Argazkian, Sopelako
Herrirak presoen alde egindako manifestazio bat artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net
Olga Sanz Martin preso politiko sopeloztarrari
jaiotzear den umea berarengandik eta aitarengandik banatzeko mehatxua
egin diote, senideek eta EH Bilduk salatu dutenez. Euskal Preso
Politikoen Kolektibotik (EPPK) ateraraztea eta hori dioen agiria
sinaraztea da mehatxuen xedea, sendia eta koalizioaren aburuz. Horren
aurrean, umearen, amaren eta aitaren eskubideak bermatzea exijitu dute.
Gaur, Julen Arzuaga legebiltzarkideak Olgari Espainiako Gobernuak egiten
dion xantai ankerra salatu eta espetxe politikaz galdetu dio Iñigo
Urkullu EAEko lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran.
Urkulluk presoekiko jarrera "leun eta sentikorra" izatea eskatu dio
Espainiako Gobernuari eta, aldi berean, presoek "haien erantzukizunak
beren gain har ditzaten eta dagozkien urratsak eman ditzaten" eskatu du.
Olga Sanz pasa den apirilaren 30ean lekuz aldatu zuten Asturiasko Villabona
kartzelatik Madrilgo Soto del Real espetxera. Bidaia anbulantziaz egin
behar izan zuen, haurdunaldiaren azken hilabetean baitago. Hori dela eta
kartzelako erizaindegian dute eta bertan bakarrik dago, espetxe
horretako preso politiko bakarra isolamenduan dela.
