litzateke euskal presoei buruzko bestelako politika egingo balu Frantziako Gobernuak ere.

Herrira-ren aldetik Roberto Noval sartu zen kontsulatu barrura. Ezin izan zuen Ortolland kontsularekin bildu, "berau bilduta ei zegoelako". Mugimenduak elkarretaratzea egin zuen kontsulatuaren atarian.

2012/10/25

EAJren Ipar Buru Batzarrak ere Baionako manifestaziora deituko du

Iturria: Berria.info

Prentsaurrekoa egin du gaur EAJren Ipar Buru Batzarrak, hauteskundeen emaitzen balorazioa aurkezteko. Dani Camblong Ipar Buru Batzarreko bozeramaileak jakinarazi duenez, Herrira-k Baionan eginen duen manifestaziora deituko du EAJk: "Bai, alderdi gisa deituko dugula uste dut".

Prentsaurrekoa egin du gaur EAJren Ipar Buru Batzarrak, hauteskundeen emaitzen balorazioa aurkezteko. Dani Camblong Ipar Buru Batzarreko bozeramaileak jakinarazi duenez, Herrira-k Baionan eginen duen manifestaziora deituko du EAJk: "Bai, alderdi gisa deituko dugula uste dut". Frantziako eta Espainiako estatuek normalizazio politiko eta zibilaren bidean urratsak egin behar dituztela azaldu du, eta gehitu du presoen gaia "premiazkoa" dela.

EAJk lortu emaitzak ikusirik, pozik agertu dira Ipar Buru Batzarraren ordezkariak. Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak "ongi finkatzeko" Urkullu "pisuzko aliatua" izango dela azaldu dute.

Eragile politiko, sindikal eta sozialek bat egin dute Baionako deialdiarekin

Argazkian, azaroaren 10ean Baionan egingo den manifestaziora joateko deia egin zuten atzo goizean Bilbon batu diren eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik.

Manifestua:

Azaroaren 10eko herri mobilizazioaren deia: Giza eskubide guztiak. Euskal Presoak Euskal Herrira!

Hamarkadetan luzatu den gatazkari konponbide justu bat eman eta denon artean bakea eraikitzeko aukera berriak zabaldu dira Euskal Herrian. Bide honetan bat egin dute azken hilabeteotan erakunde eta kolektibo ugarik gure herrian, eta helburu honetan aurrera egiteko bidelagun ditugu nazioarteko pertsona eta eragile ugari ere.

Gatazkaren oinarriak eta ondorioak konponduko dituen bidea da denon artean egin nahi duguna. Munduko beste hainbat herrialdetan bezala, gurean ere beharrezkoa izango da preso eta ihesean diren herritarren afera konpontzea.

Espainiar eta frantziar espetxeetan dauden euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzea berehala hartu beharreko neurria dela pentsatzen dugu.

Zentzu horretan, eta Aieteko Nazioarteko konferentzian (2011ko urriaren 17an) bildu adituen (*) aholkuei jarraituz, guk –mozio honen izenpetzaileek- 2012ko azaroaren 10ean Baionako karriketan manifestatzera dei egiten dugu, ondoko lehen aldarrikapenen inguruan;
  • Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzea.
  • Eritasun larriak dituzten presoen libratzea.
  • Bizi osorako espetxe zigorrera daramaten legeri berezien deuseztatzea, (Espainian 197/2006 doktrina eta perpetuite kondena Frantzian).
  • Zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak bete dituzten presoen libratzea, eta Frantzian baldintzapean askatuak izan daitezken presoen libratzea.
  • Isolamendu egoerekin bukatzea.
  • Euskal iheslari politikoen aurkako jazarpenarekin amaitzea.
Bai, iritsi zaigu garaia, Euskal Herriko hiritar orori, izan jatorri, ideia politiko edo erlijioso desberdinetako, bakearen eraikitzaile izateko ; hau da, Euskal Herrian bakea izan dadin sortzen ari den dinamika herrikoiaren aktore zuzenak izateko.

*Kofi Annan, ONUko idazkari orokor ohia eta bake nobel sariduna; Gerry Adams irlandarra, Sinn Fein-eko presidentea; Bertie Ahern, Irlandako lehen ministro ohia; Pierre Joxe, frantses barne ministro ohia; Gro Harlem Brundtland, norbegiar lehen ministro ohia; eta Jonathan Powell, Tony Blair-en kabinete buru ohia.

2012ko urria.

2012/10/23

Hainbat preso ohiek deitzen dute azaroaren 10eko manifara joateko

Hogeita hamar bat preso ohiek azaroaren 10eko manifara joateko deitzen dute, preso eta iheslarien giza eskubideen alde.

Hor dituzue izenpetu duten preso ohiek eta deialdiaren testua:

Kristiane ETXALUZ, Saroia GALARRAGA, Filipe LESGOURGUES, Filipe LASCARAY, Muriel LUCANTIS, Gabi MOUESCA, Imanol JAIO, Maite ETXEBERRIA, Claude RECART, Bixente GARZIA, Pantxika MARHUENDA, Peio IRIONDO, Roberto MURGIONDO, Eloi URIARTE, Pilar ARTZE, Mattin ETCHEPARE, Mari Karmen ALDAYA, Itziar IMATZ, Pello ALCANTARILLA, Joseba AGUIRREBARRENA, Oskar BIZKAI, Filipe LESGOURGUES, Filipe BIDART, Jose Antonio CAU, Arantxa SASIAIN, Kristina LARRAÑAGA, Philippe LASSALE-ASTIS, Esnal Arrate URREISTI, Xan KOSKARAT.

2012/10/19

Azaroaren 10ean danok Baionara!

az10-autobusak

Ikusi eta jaitsi kartela (jpg)

Michel Celaya, errugbilari ohia: "Frantses gobernuarengandik, arimak lasaituko dituen erabaki bat merezi dute presoek"

Biarritzen sortu naiz, 82 urte ditut, eta hamarkada ainitzetako familia Euskaldun bateko kide naiz.

Nere bizian eta kirol karrera luzean, jendetasunaren balorearen alde engaiatu diren gizon eta emazte ainitz ezagutzeko suertea ukan dut. Beti saiatu naiz balore horien errespetatzen, besteak beste kirolaren bidez, gurutzatu dudan jendearengan. Balore horietan dira : elkartasuna, laguntasuna, elgar-laguntza, bestearen errespetua…

Gurutzatu ditudan pertsonen artean, ezagutu ditut eta ezagutzen ditut Euskaldun batzu, Euskal jendarte eta lurrari loturiko arrazoin eta uste sendoengatik, presondegiratuak eta beren familia eta etxeetarik urrun presondegiratuak izan direnak.

Iduritzen zait, beren zoria ez dela justua eta gainera ankerra dela.

Frantses gobernuarengandik, arimak lasaituko dituen erabaki bat merezi dute.

Azaroaren 10ean Baionan iraganen den Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko manifestaldiaren berri ukan dut eta nere elkartasuna adierazten dut.

Bihotz pixka bat duten eta gure Euskal Herrian bakea nahi duten guziak deitzen ditut manifestaldi hortan parte hartzera.

Michel Celaya – Biarritz Olympique-eko errugbilari ohia, nazioarte mailan ere eta Frantziako taldeko kapitain ohia.

2012/10/17

Hainbat artistek deitzen dute azaroaren 10eko manifara joateko

Berrogoita hamar bat artistek azaroaren 10eko manifaren deialdia izenpetu dute, preso eta iheslarien giza eskubideen alde.

Artista horien artean: kantariak, tindalariak, margolariak, bertsolariak eta argazkilariak.

Hor dituzue izenpetu duten artistek:

Familia artus (okzitaniako musika taldea), URMENETA Asisko (margolaria), Marko (margolaria), SERBIELLE Peio (kantaria), ETXART Niko (kantaria), ETXEKOPAR Mixel (musikalaria), FOUCHER Mixel (antzerkilaria), CAUDINE Laurent (idazlea), Tokia antzerki taldea, “TOMAO” GERZIA Jon (tindatzailea), BARROSO Odei (bertsolaria), FORT Fred (idazlea), DUHALDE Anje (kantaria), PARTARRIEU Mattin (tindatzailea), BORDACHAR Jean (idazlea), HEBENTIK ekartea, UZTARO (arte aterlierra), CSUAK elkartea ( su artifizial sortzailea), COLINA Sustrai (bertsolaria), MEJIAS Angela (argazkilaria), BORDE Christian (argazkilaria) ARANZUEQUE REGERAT Alexia (argazkilaria), GAUTHIER Thierry (argazkilaria), MAILLER Antoine (argazkilaria, Saint Prix-le Morvan), ESTEVES Carlos (argazkilaria), BIDEGAIN Eneko (argazkilaria), MARTIN Philippe (argazkilaria), JORQUERA DONOSO Veronica (argazkilaria, Lima-Pérou), VELEZ Daniel (argazkilaria), BARACE Manex (argazkilaria), AYALA Patricia (argazkilaria, Asunción-Paraguay), AYALA Roberto (argazkilaria, Asunción-Paraguay), AGUERRE Bruno (argazkilaria), VALLE Iker (tindatzailea), SISTIAGA Alain (tindatzailea), PASCUAL Rikardo (tindatzailea), Irkus (tindatzailea), GORRITI Juan (tindatzailea), ARANOA Mikel (tindatzailea), ETCHEVERS Christine (tindatzailea), CELESTINO Xabier (tindatzailea) , LAZKARAI Patxi (tindatzailea), IRISSARI Xabier (tindatzailea), NEURISSE Michelle (tindatzailea), ETCHEBARRIA Gonzalo (tindatzailea), BEYRIE Lorentxa (tindatzailea), RODEAU Joëlle (tindatzailea), INDABURU Kattalin (kantaria).