Showing posts with label preso gaixo larria. Show all posts
Showing posts with label preso gaixo larria. Show all posts

2012/10/23

Josu Uribetxebarria arratsaldean atera da Donostiako ospitaletik

Bere egoeraren inguruko txosten osoa eta aurrera begirako zaintza eta tratamenduaren inguruko argibideak ematen dituen txostenaren zai gauden arren, Iosu Uribetxebarriak Donostia Ospitalea utzi eta gaur bertan Arrasatera itzuliko dela baieztatu nahi du Herrirak. 

Une honetan, ikusmin mediatiko handiaren erdian, bere senideak eta Herrirako kide diren Jon Garay eta Nagore Garcia Donostia Ospitalean daude Iosu Uribetxebarria lagundu eta babesteko asmoz. 

Giza eskubideen errespetua, bakea eta konponbidearen alde dauden herritarrentzat albiste ona da gaurkoa. Baina, ezin dugu ahaztu Iosu Uribetxebarriaren osasun egoera oso oso delikatua dela eta oraindik ere gaixotasun larriak pairatzen dituzten 13 euskal presok espetxean jarraitzen dutela. 

Horiek horrela, Iosuren kasua berriro gerta ez dadin, garaia da indarrean dagoen espetxe politika errotik aldatu eta euskal jendartearen gehiengoaren bake eta konponbide nahiei modu positibo batean erantzutea. Bide horretan, konponbidera eta bakera hurbiltzen gaituen bidea egin asmoz, Herrirak datorren azaroaren 10an Baionan eta urtarrilaren 12an Bilbon egingo dituen mobilizazio erraldoietan parte hartzeko gonbitea luzatzen die herritarrei.

Aitzol Gogorza, gaixo larria, berriz ere espetxean aurkitzen da

Argazkian, Aitzol Gogorza aska dezatela eskatzeko kontzentrazioa Basauriko espetxe aurrean.

Aitzol Gogorza oreretarra, hamahiru gaixo larrietako bat, berriz ere espetxean aurkitzen da atzotik, bost egunez ospitaleratuta igaro ostean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Aitzol lasaiago aurkitzen da, izan ere, Basurtuko Ospitalean medikazioa egokitu diote, eta hemendik aurrera jarraipena egin beharko zaion arren, hobeto aurkitzen da. Behin medikazioa egokituta, atzo berriro ere espetxera bidali zuten, eta egun bere betiko ziegan aurkitzen da. 

Argi dagoena da espetxeak ez diola onik egiten ez Aitzoli eta ezta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamabi presoei ere. Espetxea ez da tokirik egokiena berarentzako. Kontuan izanik, gainera, gora behera handiak izaten dituela tarteka, espetxearen egitura bera eta bere arautegiaren zorroztasuna bere osasunaren kalterako daude zuzenduak. Izan ere, espetxeko aldian aldiko tentsio eta larritasunezko egoerek bere obsesio eta antsietatea larritzea baino ez du eragiten. 

Beraz, Aitzolek eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamabi presoek aske egon beharko lukete bere osasun egoerari era eraginkorrean aurre egin ahal izateko, bere inguru afektiboan txertatua eta bere osasunaren zainketa eta arreta zorrotz baten pean.

2012/10/18

Aitzol Gogorza preso gaixo larria Basurtuko Ospitalean aurkitzen da

Argazkian, Aitzol Gogorza aska dezatela eskatzeko kontzentrazioa Basauriko espetxe aurrean.

Aitzol Gogorza oreretarra gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoetako bat da eta atzo eguerditik Basurtuko Ospitalean ospitaleratua dago. Aitzolek gora-behera handiak izaten ditu, eta azken aldian animoz nahiko baxu aurkitzen zen. Egoerari buelta ematen ez ziola ikusita, espetxeko medikuek, Aitzolen konfiantzazko medikuek, eta Aitzolek berak ikusi zuten hoberena bera ospitaleratzea izango zela.

Senideek eta konfiantzazko medikuek ezin izan dute berarekin egon oraindik. Baina, datozen orduetan senideek bera ikusteko aukera izango dute.

2012/08/02

Uribetxeberria libre uzteko eskatu dio defentsak Auzitegi Nazionalari

Argazkia: © Mondraberri
Iturria: Berria.info

Iosu Uribetxeberria euskal presoa aske uzteko eskatu dio haren abokatu Ainhoa Bagliettok Espainiako Auzitegi Nazionalari, hark minbizia duela eta. Espetxeetako Zaintza epaileari egin dio eskaera; batetik, "gaixotasun larria eta sendaezina" izateagatik behin-behineko askatasuna emateko galdegin dio eta, bestetik, espetxe zigorra bertan behera uzteko.

Atzotik Donostia erietxean daukate Uribetxeberria, Leongo kartzelatik (Espainia) ekarrita. Donostiako ospitaletik Zaballakora (Araba) eramango lukete.

Herrira mugimenduak bihar 11.00etan jendaurreko agerraldi bat egingo du erietxe atarian, presoaren askatasuna aldarrikatzeko. Gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal presoen egoera salatzeko hamalau aulki huts izango dira.

Etzi 15:30ean Arrasaten manifestazio nazionala izango da, eta EH Bilduk jakinarazi du atxikimendua eman diola martxari.