Showing posts with label otsailak 13. Show all posts
Showing posts with label otsailak 13. Show all posts

2013/02/13

Tortura salatu dute Algortako kaleetan

Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, "komisariako infernua atzean utzi, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian", Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurreko urteetan  gogoratu duenez. "Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailaren 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. 'Oso latza izan da' esan eta heriotzaren marra igaro zuen", gaineratzen zutenez. Gaur betetzen dira 32 urte gertaera hartatik, eta hura gogorarazteko eta torturaren amaiera eskatzeko, goizean goizetik Joxe Arregik sufritutako torturak agerian uzten zituzten argazkiak agertu dira Algortako kaleetan, nonahi. Telletxen plazan, metro geltokiko sarreratik hurbil, berriz, eskuak atzean lotuta eta burua plastikozko poltsa beltzez estalitako panpina zuria agertu da; "Stop Tortura" irakur zitekeen pankartaren azpian. 

Joxe Arregi gogoan, torturarik ez!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/02/12

Otsailak 13, Torturaren Kontrako Eguna

Argazkian, torturaren kontrako eskualde manifestazioa Algortan, 2008ko abenduaren 28an / cc-by Ukberri.net

Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, jasandako torturen ondorioz hil zen. Orduz geroztik, data hori Torturaren kontrako Eguna bilakatu da Euskal Herri osoan. Hain zuzen ere, bihar, asteazkena, beteko dira 32 urte Arregiren heriotzatik. 

Besteak beste, Abian kultur elkarteak Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) 2011an ekoitzitako dokumentalaren emanaldi berezia antoladu du Algortan, ostegun honetan, otsailak 14. Film horrek Guardia Zibilak 2008ko uztailaren 22an egindako atxiloketak hartzen ditu oinarritzat. Sarekada horretan egun preso dauden Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez auzokideak atxilotu zituzten, Algortako, Bilboko eta Elorrioko beste 6 lagunekin batera. Dokumentalean, atxiloketa momentuan eta inkomunikazio egunetan jazotakoaren inguruko informazioa aurkezteko, atxilotuetako pertsonen eta euren senideen testigantzak, euren abokatu eta medikuen adierazpenak eta komisaldegi barruko benetako irudiak aurki ditzakegu besteak beste. TATeko abokatu bat ere bertan egongo da horren aurkezpena egiteko eta, nahi izanez gero, galderei erantzun ahal izateko. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Abianen, Algortako Bidebarri kaleko 2. zenbakian. 

Bestalde, torturaren kontrako elkarretaratzea deitu du biharko Leioako Ezker Abertzaleak. Hitzordua 20:00etan jarri dute Bulebarrean.