Showing posts with label iñaki gonzalo. Show all posts
Showing posts with label iñaki gonzalo. Show all posts

2012/12/20

Kitxuren ama hil egin da

Argazkian, azkeneko bisitan Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" eraman zuten kotxea, Ertzaintza bildutako auzokideen kontra oldartu baino lehen / cc-by Ukberri.net.

Gaur iluntzean hil egin da Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarraren ama. Astelehen honetan, abenduak 24, egingo dituzte hileta elizkizunak. Hala ere, Itzubaltzetako Herrira bilguneak ezin izan du zehaztu oraindik zein ordutan izango diren. Seguruenik aipatu herriko San Jose elizan egingo dituzte. Larriki gaixo zegoen Kitxuren ama. Azken hamalau hilabetetan birritan ekarri izan dute gatibu itzubaltzetarra etxera, Villanublako (Valladolid) espetxetik, ama bisitatzera: bata 2011ko urriaren 14an eta bestea 2012ko martxoaren 21ean. Parot doktrina aplikatzen ez badiote, maiatzean da kalera irtetekoa Kitxu. Gaixotasunak, ordea, semea libre ikusi gabe eraman du ama. Litekeena da preso itzubaltzetarra hileta elizkizunetara ekartzea. 

Algortako Herrira bilguneak elkartasun eta berotasun osoa adierazi nahi dizkie Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" eta bere gertukoei, une samin hauetan.

Gero arte Anjelita!

Valladolideko espetxeko hormetaraino eramango dute Kitxu askatzeko aldarria

Gabon egunetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Itzubaltzetako Herrira bilguneak. Tartean, igande honetarako, abenduak 23, Villanublako (Valladolid) espetxerako autobusa antolatu dute, bertan preso dagoen Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herrikideak entzun ditzan. Horrenbestez, goizeko 8etan abiatuko dira Itzubaltzeta / Romoko Sabecotik. Aurretik eman beharko da izena, Branka herriko tabernan. Getxo irratiko eta Egin irratiko kazetari izandakoa 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. "Kitxu"-k hainbat liburu idatzi ditu espetxean.

Egitaraua:

Abenduak 23, igandea
08:00 Valladoliden Kitxuk entzun gaitzan busa (izena eman aurretik Brankan), Sabecotik abiatuta.

Abenduak 24, astelehena
20:30 Olentzeroren kalejira herrian zehar, Brankatik.

Abenduak 28, ostirala
20:00 Urteko Azken Ostiraleko elkarretaratzea.

Abenduak 31, astelehena
20:30 Preso eta iheslaririk gabeko Urte Barriaren aldeko brindisa, Gobelondo eta Aurrezki Kutxa kaleen kantoian.

Kitxu askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

2012/11/14

Bihar, Idazle Presoen Nazioarteko Eguna. Kitxu askatu!

Argazkian, 2011ko urriaren 14an Kitxu etxera eraman zuten, larriki gaixo dagoen bere amari bisita egiteko / cc-by Ukberri.net.

Getxo udalerriko preso politikoen artean, literatura lanetan nabarmendu den laguna dugu Itzubaltzeta / Romoko Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu". "Como no quererte, Alba" izenburua dauka argitaratu duen azken liburua. Aipatu lanak 2010eko martxoan ikusi zuen argia. Lan horretan, El Salvadorren hil zuten Begoña Garcia Arandigoyen "Alba" euskal brigadistari buruz dihardu. 1990eko irailaren 10ean zauritu zuten Nafarroako Gares herriko mediku gaztea, FMLNren eta El Salvadorko armadaren arteko liskarrean. "Bertsio ofizialaren arabera, tiroketaren ondorioz hil zen euskal brigadista. Baina, errealitatea bestelakoa da: Alba zauritu eta bizirik harrapatu zuten soldadu salvadortarrek. Gero, bortxatu egin zuten, torturatu, eta garondoan tiroa emanez exekutatu zuten", Kitxuk liburuan kontatzen duenez. Aurretik, sakabanaketako ziegetan beste bost liburu ere argitaratu ditu itzubaltzetarrak: "Carta a un fantasma", "Nadine", "La barca de Amin" eta "El niño de Maguey" Txalaparta etxean, eta "Hace frio aqui en España", Hiru etxean. "Ataramiñe" bildumetan ere hainbat idatzi argitaratu ditu.

2012/03/21

Kitxuren lagun eta auzokideei eraso die Ertzaintzak

Argazkia: cc-by ukberri.net

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Itzubaltzeta / Romoko preso politikoa etxean izan da arratsaldean, larriki gaixo dagoen bere amari bisita egiteko. Ertzainek ezkutuan eta bilurrak jarrita eraman dute etxebizitzara 16:30ak pasatuta. Baina, 19:15ak aldera etxaldeko garajeetatik sekretupean ateratzen saiatu direnean, 60 lagun eta auzotar baino gehiago hurbildu zaie, Kitxuri maitasuna, elkartasuna eta animo oihuak helaraziz. Orduan, jendearen aurka egin dute poliziek, borrak eta bultzakadak erabiliz. Presoa eraman ostean, berriro ere atzera egin dute Brigada Higikorreko hainbat ertzainek, bildutako jendea sakabanatzeko. 

Itzubaltzetan da Kitxu, ama bisitatzen

Argazkian, Kitxu irribarretsu erantzun zien aurrekoan bildutako 50 bat senide, lagun eta auzokideei, ertzainek eraman zuten bitartean / cc-by ukberri.net

Hasiera batean zurrumurruak zirenak konfirmatu egin dizkigute euskal preso eta iheslari politikoen aldeko Itzubaltzeta / Romoko herri bilguneko kideek. Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" etxera eraman dute, larriki gaixo dagoen bere amari bisita egiteko. Orain, bertan da gatibu itzubaltzetarra. Arratsaldeko bostak aldera heldu omen da. Joan den urriaren 14an ere etxera ekarri eta animo oihu eta txalo artean jaso zuten auzokideek auzokideek.

Kitxu askatu!
Preso guztiak herrira!
Euskal Herriak askatasuna behar du!

2011/11/29

Gotzon Alcalde eta Kitxuren lanak ere badaude "Ataramiñe’11" lan kolektiboan

Argazkian, Jon Iturriaga Omar, Amaia Urizar, Borxa Urberuaga, Mitxel Sarasketa, Oier Gorzalez eta Zorion Zamakola preso ohi zein Ataramiñe argitaletxeko kideak ostiraleko aurkezpenean / cc-by Ukberri.net.

Ataramiñe elkarteak abenduaren 4tik 8ra bitarteko Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako uzta berria aurkeztu zuen joan den ostiralean Bilbon. Hamargarrenez, euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoa plazaratu du. 24 lagunek parte hartu dute "Ataramiñe’11" lan kolektiboan, tartean Iñaki Gonzalo "Kitxu" preso itzubaltzetarrak idatziak zein Gotzon Alcalde gatibu algortarraren marrazkiak daudela. Horretaz gain, Alfontso Etxegarai iheslari plentziarraren narrazioa jaso dute. Bestalde, Ibon Muñoa eibartarraren "Ametsen txokoan bizi naiz" poema liburua ere argitaratu du Ataramiñek. Baita dagoeneko kalean den Borxa Urberoagaren "Espetxetik at" komikia ere. Mikel Antzaren "Bakarmortuko kronikak", berriz, ostiral honetan aurkeztuko dituzte 11:00etan Donostiako Udal Liburutegian. Horiek guztiak Euskal Liburu eta Disko Azokan izango dira eskuragarri. Horretaz gan, aurkezpena egingo dute Durangon, hilaren 5ean; eta, hilaren 6an, Ahotsenean, liburuaren pasarte batzuk irakurriko dituzte egileen etxekoek.

2011/11/25

Musikaren bidetik euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde batu gara Algortan

Argazkian, Oihartzunak taldea gaurko elkarretaratzean.

Egin Dezagun Bidea ekimenarekin bat eginez, 280 gizon-emakume inguru elkartu gara gaur iluntzean Algortan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Herriko musikariek egin dute oraingo honetan hileko azken ostiraleko kontzentraziorako deialdia: Oihartzunak eta Gibelurdiñek taldeek kantez bete dute Telletxe plaza, zuzeneko emanaldia eskainiz. Hain zuzen ere, horiek San Nikolas ikastolako langileen eskutik jaso dute elkartasunaren kinkea. Urriko azken ostiralean beraien lankide Imanol Beristainen egoera salatu zuten irakasle, aita-ama eta ikasleek. Bere jarduera politikoarengatik atxilotua eta, epaiketarik gabe, espetxean jarraitzen du mutilak. Halaber, Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano, Iñigo Gutierrez eta Iker Beristain algortarrei ezarritako sententzien zein egindako epaiketen berri izan dugu hilabete honetan. Konponbide garai berri honetan, horiek guztiek lekuz kanpo daude. Txus Martin preso basauritarraren egoera, berriz, gero eta larriagoa da. Hartara, bihar, Basauriko Arizgoiti plazan 17:30ean izango den ekitaldira bertaratzera deitu nahi ditugu algortar guztiak.

2011/11/08

Kitxu berriro eraman dute Valladolidera

Argazkian, urriaren 14ean, ama ikustera etxera eraman zutenean  / ukberri.net

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Itzubaltzeta / Romoko preso politikoa berriro eraman dute Valladolidera, Burgosetik pasa ondoren, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Larri gaixorik dagoen ama bisitatzera eraman zuen etxera urriaren 14an Ertzaintzak, segurtasun neurri handien artean. Amarenera sartzean zein alde egitean, animo oihu eta txalo artean jaso zuten 50 bat senide, lagun eta auzokidek. Langraitzen izan dute ordudanik. Baina, orain berriro urrundu dute, sakabanaketa politika ankerrari jarraiki, eta Valladolidera eraman, Villanublako espetxera. Villanubla Getxotik 303 kilometrotara dago.

Sakabanaketarik ez!
Euskal Presoak Euskal Herrira ORAIN!
Preso guztiak etxera!

Etengabe: Iñaki Gonzalo “Kitxu” berriro Valladolidera eraman dute
ukberri.net: Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu” preso itzubaltzetarra berriro eraman dute Valladolidera