Showing posts with label parot doktrina. Show all posts
Showing posts with label parot doktrina. Show all posts

2012/10/18

Konstituzionalak atzera bota ditu 'Parot doktrinaren' aurkako bi helegite

Iturria: Berria.info
Espainiako Auzitegi atzera bota ditu Jon Koldo Aginagalde eta Jose Ramon Martinez de la Fuente euskal presoek Parot doktrinaren aurkako aurkeztu zituzten helegiteak, Vasco Press berri agentziak gaur arratsaldean esan duenez. 197/2006 doktrina ezarrita zigorra luzatu zietela argudiatu zuten presoek.

Espainiako Justiziak Ines del Rios presoari luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak joan den uztailean. Urriaren 4an epaiari helegitea jarri zion Espainiako Gobernuak. Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Auzitegi Nazionalak.

Parot doktrina amaitzeko sinadura bilketa bat abiarazi dutela jakinarazi zuten atzo Ainhoa Baglieto eta Amaia Izko abokatuek, eta dagoeneko zuzenbide alorreko berrehun profesional baino gehiagok izenpetu dutela. Hain zuzen, Baglietto eta Izkok, Didier Rouget eta Olivier Peter abokatuekin batera, astelehenean Europako Giza Eskubideen Auzitegian hogei euskal presori Parot doktrina ezartzearen aurkako helegiteak jarri zituzten.

Doktrina horren pean 60 euskal preso daudela gogorarazi dute abokatuek. "Euren eskubideen bortxa bukatzeko jo dugu Europara".

2012/10/17

Zuzenbide alorreko 200 profesionalek ‘Parot doktrinaren’ aurkako manifestua sinatu dute

Iturria: Naiz.info
Argazkian, Amaia Izko eta Ainhoa Baglieto abokatuak Iruñean eman duten prentsaurrekoan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Ainhoa Baglieto eta Amaia Izko abokatuek prentsuarrekoa eman dute eta bertan Hego Euskal Herriko zuzenbide alorreko 200 profesionaletik gorak ‘Parot doktrinaren’ aurkako manifestu bat sinatu dutela azaldu dute. Doktrina hau ezabatu bitartean sinadura bilketekin jarraituko dutela esan dute.

Ainhoa Baglieto eta Amaia Izko abokatuek astelehen honetan Giza Eskubideen Europako Auzitegian jarri zuten errekurtsoaren berri emateko prentsaurrekoa eman dute Iruñean.

Abokatuen ustez, Estrasburgok agindutakoari "entzungor" egiten diete Estatu espainiarreko gobernu eta epaitegiek Ines del Rioren kasuan eta hori izan da GEEAn 20 errekurtsoak sartzeko arrazoietako bat .
"2006a baino lehenago kondenatua izan den inori ezin zaio doktrina hau aplikatu", utzi dute argi prentsaurrean eta Estatu espainiarrari gogorarazi diote Del Rioren sententziak hari sortutako kalteak bere "berehalako askatasunarekin" errepara ditzala eskatu zitzaiola.

Abokatuen esanetan, "zuzenbideko estatu batean giza eskubideak oinarrizko printzipio direla jakinda", onartezina egiten zaie Estatu espainiarrak eta epaitegiek duten jarrera.

2012/10/11

'Parot doktrinaren' aurkako hogei helegite aurkeztuko dituzte astelehenean Estrasburgon

Iturria: Berria.info

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak orain arte zigorra luzatzeari buruzko kasu bat aztertu izan du, eta doktrinaren aurkako epaia eman du. Amaia Izko eta Olivier Peter abokatuek aurkeztuko dituzte helegiteak.

197/2006 doktrina (Parot doktrina) ezarri izan dieten hogei euskal presori buruzko helegiteak aurkeztuko dituzte haien abokatuek datorren astelehenean Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegian, Herrira mugimenduak gaur arratsaldean iragarri duenez. Amaia Izko eta Olivier Peterrek aurkeztuko dituzte helegiteak.

Herrira-k dio Espainiako Justiziak orotara 67 euskal presori ezarri izan diela doktrina hori. Europak orain arte horrelako kasu bat jorratu izan du, eta doktrinaren aurkako epaia eman du.

Herrira: “Espainiako Gobernuari bizi osorako doktrina derogatzea baino ez zaio gelditzen”

Espainiako Auzitegi Nazionalak Oscar Abad eta Itziar Martinez euskal presoak aske uztea erabaki du. 15 presoren helegiteak atzera bota eta azaroaren 14ean aztertuko ditu gainontzeko errekurtsoak.

Herrira mugimenduak bere iritzia plazaratu nahi du Entzutegi Nazionalean egin duten osoko bilkuraz. Izan ere, Estraburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailaren 10ean eman zuen epaiaren ondorio praktikoez deliberatzen ari dira bertan magistratuak. Aipatutako epai horrek Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina legez kontrakoa zela dekretatu, eta Inés del Río euskal preso politikoa berehala aske utzi behar zela ebatzi zuen. 

Entzutegi Nazionaleko osoko bikurak zigorra beteta duten 15 euskal preso politikoen helegiteak ez onartzea oso larria da. Izan ere, preso hauei Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duen doktrina bat aplikatu baitzaie. 

Herriraren aburuz, Espainiako justiziak eta gobernuak berak ez dute oraindik ontzat hartu Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia, are gehiago, aurrera jo, ustez denbora irabazi eta epeak luzatzeko hautua egin dute. Tematuta daude ankerkeria eta mendekuzko politikak egiten, bake prozesua geldiarazi nahian eta legeak nahi erara bihurritzen dituzte zigor osoa betea duten 65 pertsonak espetxean mantentzeko. 

2012/10/10

Herrirak Ines del Rioren berehalako askatasuna eskatu du

Espainiako Entzutegi Nazionala Ines del Rioren kasu aztertzen ari da.

Audientzia Nazionala Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren kasuan kaleratutako epaia aztertzen ari da. Honen aurrean, beste behin ere, Herrirak Tafallako presoaren berehalako askatasuna eskatzen du.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duela adierazi zuen. Hiru hilabete pasa dira Estrasburgok epaia kaleratu zuenetik eta Ines del Rio eta 197/2006 doktrina aplikatuta duten 66 euskal presoen oinarrizko eskubideak urratzen ari dira. Egoera hau ezin da luzaroan mantendu, giza eskubideak urratu, sufrimendua, oinazea eta tragedia besterik ekartzen ez dutelako.

Auzitegi Nazionalak gaur segituko du Europak 'Parot doktrinaz' emandako ebazpena aztertzen

Iturria: Berria.info

Estrasburgok bidegabetzat jo zuen Espainiako Justiziak Ines del Riori zigorra luzatu izana. Presoa askatu edo ez ebatzi beharko dute hemezortzi epailek, osoko bilkuran.

Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur ekingo dio berriro Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaz emandako kontrako epaia aztertzeari. Irailaren 20an hasi zen horretan, baina gaur arte atzeratzea erabaki zuen. 16:30ean hasiko da saioa, eta zigor aretoko osoko bilkurako hemezortzi epaileek erabakiko dute Del Rio askatu edo ez.

197/2006 epaiari jarraituta Espainiako Justiziak Ines del Rio Prada euskal presoari luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen uztailaren 10ean Estrasburgok. Aske uzteko eskatu zuen Europak, eta Del Riori 30.000 euroko kalte ordaina emateko. Ebazpena aplikatzea galdegin zuten Del Rioren abokatuek. Aukera horren kontra agertu zen Auzitegi Nazionaleko fiskala; argudiatu zuen epaiak ez duela Espainia behartzen.

Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Auzitegi Nazionalak, aipatutako doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta.


2012/10/04

Espainiak gaur jarriko du 'Parot doktrinaren' gaineko helegitea Estrasburgon

Iturria: Berria.info

Ines del Rio euskal presoari babesa eman eta 197/2006 doktrinaren aurka Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiaren aurka egingo du, Efe berri agentziak aurreratu duenez. 'Parot doktrina' gisa ezagutzen dena indargabetzeak "espainiar gizartean izango duen ondorio izugarria" arrazoituz aurkeztuko du helegitea Raxoiren gobernuak, Justizia Ministerioaren arabera.

197/2006 epaiari jarraituta Espainiako Justiziak Ines del Rio Prada euskal presoari luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen uztailaren 10ean Estrasburgok. Aske uzteko eskatu zuen Europak, eta Del Riori 30.000 euroko kalte-ordaina emateko. Ebazpena aplikatzea galdegin zuten Del Rioren abokatuek, baina aukera horren kontra agertu zen Auzitegi Nazionaleko fiskala; argudiatu zuen epaiak ez zuela Espainia behartzen.


2012/09/22

Etxerat: "Antton Troitiñoren baldintzapeko askatasuna ukatu izana ulertezina da"

Atzo jakin genuen Londreseko Auzitegiak Antton Troitiñori baldintzapeko askatasuna ukatu diola, eta hau ulertezina dela uste dugu. Antton Troitiñok eta 197/2006 doktrina aplikatuta duten gure senide guztiek aske egon beharko lukete. Gainera, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailean 197/2006 doktrina eskubideen aurkakoa zela esan ondoren, ezin dugu ulertu Londreseko Auzitegiak Antton Troitiño espetxean mantentzen jarraitzea. 

Estrasburgok argi eta garbi adierazi zuen 197/2006 doktrina gure senideen eskubideen aurkakoa zela. Horregatik gure senideen eskubideak errespetatzea eskatzen dugu. Baina, ezin ahaztu gure eskubideak ere. Izan ere, gure senideei zigorra luzatzean guri ere luzatzen digute. Sakabanaketa pairatzen jarraitu behar dugu eta gure senideak etxetik urrun egoten jarraitzen dute. Honek gugan eta gure senideengan eragiten duen sufrimendua neurgaitza delarik.

2012/09/20

"Bizi osoko zigorra" bertan behera uzteko eskatu dute Madrilen

Iturria: Berria.info

Argazkian, Madrilen gaur agerraldia egin duten kideak.

Herrira mugimenduak deituta, Fran Balda eta Manu Ugartemendia Herrira-ko kideekin batera Madrilen Parot doktrinaren aurkako agerraldia egin dute Amaiurreko Sabino Cuadra eta Jon Iñarritu diputatuek eta Alberto Unamunzaga senatariak, Aralarreko Dani Maeztu eusko legebiltzarkideak, LABeko idazkari nagusiaren alboko Jabi Garnikak, Bilgune Feministako Saioa Iraola eta Idoia Trenorrek, Eleak giza eskubideen mugimenduko Txerra Bolinagak eta Etxerat euskal presoen senideen elkarteko Mattin Troitiñok.

"Madrilera etorri gara gaur, berriro eskatzera bizi osorako zigorra bertan behera uzteko", esan dute Espainiako Auzitegi Nazionaletik gertu, prentsaurreko batean. Hain justu, auzitegiak gaur ekin dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrinaz' emandako kontrako epaia aztertzeari, baina ondoren jakinarazi du urriaren 10era atzeratu duela saioa.

Auzitegi Nazionalak urriaren 10ean segituko du Europak 'Parot doktrinaz' emandako ebazpena aztertzen

Iturria: Berria.info

Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur ekin dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrinaz' emandako kontrako epaia aztertzeari, baina gaur ez du erabakirik hartuko, auzitegiko iturriek eguerdian jakinarazi dutenez. Urriaren 10era atzeratu du gaiari buruzko saioa.

197/2006 doktrina jarraituta Espainiako Justiziak Ines del Rio Prada euskal presoari luzatutako zigorra bidegabe jo zuen uztailean Estrasburgok. Aske uzteko eta Del Riori 30.000 euroko kalte ordaina emateko eskatu zuen Europak. Ebazpena aplikatzea galdegin zuten Del Rioren abokatuek, baina aukera horren kontra agertu zen Auzitegi Nazionaleko fiskala; argudiatu zuen epaiak ez zuela Espainia behartzen.

Gainera, Espainiako legediak ez du aipatzen zein organok duen Estrasburgotik heldutako ebazpen bat betearazteko ardura. Azkenean, Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak eraman du erabakia osoko bilkurara, eta hemezortzi epailek erabaki beharko dute Del Rio askatu edo ez. Edonola ere, Espainiako Gobernuak hilabete honetan aurkeztuko du Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiari jarriko dion helegitea.

2012/08/21

Herriraren irakurketa Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurrean


197/2006 doktrinaren bitartez Bizi osorako zigorra de fakto aplikatuta duten hamasei euskal preso politikoen errekurtsoak atzera bota ditu gaur Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Herriraren ustez, erabakia eskandalu juridikoa da, giza eskubideen urraketa larria eta euskal jendartearen bake eta konponbide nahiari mesprezu egiten dio.

Iragan den uztailaren 9an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina errefusatu zuen. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak derrigor bete behar dira, baina Espainiako Gobernuak demokratikoki ezinezko homologazioa duen jarrera hartzea erabaki du. Espainiako Gobernuaren jarrerak Euskal Herrian zabaldu den agertoki berriarekiko beldur itzela erakusten du. Iraganeko errezetak behin eta berriz errepikatuz, errezeta garratz horiek mendekua eta giza eskubideen urraketa dute ardatz nagusitzat.

Espainiako Gobernuak nazioarteko komunitatearen duen sinesgarritasuna hutsaren hurrengoa da hainbat esparrutan. Giza eskubideen errespetuari dagokionez, Rajoyren Gobernuaren jarrera onartezina da. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia errespetatu eta aplikatzeko kontrako jarrera; Iosu Uribetxebarriaren espetxealdia luzatzeak arrasateko bizilaguna heriotzera gerturatzen du eta sakabanaketa politika indarrean mantentzeak milaka euskal herritarren bizitzak arriskuan jartzen ditu.

2012/07/28

Bizi osorako doktrina eteteko eskatu du Herrirak Donostian

Argazkian, atzo egin zuen agerraldia Donostiako Justizia Jauregi aurrean Herrira mugimenduak

Amaia Esnal Herrira Mugimenduko kidearen deklarazioak atzoko agerraldian:

Egun on denoi, eta eskerrik asko Herriraren ekimenera etortzeagatik. 

Gaurkoan Donostiako epaitegi aurrean bildu gara, 70 aulki hutsen artean, hain justu, 70 euskal preso direlako bizi osorako zigorpean aurkitzen direnak une honetan. 67 presok 197/2006 doktrina dute ezarria, eta Estrasburgoko giza eskubideen tribunalaren azken ebazpenaren arabera, espainiako gobernuak pertsona hauek ilegalki mantentzen ditu kartzelan. Estrasburgoren arabera, doktrina hau ez da legezkoa eta oinarrizko eskubideak urratzen ditu. 

2012/07/12

"Agonia luzatu arren", 'Parot doktrina' hil egingo dela diote euskal presoen abokatuek

Iturria: Berria.info 

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiaren ostean pozik daude euskal presoen abokatuak. Ines del Rio Pradaren auzian arrazoia eman die, eta Espainiako Estatuak Parot doktrina gisara ezagutzen den 197/2006 doktrina aplikatu duenean, presoaren oinarrizko eskubideak urratu direla esan du. Del Rioren aldeko epaia izateaz gain, doktrinaren kontrakoa dela ere ulertu dute euskal presoen abokatuek. Izan ere, ez du Del Rioren auziko zehaztasunengatik ematen epai hori, baizik eta doktrina ezartzeko moduarengatik eman du, orokorrean. Beraz, horrek 197/2006 doktrina aplikatu dieten preso guztientzat balio duela uste dute abokatuek, eta haiek guztiak berehala aske uzteko eskatu dute.

2012/07/11

Herritarren mobilizazioak emaitzak dakartzala azpimarratu du Herrirak

Estrasburgoko giza eskubideen tribunalak Ines del Río presoaren kasuan, 197/2006, euskal presoei bizi arteko zigorra aplikatzeko doktrinari buruz emandako ebazpena baloratuko dugu jarraian.

Hasterako, herritargo zabala zoriondu nahi dugu, euskal presoen eskubideen aldeko ebazpen hau hainbeste jenderen elkarlan sendoaren emaitza gisa ikusten dugulako. Jorratzen ari garen bideari balio handia ematen dio ebazpenak, eta honenbestez, eskubideen aldeko lan garrantzitsu honetan jarraitzera animatzen gaitu eta animatzen dugu jendea.
Ebazpena oso argia eta sendotasun handikoa da, eta Espainiako Estatuari aukera itzela zabaltzen dio bakera hurbildu dadin eta presoen eskubideak errespetatuz urratsak eman ditzan.

Ebazpena garrantzia handikoa da, Ines del Rio kartzelan mantentzea ez ezik, doktrina bera ez legezko eta oinarrizko giza eskubideen aurkako jotzen baitu, aho batez gainera.

Ebazpenaren arabera, doktrina honek Europako Giza Eskubideen konbenioko 5.1. eta 7. artikuluak urratzen ditu, hau da, zigorraren luzapena bidegabeko jotzen du batetik, eta askatasunerako eta segurtasunerako oinarrizko giza eskubideak urratzen direla ebazten du bestetik.

Ebazpenaren arabera Espainiar Estatuak Ines del Río presoa aske utzi behar du, aurrerantzean Ines kartzelan mantentzea, orain arte bezala injustizia larria izateaz gain, gaur legez kanpokoa baita.

Doktrina ezarri zaien presoak aske uztearen alde azaldu da Arartekoa

Iturria: Eitb.com

Espainiako Gobernuak eta auzitegiek Estrasburgoren epaia berehala ezarri beharko luketela uste du Iñigo Lamarca Arartekoak. Honen harira, Parot Doktrina berrikustearen alde azaldu da eta ondorioz, doktrina hori ezarri aurretik presoek zuten zigorra aplikatzea eskatu du Arartekoak Radio Euskadin.

Lamarca Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiaz mintzatu da, izan ere, Espainia zigortu du Parot doktrina ezartzeagatik eta 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Ines del Rio Prada ETAko kide ohiari.

Lamarcaren iritziz, "Espainiari horrelako zigor gehiago" jar diezaiokete, eta "estatu demokratiko baten zilegitasunerako kaltegarri" izango litzakeela uste du. Halaber, "Estrasburgoko Auzitegiari helegitea jar diezaioketen arren, aho batez hartu den heinean, Gobernuaren errekurtsoak aurrera egiteko aukera gutxi ditu", esan du.

2012/07/10

Estrasburgoko Tribunalak Parot doktrinaren aurka jakinarazitako ebazpenaren aurrean

Estrasburgoko Tribunalak 197/2006 doktrinaren aurka jakinarazitako ebazpenaren aurrean honako lehen balorazioa egiten du Herrirak:
  • Herrira mugimenduak herritarrak zoriondu nahi ditu lehenik. Euskal preso politikoentzat salbuespenez bizi arteko zigorra ezartzen duen doktrina honen aurka hainbestetan mobilizatu diren herritarrak zoriontzen ditugu, honako ebazpena euskal jendartearen parte garrantzitsu baten lorpena baita.
  • Ebazpen honen arabera, Espainiako gobernuari Ines del Río presoa berehala aske utzi behar du, eta horretara egiten diogu dei lehenik. Bigarrenik, 197/2006 doktrina bertan behera utzi, eta ondorioz, garaian ezarri zitzaien kondena bete duten presoak aske uzteko eskaria luzatzen diogu.
  • Azkenik, euskal presoen eskubideen alde lanean jarraitzeko deia luzatzen diogu jendarteari. Ebazpen honek abiaturik dugun bidea argitzen du, herritarron mobilizazioaren balioa eta gaitasuna frogatzen baitu batetik, eta gobernuen jokabide geldiak dituen mugapenak eta sostenga ezintasuna agerian uzten ditu.
OHARRA: Datozen orduetan balorazio sakonagoa aurkezteko deialdi berriak egingo ditugu.

2012/05/15

Ekimena burutu du Herrirak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean

Herrira mugimenduak ekimen baketsu eta ikusgarria egin zuen larunbatean Auzitegi Konstituzionalean. Bertan, Herrirak tribunal honek Bizi Osorako Zigorraren de faktozko aplikazioak suposatzen duen erabaki politikoari berme juridikoa eman izana salatu nahi izan zuen. Madrilen burutu zen ekimenean 19 lagunek hartu zuten parte eta Bizi Osorako Zigorraren aurkako leloekin atondutako kamisetak eraman zituzten. Pertsona bat identifikatua izan zen, baina ekimena inolako arazorik gabe burutu ahal izan zuten.


2012/04/12

Bizi osorako espetxe zigorraren aurka, goazen Bilbora!

Herrirak bat egin nahi larunbatean Bilbon burutuko den manifestazioarekin:

Herrira mugimenduak bat egin nahi du apirilaren 14an Bilbon burutuko den manifestazio nazionalarekin. Espainiako Entzutegi Konstituzionalak harturiko azken erabakiak suposatu duen giza eskubideen urraketa nabarmenaren aurrean beharrezkoa ikusten dugu herritarrak batu eta giza eskubideen aldeko indarrak antolatzea.

Euskal preso politikoen egoera benetan kezkagarria dela ohartarazi nahi dugu, eta honen erakuslea da praktikan bizi osorako espetxe zigorra ezarri dietela euskal preso politiko askori. Espetxealdi luzeak eritasunen sortzaile dira, eta kasu askotan bizi osorako espetxe zigorra eta gaixotasun larriak eskutik helduta doazela ikusten dugu.

Espainiako eta Frantziako Gobernuek giza eskubideen aurkakoa den espetxe politika hau mantentzen dute gaur gaurkoz, Euskal Herritarren gehiengoaren borondateari muzin eginez. Gobernuek dituzte espetxeetan giltzak. Beraz, gure zeregina da Gobernuengan jarrera aldaketa bultzatzea. Zentzu horretan, mobilizazioa beharrezkoa izango da presioa areagotzen joateko. Gernikako Akordioko bultzatzaile izanik, herritarrak gonbidatu nahi ditugu mobilizaziora.

Herrira Bilbon izango da apirilaren 14an.

Gernikako Akordioa: "Ziur gaude Estatuaren immobilismoa gaindituz Euskal Herriaren mobilizazio jendetsua ikusiko dugula larunbatean"


Bideoan, agerraldia egin dute gaur, Bilbon, Gernikako Akordioko sinatzaile eragileek.

Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragileek heldu den larunbatean Bilbon “Salbuespeneko neurriak indargabetu – Konponbide garaia da” lelopean egingo den manifestazioan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Egoera honetan Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiari erantzun sendo eta zabala emateari ezinbestekoa deritzogu, 197//2006 dotrina babestea de facto bizi arteko zigorra babestea baita. Erabaki hori, beraz, euskal jendarteak duen bake eta konponbide nahiaren aurkako eraso gogorra da

Espainiar estatuak halako erabakia hartuz gatazka konpontzeko borondaterik ez duela adierazi du. Estatuak blokeo egoerari eutsi nahi dio, luzatu nahi du, ea bake eta normalizazio prozesuaren urak gelditzen eta usteltzen diren. Estatuak abagune historiko hau zapuztu nahi du, euskal herritarrengan etsipena eta frustrazioa sortuz.

Gernikako Akordioaren inguruan bildutako eragileok konponbide demokratikoen aldeko konpromisoari eusten diogu. Euskal gizartearekiko prozesu hau bururaino elkarrekin eramateko konpromisoa hartu genuen eta gaur berretsi nahi dugu. Pertsona guztientzat giza eskubide guztiak aldarrikatuz, euskal gizarte osoa irabazle bilakatuko duen prozesuaren aldeko konpromisoari berriro heldu nahi diogu.

2012/04/05

Apirilaren 14an Bilbora joateko deia egin du Herrira mugimenduak

Herrira mugimenduan bat egin nahi du apirilaren 14an Bilbon burutuko den manifestazio nazionalarekin. Espainiako Entzutegi Konstituzionalak harturiko azken erabakia suposatu duen giza eskubideen urraketa nabarmenaren aurrean beharrezkoa ikusten dugu herritarrak batu eta giza eskubideen alde indarrak batu eta antolatzea.

Zentzu honetan, Gernikako Akordioko bultzatzaile izanik, herritarrak gonbidatu nahi ditugu mobilizaziora.

Herrira Bilbon izango da apirilaren 14an.