Showing posts with label eppk. Show all posts
Showing posts with label eppk. Show all posts

2011/12/10

EPPK: "Euskal presoak Euskal Herrira orain!"

Euskal Preso Politikoon Kolektiboak euskal gizartearekin bere ekimen eta gogoetak konpartitu nahi ditu agiri honen bidez:

Ospakizun, aldarrikapen eta salaketa egunak

Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna abenduaren 10ean. Halako egunik bada, eskubideak urratzen direlako da, han eta hemen, nonahi. Gurean franko, hizkuntza eta kulturatik hasi eta eskubide politiko oinarrizkoetaraino, euskal presook pairatu behar dugun jazarpen eta beheramenduetatik pasatuz. Egun aproposa urraketen salaketa egiteko.

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an, ospakizun eta errebindikazioa uztartuz. Egun seinalatu bera, Nafarroaren Eguna, ospakizun eta aldarri hau ere. Lingua navarrorum esamolde zaharra, euskaldunon hizkuntza, nafarron hizkuntza. Herri bat. Euskalgintza eta herri osoarekin bat gatoz gure hizkuntzaren aldeko mobilizazioan. Garai berriak hizkuntza eta kultur eztanda ekarri behar du, auzo eta herrietatik instituziotaraino, norbanakotik gizarte osoraino. Hizkuntzak lurraldea behar du, egitura juridiko politikoa, eskubideak. Non euskaraz, han Euskal Herria. Euskara ofiziala lurralde osoan!

Kontrara, Espainiako Konstituzioaren Eguna abenduaren 6an. Inposaketaren hautua egiten jarraitzen dutenek ospatu dute. Guk lerrootatik, Herri gisa dagozkigun eskubideak errebindikatzen ditugu gure herriko sektore zabalarekin batera eta ukazioa salatu. Presoarentzat bezala ziega da Konstituzio espainiarra Euskal Herriarentzat. Zerrailaren gakoa eskuan dugu!

2011/11/13

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

Hiru hamarkada luze igaro dira 1977ko abendu hartan, Euskal jendartearen bultzada eta indarrak espainiar kartzelatan zuten azken preso politikoa atera zuenetik. Espainiak Euskal Herriarekin mendeetan zehar mantentzen duen gatazkari benetako irtenbidea eman ez, gatazkaren oinarri den euskal herriak bere buruz erabakitzeko eskubideari heldu ez eta berehala, 1978ko urtarrilean espetxeak euskal jendez betetzen hasi zen Espainiako aparatu errepresiboa. Gatazkaren oinarrizko arrazoien konponbideari lotutako Amnistia aldarrikapenaren esanahia hustu eta gure herriaren zapalketa eta bere eskubideen ukazioen oinarri-pean ekin zion espainiar estatuak bere trantsizioari. Ez zuten baina, Euskal Herriak bere eskubideei uko egiterik lortu. Mendeetako askatasun goseak herritarrak borrokari lotuta jarraitzera eraman gintuen. Ehunka baino milaka izan gara azken hamarkada hauetan atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan garenok, baita ihesari ekin diogunok ere. Espainiar Estatuaren zapalkuntza, ankerkeria, krudelkeria eta mendeku gosea bizi izan ditugu; bizi ditugu oraindik. Espainian iruzurrez iruzur sorturiko demokrazia ezaren garai haietatik egungo sakabanaketa politika hiltzailearen errealitaterainoko sufrikarioa. UCD, PSOE zein Alderdi Popularraren esku faxista, mendekatzaile eta odoltsuek gure kontra kolpez kolpe eginiko marra gorri latza, alegia.