Showing posts with label egin dezagun bidea. Show all posts
Showing posts with label egin dezagun bidea. Show all posts

2011/10/28

Torturan oinarritutako epaiketarik ez!

Argazkia: Etengabe

Egin Dezagun Bidea ekimenarekin bat eginez, 225 gizon-emakume inguru elkartu gara gaur iluntzean Algortako Telletxe plazan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. San Nikolas ikastolako langileek egin dute oraingo honetan hileko azken ostiraleko kontzentraziorako deialdia. Izan ere, urriaren 22an bete zen urtea Espainiako Polizia Nazionalak beraien lankide Imanol Beristain atxilotu zuela. Euskal errepresaliatuekiko elkartasuna adierazten duen kinkea irailean epaitutako Uribe Kostako 11 gazteen eskutik jaso dute ikastolako langileek. Hain zuzen ere, hilabete honetan bertan eman du ezagutzera Espainiako Auzitegi Nazionalak horien aurkako sententzia: mutiletatik 9 absolbitu, baina Josu Rodriguez eta Mikel de Gregorio algortarrei 4 urteko espetxe zigorra jarri diete. Auzitegi Nazionalak berriro ere tortura balioetsi du. Gazte bien kasuan, torturaz eragindako informazioaz baliatu izanari balio juridikoa eman dio, horien bitartez, hainbat akusazio-elementu aurkitu bide zutelako. Algortako hiru preso gaztek azaroaren hasieran izango duten epaiketa testuinguru berean kokatzen dugu: Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez eta Aitor Cotanori 24 urteko espetxe zigorra eskatzeraino heldu dira, Guardia Zibilaren esku pairatutako tratu txarren ondorioz ateratako autoinkulpazioetan oinarrituta" Epaiketa berri hori salatzeko, azaroaren 4an elkarretaratzea izango da Telletxen, 20:00etatik aurrera. Ildo berean, berean, Jone Lozanori Lyon-Corbaseko kartzelariek emandako jipoia salatu nahi dugu.

Egin Dezagun Bidea: "Espetxe politikarekin amaitzeko giltza euskal jendarteak du"

Arratsaldeon guztioi

Badira historian leku propioa duten gertaerak. Badira ere, historian leku propioa duten egunak eta hilabeteak. Halakoa izan da 2011 honetako urria. Donostian izandako Bake Konferentzia edo ETAren agiriak edo konponbidearen alde Bilboko kaleak bete zituen manifestazioak aurrerapausu nabarmenak izan dira Euskal Herria erresoluzio demokratiko baten bidean jartzeko.

Baina, oraindik ere, egiazko konponbide demokratiko baten bidean eman beharreko hainbat urrats. Horietariko bat euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak errespetatzea da. Euskal jendartearen gehiengo sozial eta politikoak hala eskatzen du. Beraz, espetxe politikak errepresio, erabilpen eta mendeku klabeetatik konponbide demokratiko baten klabeetara igaro behar du. Berehala egin beharreko urratsa da gainera.