Showing posts with label irailak 26. Show all posts
Showing posts with label irailak 26. Show all posts

2012/09/25

EPPK: "Irailaren 26an, greba orokorra"

Munduan zehar, gero eta maizago agertzen zaizkigu neurri neoliberalen ondorio tamalgarriak. Europako hainbat Estaturen krisialdi gisa aurkezten diguten honek fenomeno globalago batean badu bere iturburua; gainera, estrukturala den krisi horren erantzuleek izen-abizenak badituzte. Afrika edota Asiako ondareak lapurtu eta mundu osoko jende xumea miseria gorrira kondenatzen dutenak denon ezagun dira. Horiexek dira, zulo ekonomikoan duten ardura saihestu asmoz, langileriari inoiz ez bezalako murrizketak eta bizi baldintza ezin txarragoak ezartzen dizkiotenak.

Krisi hau ez da herri batena edo bestearena, ez eta Europa soilarena, kapitalismoaren fase garaikidearena baizik. Duela mende bat kolonialismoaz edota gerla konbentzionalez gauzatu eta are bideratzen zuen fase inperialistak, muga estrukturala gaindiezinekin egin du topo dagoeneko. Kapitalismoak bere burua berregokitzeko gaitasun ikaragarria erakutsi du orain arte: aurrekontu estrategikoak murriztuz (70. hamarkadan, petrolioaren krisia tartean), erauste industrialak erabakiz (80ko urteetan, lehiakortasuna aitzakiapean) edota, 90. hamarkadan bezalaxe, zenbait aldarri sozial desitxuratuz eta bere zerbitzura ezarriz (adibidez, jantzi ekologikoaz mozorrotuta). Oraingoan, kapitalismoa ez da ezkutatzen bere sarraskien jomuga nor den aitortzeko: langileok, alegia, betikoak. Non da biktima hauekiko ardura? Non ote hauek erreparatzeko kezka? Non kapitalismoak eragindako miseriagatik barkamenak?

2012/09/24

Grebarekin bat egin du EPPK-k

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere bat egin du asteazkeneko greba orokorrarekin, ohar baten bidez. "Gara"-k argitaratuko du osorik, biharko alean. Bertan osteguneko Gudari Egunari ere aipamena egiten dio eta alde soziala eta alde nazionala "txanpon berean" daudela berresten du.

Grebari buruz hauxe diote euskal preso politikoek: "Egoera erreparatuz, ez da tamalez burutu beharko dugun greba bakarra, ez eta azkena ere. Gure esku dago, egoerari aurre egin eta errotik aldatzea. Pairatzen duguna eraldatzea posible baita. Inperialismoa kapitalismoaren mailarik gorena denez, Espainiaren zein Frantziaren inposaketa borrokatuz gizarte berri baten alde borrokatzen ari garela argi agertzen zaigu: Estatu horiexek dira euskal jendeak sufritzen duen egoeraren erantzuleak, arestian esan bezala bakarrak ez izan arren".

EPPKren agiri osoa bihar argitaratuko du "Gara"-k.