Munduan zehar, gero eta maizago agertzen zaizkigu neurri neoliberalen
ondorio tamalgarriak. Europako hainbat Estaturen krisialdi gisa
aurkezten diguten honek fenomeno globalago batean badu bere iturburua;
gainera, estrukturala den krisi horren erantzuleek izen-abizenak
badituzte. Afrika edota Asiako ondareak lapurtu eta mundu osoko jende
xumea miseria gorrira kondenatzen dutenak denon ezagun dira. Horiexek
dira, zulo ekonomikoan duten ardura saihestu asmoz, langileriari inoiz
ez bezalako murrizketak eta bizi baldintza ezin txarragoak ezartzen
dizkiotenak.
Krisi hau ez da herri batena edo bestearena, ez eta Europa soilarena,
kapitalismoaren fase garaikidearena baizik. Duela mende bat
kolonialismoaz edota gerla konbentzionalez gauzatu eta are bideratzen
zuen fase inperialistak, muga estrukturala gaindiezinekin egin du topo
dagoeneko. Kapitalismoak bere burua berregokitzeko gaitasun ikaragarria
erakutsi du orain arte: aurrekontu estrategikoak murriztuz (70.
hamarkadan, petrolioaren krisia tartean), erauste industrialak erabakiz
(80ko urteetan, lehiakortasuna aitzakiapean) edota, 90. hamarkadan
bezalaxe, zenbait aldarri sozial desitxuratuz eta bere zerbitzura
ezarriz (adibidez, jantzi ekologikoaz mozorrotuta). Oraingoan,
kapitalismoa ez da ezkutatzen bere sarraskien jomuga nor den aitortzeko:
langileok, alegia, betikoak. Non da biktima hauekiko ardura? Non ote
hauek erreparatzeko kezka? Non kapitalismoak eragindako miseriagatik
barkamenak?
