Showing posts with label euskal iheslari politikoen kolektiboa. Show all posts
Showing posts with label euskal iheslari politikoen kolektiboa. Show all posts

2013/06/18

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa (EIPK): "Konponbide garaia da, inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez izateko"


Miarritzeko ekitaldia osorik

Elkartasunaren hatsa nagusitu zen larunbatean Biarritzen. Emozioz betetako eguna, ekitaldi hunkigarria. Iheslarien arazoa ez da konpontzen egoera pertsonala zuzenduz, baizik eta ihes egitera bultzatu zituzten arrazoiak gaindituz. EIPK-k konponbiderako bere proposamena jarri du mahaigainean herriaren aitzinean.


2013/06/12

Bi uribekostar izango ditu iheslari politikoen mintzakidetza taldeak

Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14 solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14 ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta) eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian, errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba) eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.

2012/01/15

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herriari

Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian. Herri taupada inoiz baino ozenago entzuten ari gara. Abian da prozesu demokratikoa, eskubide denak eta proiektu politiko guztiak bermatuko dituen egoera erdiestea helmuga duen prozesu demokratikoa.

Azken urteotan Ezker Abertzaleak egindako lan eskergari esker ireki zaio atea itxaropenari. Ez parez pare, zoritxarrez, oraindik inposizioan, ukazioan eta errepresioan tematuta diren indarrek bereari eusten baitiote. Beraien ahuldade politikoa basakeriaz
ezkutatu nahi izan dute.

Hala eta guztiz ere, Ezker Abertzaleak, berarekin batera lanean murgildu diren Euskal Herriko beste indarrek eta nazioarteko zenbait eragilek bidean barrena lehen urratsak egitea lortu dute. Emankorra eta askotan aldapatsua ere izango den bideari hasiera ematea lortu dugu. Ez dezala inork inoiz inongo zalantzarik izan: azken hamarkada hauetan polizia indarren eta torturaren atzaparretatik ihesi Bidasoa eta Pirinioak gurutzatu behar izan ditugun gizon-emakumeok osatzen dugun Kolektiboak babes eta konpromiso osoa eskaintzen dizkio Euskal Herrian irekitako ibilbide berriari. Iheslarien Kolektiboak, gainerako euskal herritarrekin eta eragileekin batera, prozesuan parte hartzeko konpromisoa eta erabakia azaldu nahi du.