Showing posts with label kitxu. Show all posts
Showing posts with label kitxu. Show all posts

2012/12/20

Valladolideko espetxeko hormetaraino eramango dute Kitxu askatzeko aldarria

Gabon egunetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Itzubaltzetako Herrira bilguneak. Tartean, igande honetarako, abenduak 23, Villanublako (Valladolid) espetxerako autobusa antolatu dute, bertan preso dagoen Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herrikideak entzun ditzan. Horrenbestez, goizeko 8etan abiatuko dira Itzubaltzeta / Romoko Sabecotik. Aurretik eman beharko da izena, Branka herriko tabernan. Getxo irratiko eta Egin irratiko kazetari izandakoa 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. "Kitxu"-k hainbat liburu idatzi ditu espetxean.

Egitaraua:

Abenduak 23, igandea
08:00 Valladoliden Kitxuk entzun gaitzan busa (izena eman aurretik Brankan), Sabecotik abiatuta.

Abenduak 24, astelehena
20:30 Olentzeroren kalejira herrian zehar, Brankatik.

Abenduak 28, ostirala
20:00 Urteko Azken Ostiraleko elkarretaratzea.

Abenduak 31, astelehena
20:30 Preso eta iheslaririk gabeko Urte Barriaren aldeko brindisa, Gobelondo eta Aurrezki Kutxa kaleen kantoian.

Kitxu askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

2012/11/14

Bihar, Idazle Presoen Nazioarteko Eguna. Kitxu askatu!

Argazkian, 2011ko urriaren 14an Kitxu etxera eraman zuten, larriki gaixo dagoen bere amari bisita egiteko / cc-by Ukberri.net.

Getxo udalerriko preso politikoen artean, literatura lanetan nabarmendu den laguna dugu Itzubaltzeta / Romoko Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu". "Como no quererte, Alba" izenburua dauka argitaratu duen azken liburua. Aipatu lanak 2010eko martxoan ikusi zuen argia. Lan horretan, El Salvadorren hil zuten Begoña Garcia Arandigoyen "Alba" euskal brigadistari buruz dihardu. 1990eko irailaren 10ean zauritu zuten Nafarroako Gares herriko mediku gaztea, FMLNren eta El Salvadorko armadaren arteko liskarrean. "Bertsio ofizialaren arabera, tiroketaren ondorioz hil zen euskal brigadista. Baina, errealitatea bestelakoa da: Alba zauritu eta bizirik harrapatu zuten soldadu salvadortarrek. Gero, bortxatu egin zuten, torturatu, eta garondoan tiroa emanez exekutatu zuten", Kitxuk liburuan kontatzen duenez. Aurretik, sakabanaketako ziegetan beste bost liburu ere argitaratu ditu itzubaltzetarrak: "Carta a un fantasma", "Nadine", "La barca de Amin" eta "El niño de Maguey" Txalaparta etxean, eta "Hace frio aqui en España", Hiru etxean. "Ataramiñe" bildumetan ere hainbat idatzi argitaratu ditu.

2012/03/21

Kitxuren lagun eta auzokideei eraso die Ertzaintzak

Argazkia: cc-by ukberri.net

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Itzubaltzeta / Romoko preso politikoa etxean izan da arratsaldean, larriki gaixo dagoen bere amari bisita egiteko. Ertzainek ezkutuan eta bilurrak jarrita eraman dute etxebizitzara 16:30ak pasatuta. Baina, 19:15ak aldera etxaldeko garajeetatik sekretupean ateratzen saiatu direnean, 60 lagun eta auzotar baino gehiago hurbildu zaie, Kitxuri maitasuna, elkartasuna eta animo oihuak helaraziz. Orduan, jendearen aurka egin dute poliziek, borrak eta bultzakadak erabiliz. Presoa eraman ostean, berriro ere atzera egin dute Brigada Higikorreko hainbat ertzainek, bildutako jendea sakabanatzeko. 

Itzubaltzetan da Kitxu, ama bisitatzen

Argazkian, Kitxu irribarretsu erantzun zien aurrekoan bildutako 50 bat senide, lagun eta auzokideei, ertzainek eraman zuten bitartean / cc-by ukberri.net

Hasiera batean zurrumurruak zirenak konfirmatu egin dizkigute euskal preso eta iheslari politikoen aldeko Itzubaltzeta / Romoko herri bilguneko kideek. Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" etxera eraman dute, larriki gaixo dagoen bere amari bisita egiteko. Orain, bertan da gatibu itzubaltzetarra. Arratsaldeko bostak aldera heldu omen da. Joan den urriaren 14an ere etxera ekarri eta animo oihu eta txalo artean jaso zuten auzokideek auzokideek.

Kitxu askatu!
Preso guztiak herrira!
Euskal Herriak askatasuna behar du!

2012/02/02

Euskal presoen aldeko bilgunea eratuko dute bihar Itzubaltzetan

Argazkian, Beristain atxilotu zuten egunean / cc-by ukberri.net

Bihar, ostirala, euskal preso politikoen aldeko Itzubaltzeta / Romoko herri bilgunea jendaurrean aurkeztuko da. Hitzordua herriko kultur etxean jarri dute, arratsaldeko 7:30ean eta bertaratzeko deia egin diete auzokide guztiei, "zuen ekarpenak, iritziak eta lanerako gogoak lan talde honen zutabeak definituko dituztelako". Antolatzaileek jakinarazi dutenez, herri bilguneak "era askean egingo du lan". Xedeei dagokienez, "euskal preso politikoen askatasuna eta hauen eskubideen defentsa" lortzea izango dituzte helburu. Haien ustez, egun bizi den giro politikoa dela eta, "orain da momentua euskal presoen problematikari inoiz baino indar handiagoz ekiteko". Euskal preso politiko guztiak hizpide izango badituzte ere, arreta berezia jarriko diete Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" eta Imanol Beristain auzokide gatibuei.

2011/11/29

Gotzon Alcalde eta Kitxuren lanak ere badaude "Ataramiñe’11" lan kolektiboan

Argazkian, Jon Iturriaga Omar, Amaia Urizar, Borxa Urberuaga, Mitxel Sarasketa, Oier Gorzalez eta Zorion Zamakola preso ohi zein Ataramiñe argitaletxeko kideak ostiraleko aurkezpenean / cc-by Ukberri.net.

Ataramiñe elkarteak abenduaren 4tik 8ra bitarteko Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako uzta berria aurkeztu zuen joan den ostiralean Bilbon. Hamargarrenez, euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoa plazaratu du. 24 lagunek parte hartu dute "Ataramiñe’11" lan kolektiboan, tartean Iñaki Gonzalo "Kitxu" preso itzubaltzetarrak idatziak zein Gotzon Alcalde gatibu algortarraren marrazkiak daudela. Horretaz gain, Alfontso Etxegarai iheslari plentziarraren narrazioa jaso dute. Bestalde, Ibon Muñoa eibartarraren "Ametsen txokoan bizi naiz" poema liburua ere argitaratu du Ataramiñek. Baita dagoeneko kalean den Borxa Urberoagaren "Espetxetik at" komikia ere. Mikel Antzaren "Bakarmortuko kronikak", berriz, ostiral honetan aurkeztuko dituzte 11:00etan Donostiako Udal Liburutegian. Horiek guztiak Euskal Liburu eta Disko Azokan izango dira eskuragarri. Horretaz gan, aurkezpena egingo dute Durangon, hilaren 5ean; eta, hilaren 6an, Ahotsenean, liburuaren pasarte batzuk irakurriko dituzte egileen etxekoek.

2011/11/08

Kitxu berriro eraman dute Valladolidera

Argazkian, urriaren 14ean, ama ikustera etxera eraman zutenean  / ukberri.net

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Itzubaltzeta / Romoko preso politikoa berriro eraman dute Valladolidera, Burgosetik pasa ondoren, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Larri gaixorik dagoen ama bisitatzera eraman zuen etxera urriaren 14an Ertzaintzak, segurtasun neurri handien artean. Amarenera sartzean zein alde egitean, animo oihu eta txalo artean jaso zuten 50 bat senide, lagun eta auzokidek. Langraitzen izan dute ordudanik. Baina, orain berriro urrundu dute, sakabanaketa politika ankerrari jarraiki, eta Valladolidera eraman, Villanublako espetxera. Villanubla Getxotik 303 kilometrotara dago.

Sakabanaketarik ez!
Euskal Presoak Euskal Herrira ORAIN!
Preso guztiak etxera!

Etengabe: Iñaki Gonzalo “Kitxu” berriro Valladolidera eraman dute
ukberri.net: Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu” preso itzubaltzetarra berriro eraman dute Valladolidera