Showing posts with label mintzakidetza. Show all posts
Showing posts with label mintzakidetza. Show all posts

2013/06/12

Bi uribekostar izango ditu iheslari politikoen mintzakidetza taldeak

Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14 solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14 ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta) eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian, errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba) eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.

2013/03/02

EPPK-k baimena eskatu dio epaileari Lokarriren foroan parte hartzeko

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak baiezkoa eman dio Lokarrik bere foroan parte hartzeko eskatuz igorritako gonbidapenari, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Hori dela eta, irteteko baimen berezia eskatu diete EPPK-ko mintzakideek (Xabier Alegria, Anabel Egues, Jon Olarra, Marixol Iparragirre, Lorentxa Gimon eta Mikel Albisu) Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari eta Frantziako Zigorren Aplikaziorako epaile zentralari, martxoaren 14an Iruñean eta 15ean Bilbon egingo diren bileretan parte hartu ahal izateko. Lokarrik eta Bake Bideak antolatuko duten foro horretan parte hartzea «nahitaezkoa» ikusten du EPPK-k, "bilkura beraren eta han jorratuko diren gaien garrantziagatik".
 
"Ekinaldi berritzaile eta inoiz egin gabekoa" jakinarazten du bertan presoen kolektiboak: "Gatazka Politikoaren Konponbiderako Foro Sozialean parte hartzeko erabakia". Bertan onartzen du foroaren antolatzaileek EPPK-ri gonbidapena igorri diotela, eta gonbidapen hori onartuz kolektiboaren mintzakidetzak foro horretan parte hartzea erabaki duela. Horretarako, antolatzaileei bidalitako gutunaren berri ematen dute. "Gatazka politikoa eta zehazki bere ondorioak konponbidean jartzeko egiten ari zareten ahalegina aitortzera gatozkizue", diote foroaren antolatzaileei igorritako gutunean. "Frantzia eta Espainiaren jokabide oztopatzaile eta arduragabekoa kontuan hartuta", EPPK-k bere eskuetan dagoen guztia egingo duela dio "konponbide politiko integralaren mesedetan".

2012/07/01

EPPK-ren Mintzakidetzaren oharra

EPPK-ren Mintzaidetzak ohar honen bidez honakoa jakinarazi nahi dio euskal jendarteari eta nazioarteko komunitateari:
  • Gobernu espainolak zein frantsesak ere, presoon egoera blokeaturik mantentzen du arduragabeki estrategia politiko makur bati erantzunez. Politikoki blokeaturik baina eskubide urraketan sakontzen jarraitzen dute larriki.
  • EPPK azken hilabetetan barne eztabaidan murgildu da. Egoera politikoaren azterketa egin eta bere ildo politikoa finkatu du. Lehentasuneko aldarrikapenak zehaztu eta norabide politikoa marraztu ditu, ekainaren 2ko Adierazpenean laburbildu dituenak.
  • Urrats eta ekimen berriak emateko prestutasuna erakutsi du. Mintzaidetza berriaren hautaketa lehenik eta Zuzendaritza osoarena ondotik, ezagutzera eman ditu.
  • EPPK-ren Mintzaidetza osatzen dugun seikotea, eragile sozial eta politikoekin gure egoeraz eta irtenbideaz aritzeko prest da. Deia luzatzen diegu harremanetan sartzeko. Zailtasunen aurrean, gure hitza entzunarazteko, eragile sozial eta politikoen jarrera errazteko eta haien posizioa lehen eskutik jasotzeko, bideak irekitzea ezinbestekoa dela deritzogu. Hartara, eskaera zehatza luzatu diegu espetxe politikaren ezagutza zuzena duten lagunei bitartekari lana aurrera eraman dezaten.
Barne Ministro espainolak esan dezakeenaren kontrara, ez dugu eserita geldirik inoren zain egoteko bokaziorik. Mugitzen ari gara, guztion onerako den ibilbidea urratuz, prozesu demokratikoan sakonduz, konponbide demokratikoa erdietsi arte.

Presoak Euskal Herrira! Presoak kalera! Amnistia-autodeterminazioa!

Ana Egues, Xabier Alegria, Marixol Iparragirre, Jon Olarra, Lorentxa Gimon eta Mikel Albisu (EPPKren Mintzaidetza)

2012ko ekainean

2012/04/12

EPPK-k Mintzakidetzarekin biltzeko deia egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei

Iturria: © Berria.info

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) 640 preso inguru biltzen ditu bere barnean, 82 espetxetan barreiatuta. EPPK-k bere antolakuntza berritu du, eta mintzakide talde berria izendatu du. Sei presok osatzen dute EPPKren Mintzakidetza: Anabel Eguesek, Jon Olarrak eta Xabier Alegriak Espainiako espetxeetan, eta Lorentxa Gimonek, Marixol Iparragirrek eta Mikel Albisuk Frantziako espetxeetan. Presoek berek aukeratu dituzte mintzakideak. Seietatik Egues baino ez da aritu iraganean mintzakidetza lanetan.

"Berria" eta "Gara" egunkariei emandako elkarrizketan, EPPK-k dei egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei Mintzakidetzarekin bil daitezen: “Dagozkigun eskubideen errespetu eta gauzatzea jorratzeko”. Hizketarako prest azaldu dira sei mintzakideak: “Serioski joka dezaten dei egiten diegu; har dezatela gurekin haria. Gure oinarrizko eskubide demokratikoak errespetatuz, mintzatzeko eta urratsak egiteko prest gaituzte; EPPKren mandatua dugu”.