Showing posts with label konstituzionala. Show all posts
Showing posts with label konstituzionala. Show all posts

2012/10/18

Konstituzionalak atzera bota ditu 'Parot doktrinaren' aurkako bi helegite

Iturria: Berria.info
Espainiako Auzitegi atzera bota ditu Jon Koldo Aginagalde eta Jose Ramon Martinez de la Fuente euskal presoek Parot doktrinaren aurkako aurkeztu zituzten helegiteak, Vasco Press berri agentziak gaur arratsaldean esan duenez. 197/2006 doktrina ezarrita zigorra luzatu zietela argudiatu zuten presoek.

Espainiako Justiziak Ines del Rios presoari luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak joan den uztailean. Urriaren 4an epaiari helegitea jarri zion Espainiako Gobernuak. Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Auzitegi Nazionalak.

Parot doktrina amaitzeko sinadura bilketa bat abiarazi dutela jakinarazi zuten atzo Ainhoa Baglieto eta Amaia Izko abokatuek, eta dagoeneko zuzenbide alorreko berrehun profesional baino gehiagok izenpetu dutela. Hain zuzen, Baglietto eta Izkok, Didier Rouget eta Olivier Peter abokatuekin batera, astelehenean Europako Giza Eskubideen Auzitegian hogei euskal presori Parot doktrina ezartzearen aurkako helegiteak jarri zituzten.

Doktrina horren pean 60 euskal preso daudela gogorarazi dute abokatuek. "Euren eskubideen bortxa bukatzeko jo dugu Europara".

2012/08/21

Herriraren irakurketa Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurrean


197/2006 doktrinaren bitartez Bizi osorako zigorra de fakto aplikatuta duten hamasei euskal preso politikoen errekurtsoak atzera bota ditu gaur Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Herriraren ustez, erabakia eskandalu juridikoa da, giza eskubideen urraketa larria eta euskal jendartearen bake eta konponbide nahiari mesprezu egiten dio.

Iragan den uztailaren 9an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina errefusatu zuen. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak derrigor bete behar dira, baina Espainiako Gobernuak demokratikoki ezinezko homologazioa duen jarrera hartzea erabaki du. Espainiako Gobernuaren jarrerak Euskal Herrian zabaldu den agertoki berriarekiko beldur itzela erakusten du. Iraganeko errezetak behin eta berriz errepikatuz, errezeta garratz horiek mendekua eta giza eskubideen urraketa dute ardatz nagusitzat.

Espainiako Gobernuak nazioarteko komunitatearen duen sinesgarritasuna hutsaren hurrengoa da hainbat esparrutan. Giza eskubideen errespetuari dagokionez, Rajoyren Gobernuaren jarrera onartezina da. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia errespetatu eta aplikatzeko kontrako jarrera; Iosu Uribetxebarriaren espetxealdia luzatzeak arrasateko bizilaguna heriotzera gerturatzen du eta sakabanaketa politika indarrean mantentzeak milaka euskal herritarren bizitzak arriskuan jartzen ditu.

2012/04/12

Bizi osorako espetxe zigorraren aurka, goazen Bilbora!

Herrirak bat egin nahi larunbatean Bilbon burutuko den manifestazioarekin:

Herrira mugimenduak bat egin nahi du apirilaren 14an Bilbon burutuko den manifestazio nazionalarekin. Espainiako Entzutegi Konstituzionalak harturiko azken erabakiak suposatu duen giza eskubideen urraketa nabarmenaren aurrean beharrezkoa ikusten dugu herritarrak batu eta giza eskubideen aldeko indarrak antolatzea.

Euskal preso politikoen egoera benetan kezkagarria dela ohartarazi nahi dugu, eta honen erakuslea da praktikan bizi osorako espetxe zigorra ezarri dietela euskal preso politiko askori. Espetxealdi luzeak eritasunen sortzaile dira, eta kasu askotan bizi osorako espetxe zigorra eta gaixotasun larriak eskutik helduta doazela ikusten dugu.

Espainiako eta Frantziako Gobernuek giza eskubideen aurkakoa den espetxe politika hau mantentzen dute gaur gaurkoz, Euskal Herritarren gehiengoaren borondateari muzin eginez. Gobernuek dituzte espetxeetan giltzak. Beraz, gure zeregina da Gobernuengan jarrera aldaketa bultzatzea. Zentzu horretan, mobilizazioa beharrezkoa izango da presioa areagotzen joateko. Gernikako Akordioko bultzatzaile izanik, herritarrak gonbidatu nahi ditugu mobilizaziora.

Herrira Bilbon izango da apirilaren 14an.

2012/03/30

Herrira: "Konponbide prozesuaren aurka doa Konstituzionalak kartzela zigorra luzatzearen alde egin izana"

Lehenik eta behin, Luxiano Izagirre, gaur Kuban zendu den euskal iheslari politikoa gogoratu nahi dugu. Haren familiari gure elkartasuna eta samina helarazi nahi diogu. Luziano erbestean hil da eritasun baten ondorioz. Urteak eta urteak herritik kanpo eman behar izan ditu, gatazkaren ondorioz.

Gatazkaren ondorioak luzatzen dihardute bi gobernuak, konponbidean urratsik eman gabe. Izan ere, Luzianoren heriotza ezagutu aurretik, Auzitegi Konstituzionalak euskal preso politikoen aurka bizi arteko zigorra ezartzeko doktrinari zigilu legala eman diola jakin dugu. Oraindik sententzia argitara eman gabe, Auzitegi Konstituzionalaren erabaki honek, Espainiako gobernuak bakerako aukerei eman dion portazoa dela salatu behar dugu lehen-lehenik. Izan ere, azken hilabeteetan euskal jendarteak gehiengo ezin nabarmenagoz gobernuei urratsak eskatzen dihardu, eta horien artean, euskal preso politikoen aurkako muturreko eskubide urraketak gainditzea premia larria da.