Showing posts with label presoak. Show all posts
Showing posts with label presoak. Show all posts

2013/03/13

Herrirak elkartasuna adierazi die egunotan epaituak izan diren EHUko irakasleei

Argazkian, Antolin eta Aierdi Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak eta Juan Ignacio Perez Iglesias errektore ohiak lagunduta.

Herrirak elkartasuna eta babesa helarazi die gaur egunotan bi euskal deportatu politikoei ikasteko eskubidea bermatzeagatik epaituak izan diren Xabier Aierdi eta Enrique Antolin EHUko irakasleei. 

Prozesu judizial honek ez du inolako zentzurik, denboraz kanpokoa da eta ulertezina oinarrizko eskubideen errespetuaren ikuspegitik. Euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen eskubideak errespetatuak izan behar dira, horien artean ikasteko eskubidea noski. 
 
Beraz, epaiketa hau bertan bera geratu, irakasleak absolbitu eta preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen ikasteko eskubidea aldarrikatzen dugu. Herrira mugimenduarentzat, guzti honekin amaitu eta aurrera egiteko errezetarik onena euskal presoen eskubideak errespetatu eta konponbidea eta bakea eraikitzea da.

Korrika 18: Eman euskara preso eta iheslariei!

"Eman euskara elkarri" lelopean,  bihar abiatuko da aurtengo Korrika, hemezortzigarrena, Andoaineko Martin Ugalde kultur parketik, 16:30ean; hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren hilaren 24an Baionan amaitzeko. Algortara, hilaren 22an, ostirala, helduko da Korrika, 14:00 aldera. Herri, hiri, auzo, bailara edo eskualdetik pasatzerakoan, euskal preso eta iheslari politikoei euskara ematera deitu du Herrira mugimenduak.

Korrikaren ordutegiak Uribe Kosta eta Erandion:

Erandio udalerritik birritan igaroko da Korrika. Batetik, martxoaren 21ean, osteguna, Sondikatik helduko da 17:10 pasatxo Asuara, San Inazio (Bilbo) aldera egiteko 17:35 inguruan. Hurrengo egunean, hilaren 22an, ostiralarekin, berriro Erandion (Altzagan) sartu 12:15ean itsasadarra zeharkatuta eta Leioa, Itzubaltzeta / Romo, Algorta, Berango, Sopela, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Urduliz zeharkatuko ditu euskararen aldeko lasterketak. 17:35 inguruan joango zaigu, Laukizera bidean. 
  
Martxoak 21, osteguna

Erandio (Asua) 17:13

Martxoak 22, ostirala

Erandio (Altzaga) 12:15
Leioa 13:01
Erromo 13:33
Algorta 14:00
Berango 14:55
Sopela 15:16
Barrika 15:54
Plentzia 16:18
Gorliz 16:42
Urduliz 17:15 


2013/03/10

EHUko bi irakasle epaituko dituzte bihartik aurrera bi deportatuk egindako ikasketengatik

Argazkian, ikasle presoen aldeko mobilizazioa Leioa eta Erandioko campusean / cc-by Ukberri.net.

Astelehen honetatik aurrera epaituko dituzte Bilbon Jose Enrique Antolin Iria eta Xabier Aierdi Urraza EHUko irakasleak, bi deportatuk egindako ikasketengatik, besteak beste, Ukberri.net agerkati digitalak zabaldu duenez. Prebarikazio-delitua egotzita, lan-egiteko edo kargu publiko bat betetzeko 8 urteko inhabilitazioa eskatzen dute irakasle bakoitzarentzat. Akusazioaren oinarria ondokoa da: 1992/1993 eta 2001/2002 ikasturteetan, bi deportatu politiko matrikulaturik egon ziren EHUn, Egoera Bereziko Ikasleen Sistemaren barruan. Epealdi horren zati batean, Antolin Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultatearen dekanordea izan zen eta Aierdi tutorea. Horrenbestez, Cabo Verden zendutako Angel Lete Etxaniz ustezko etakideak Filosofia eta Zientzia Politikoak egin zituen, eta Dominikar Errepublikan zen Belen Gonzalez Peñalvak Zientzia Politikoak.

Euskal Herriko Unibertsitateko gaur egungo errektoretza taldearen, aurreko errektoretza taldearen eta unibertsitateko ikastegietako dekanotza zein zuzendaritza taldeen ordezkaritza zabal bat epaitegira hurreratuko da astelehenean (Buenos Aires kalea, 6), goizeko 9:30etan, Antolin eta Aierdiri babesa eta elkartasun osoa adierazteko. EHUko Gobernu Kontseiluak aho batez onartu zuen, 2012ko irailaren 27ko batzarrean, bi irakasleei sostengu osoa adieraztea. Beste horrenbeste egin dute unibertsitateko 1.033 irakasle eta ikertzailek, izenpetutako manifestu baten bitartez, Naiz.info agerkariak zabaldu duenez.

Epaiketarik ez!
Ikasteko eskubidearen jabe, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak herrira!

2013/03/06

Aurrekontuen onarpena ahalbidetzeko presoen senideei laguntza kendu die Berangoko EAJk

Argazkian, presoen aldeko ekimena Berangon / cc-by Ukberri.net.

Aurrekontuak onartzea ahalbidetzeko presoen senideei laguntza kentzea baietsi du Berangoko EAJk, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. "EAJk landutako aurrekontuetan aurreikusita zegoen ETAren senideei bidaiak ordaintzen laguntzeko diru-partida ezabatzea lortu du Berangoko PPk", adierazi du Lola Malo de Molina tokiko popularren tokiko bozeramaileak, komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean. Hori horrela, biharko udal osoko bilkuran Alderdi Popularra abstenitu egingo da kontuen bozketan, horiek onartzea ahalbidetuz. Malo de Molinak aipatutakkoaren arabera, "espetxe ezberdinetan beraien familiarrek ETAko presoak bisitatzeko 14.161 euro" aurreikusten zituen jelkideek aurkeztutako aurrekontuen zirriborroak. Berangoko PPko eledunaren iritziz, "gehien behar dutenen beharrizanak asetzea eta horiek lehenestea suposatzen du aurrekontuak lantzea". "Diru publikoa horrelako bidaiak ordaintzeko nola bideratu dezakeen helarazi genion EAJri", gaineratu duenez. Malo de Molinaren hitzetan, "sen onekoa" da diru-partida hori kentzea, eta hurrengo urteetan "berriro sartzea pentsatu ere ez izatea" espero du.

2013/02/18

Etxeratek 197/2006 dotrina geldiaraztera deitu du

Argazkian, atzoko batzarraren irudi bat / © Etxerat. 

Etxerat euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen senide eta lagunen elkarteak XII. Nazio Batzarra burutu zuen atzo Leioa eta Erandioko campusean. Urteroko hitzordu horretan, heldu den urteari begirako lan ildo nagusiak eta eginbeharrak finkatu zituzten, 197/2006 dotrinaren aurkako borroka lehenetsiz. Era berean, Espainiak Ines del Rio presoaren auzian salbuespen neurri hori mantentzeko jarritako helegitea Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegian aztertzen hasiko direla, martxoaren 20ko dataren inguruan lan egitera deitu dute. Egungo egoeraren diagnostiko atalean, "senide eta lagunok behin eta berriz argi utzi dugun bezala euskal preso politikoen egoerak okerrera egin du", azaldu zutenez. "Euskal jendartearen gehiengoak Bilboko kaleetan erakutsitako nahia eta egindako eskaera ez da bete. Horren lekuko direlarik gure senide presoek bizi duten egunerokoa, iheslari eta deportatuen egoera eta gure bizipenak. Mendekua besterik bilatzen ez duen espetxe politika anker baten ondorioak sufritzen ditugu guztiok; baita guk geuk ere, politika honen helburuetako bat baikara", salatu du Etxeratek.

2013/01/17

Kalerarock jaialdia, otsailaren 23an Durangoko Landako gunean

kalerarock-2013
Sarrerak salgai daude jada Algortako Amnistia tabernan, 14 eurotan.

Prestaketa lana oso aurreratuak daude eta sarrera asko eta salduta daude, oraindik hilabete baino gehiago falta den ekimen honetarako. Arrakasta ziurtatua dago beraz aurtengo edizioan ere. Kalerarock ekimenaren bidez musika eta elkartasuna lotu nahi dituzte antolatzaileek, bertan ateratzen den dirua espetxe politikak eragindako gastuak arintzeko izango delarik.

Aurtengoan Betagarri, Arcada social, Kop, Vendetta, Iheskide, Hesian, Kaottiko, Gozategi, Gatibu eta Governors taldeak izango dira protagonista.

Hemen duzue informazioa osoa: http://www.kalerarock.org

2012/12/27

Urte amaieran ere euskal preso eta iheslari politikoen alde!

Kaixo lagun,
 
Abenduko Azken Ostirala dugu urtean zeharreko ekitaldirik berezienetakoa. Aurten ere elkarretaratze deigarria, polita, hunkigarria... egin gura dugu, preso eta iheslariak gure artean behar ditugula aldarrikatu eta, bide batez, senideei herritarren babesa eta berotasuna helarazteko, gatibu zein familiarrentzat horren berezia izaten den urteko garai honetan. Horregatik, zuengana jotzen dugu beste behin ere, ekitaldian parte-hartzeko gonbitea eginez. Elkarretaratzea 20:00etan izango da bihar Algortako Telletxe plazan.

Bestalde, urteko azken egunerako, abenduaren 31rako, beste ekitaldi bat prestatu dugu. Triki-poteoa eta brindisa egingo ditugu: 19:00etan jarri dugu horretarako hitzordua, Amnistia tabernan.

Bihar zein astelehenean elkar ikusiko dugulakoan, ondo izan.


ALGORTAKO HERRIRA BILGUNEAREN TALDE DINAMIZATZAILEA

2012/12/20

Valladolideko espetxeko hormetaraino eramango dute Kitxu askatzeko aldarria

Gabon egunetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Itzubaltzetako Herrira bilguneak. Tartean, igande honetarako, abenduak 23, Villanublako (Valladolid) espetxerako autobusa antolatu dute, bertan preso dagoen Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herrikideak entzun ditzan. Horrenbestez, goizeko 8etan abiatuko dira Itzubaltzeta / Romoko Sabecotik. Aurretik eman beharko da izena, Branka herriko tabernan. Getxo irratiko eta Egin irratiko kazetari izandakoa 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. "Kitxu"-k hainbat liburu idatzi ditu espetxean.

Egitaraua:

Abenduak 23, igandea
08:00 Valladoliden Kitxuk entzun gaitzan busa (izena eman aurretik Brankan), Sabecotik abiatuta.

Abenduak 24, astelehena
20:30 Olentzeroren kalejira herrian zehar, Brankatik.

Abenduak 28, ostirala
20:00 Urteko Azken Ostiraleko elkarretaratzea.

Abenduak 31, astelehena
20:30 Preso eta iheslaririk gabeko Urte Barriaren aldeko brindisa, Gobelondo eta Aurrezki Kutxa kaleen kantoian.

Kitxu askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

2012/12/19

Xabier Makazaga iheslariak hitzaldia eskainiko du bihar Algortan

Argazkian, Xabier Makazaga iheslariak bideokonferentzia bidez parte hartu zuen Ataramiñe elkartearen uzta berriaren aurkezpenean, azaroaren 27an / cc-by Ukberri.net.

Gabonen inguruan prestatutako euskal preso eta iheslari politikoen aldeko ekitaldien artean, bihar, osteguna, "Ataramiñe'12" idazlan kolektiboaren aurkezpena hartuko du Eztabaida Guneak, 19:30etik aurrera. Horrekin batera, Bruselan dagoen Xabier Makazaga iheslari zarauztarrak bideokonferentziaz eskainiko du "Errealitatea eta fikzio gatazka politikoan" izenburuko hitzaldia. Hain zuzen ere, Makazagaren "Sasian barna" argitaratu du aurten Ataramiñe elkarteak. Gogoratu, bihar, Adierazpen Eguna ere izango dela. Hartara, ikastetxean, lanean edo kalean zaudela, urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorreko pegatina eramatera gonbidatzen zaitugu. Gainera, horri jarraiki, "Euskal presoak Euskal Herrira! Euskal presoak lantokietara!" lelopeko elkarretaratzea egingo du Algortan Eskumaldeko LABek. Hitzordua 12:30ean jarri dute Telletxe plazan.

Hurrengo hitzorduak:

Abenduak 21, ostirala
20:00 Elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan.

Abenduak 24, astelehena
Presoak Olentzerorekin, Algortako Amnistia tabernatik.

Abenduak 28, ostirala
20:00 Urteko Azken Ostiraleko elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan.

Abenduak 31, astelehena
19:00 Triki-poteoa eta brindisa, Amnistia tabernan. 

2012/12/18

Euskal presoak euskal lantokietara ekartzea aldarrikatuko dute ostegunean Algortan

Argazkian, LABek azaroaren 9an Algortan egindako kontzentrazioa / cc-by Ukberri.net.

"Euskal presoak Euskal Herrira! Euskal presoak lantokietara!" lelopean, elkarretaratzeak antolatzen ohi ditu Eskumaldeko LABek. Txorierri, Mungialdea eta Uribe Kosta hartzen duen Eskumaldeko LAB sindikatuak hilabetean behin egiten du kontzentrazioa Ipar Uribe eskualde handian, beti lehen ostiralean eta herriz herriz txandakatuz. Etzi, hilak 20, baina, estraineko aldiz ostegunean eta laugarren astean burutuko dute presoen aldeko kontzentrazioa. Hitzordua Algortako Telletxe plazan jarri dute sindikatuko kideek, eguerdiko 12:30ean. Data moldaketa horrekin, Eskumaldeko LABek bat egiten du urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorraren sustatzaileek etzirako deitutako Adierazpen Egunarekin. Egun horretan, herritar guztiak pegatina batekin ateratzera gonbidatu zituzten. "Nork bere lantokian, eskolan nahiz kalean, nahinora doala ere, pegatina soinean jantzita bere atxikimendua adieraztera gonbidatzen dugu", azaldu zutenez. Algortan, Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean daude eskura pegatinak. LABek baieztatu duenez, urtarrilaren 12ko manifestazioaren deialdia indartzeko asmoz, "egun horretan lantokietan gure delegatuek eta afiliatuek pegatinak eramango dituzte manifestaziora deitzen".

2012/12/15

Aurten espetxetik atera diren dozenaka lagun ere Bilbon izango dira


Ikusi Bilboko Branka agerkari digitalak egindako bideoa.

Egun on eta mila esker agerraldi honetara etorri zareten guztioi.

Lehenik eta behin, hemen bildu garen lagun guztien izenean besarkadarik sentikorrena helarazi nahi diegu espetxeetan eta deserrian diren lagun guztiei.

Aurki atzean utziko duguna urte berezia izan da guretzat. Espetxetik atera ginen urtea izango da 2012a. Urte luzez batzuek, denbora laburragoan besteek. Denok bizi izan dugu espetxearen gazia, eta denoi gelditu zaigu zerbait han barnean. Kalean egonik, gure ekarpena egin nahi diogu haiek guztiak ekartzeko egiten ari den lanari.

Espetxea oro har, eta euskal preso politikoen kasuan bereziki, pertsonen aurkako sistema konplexu bat da, pertsonen nortasunean eta izaeran eragiteko sortua. Espetxeak pertsonen desoreka bilatzen du, presoak pertsona izateari uztea. Eta horri guztiari helburu politikoak gehitzen zaizkio, arrazoi politikoen ondorioz preso hartu gintuztenon kasuan. Horregatik erabiltzen da euskal preso politikoen aurka espetxe politika bereizia. Militantzia politikoa zigortzen da: pentsamendu kritikoa, zapalketari aurre egin izana, elkartasuna eta jarduera politikoa. Eta gizarteratzea baino, militantzia hau amaitzea da helburua. Bai presoena, bai kanpoan militatzen jarraitzen dutenena ere.

Nola azaldu bestela, gaixo dauden presoen egoera? Nola azaldu minbizia duten pertsonak heriotzaren atariraino gatibu edukitzea? Nola azaldu urte luzez espetxean egon ostean, kalera irteteko eguna iritsi eta kartzelaldia beste hamar urtez luzatzea? Nola azaldu berrogei minutuko bisita bat egiteko, bi mila kilometro egin behar izatea?

Garai berri bat hasi dugu Euskal Herrian. Urteetako gatazka, sufrimendu eta zapalkuntza egoera irauli eta justiziaren eta askatasunaren gainean eraikitako bake egoera bat erdiesteko urratsak egiten ari gara. Baina gaur gaurkoz, alde batetik emandako urrats ausartek mespretxua eta itxikeria izan dituzte ia erantzun bakar. Presoen eta iheslarien egoera da horren ispilu, apenas aldatu baita azken urtean.

Oinarrizko giza eskubideak urratzea egunerokoa da espetxeetan: senide eta lagunen istripuak asteburukoak dira errepideetan.

Hamaika aldiz entzun dugu presoek jasotako zigorra bete behar dutela. Eta bitartean, zigorgabetasun osoa dute estatuen krimenek. Ez dago zigorrik 10.000 lagun torturatu dituzten arduradunentzat. Torturatzaileak eta gerra zikina egin dutenak indultatuta daude. Sakabanaketak eragindako heriotzek ez dute barkamenik merezi. Legez kanporatzea, komunikabideak ixtea, poliziaren bortizkeria, eskubide zibil eta politikoak ukatzea. Nork erantzun behar dio horri guztiari?

Sufrimendu askoren lekuko izan gara azken urteotan, eta izaten ari gara oraindik ere. Guk ez ditugu begiak ixten gertatu den guztiaren aurrean, baina konponbideak denontzat izan behar du onuragarria. Gatazkaren garaiak atzean utzita, datozenak soluzio urteak izatea nahi genuke. Gatazkaren ondorioei osotasunean egin behar zaie aurre, eta konponbide prozesu bati dagozkion neurriak norabide horretan erabaki eta hartu behar dira.

Eta erabaki horien artean egon behar dute euskal preso eta iheslari politikoei dagozkienak. Konponbide prozesuaren logikan, espetxeetan eta ihesean dauden euskaldunek herrirako bidea hartu behar dute, bai ala bai. Hori da gure ustez prozesu demokratikoak daukan geltokietako bat.

Ildo horretan, bat egin nahi dugu Herrira mugimenduak lehentasunez egiten dituen eskariekin. Euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzeak bidea egiten lagunduko luke ezbairik gabe. Urrats garrantzitsua izango litzateke, soluzioak eta bakea eraikitzeko. Horregatik, urrats hauek lehenbailehen egin behar direla uste dugu: gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, bizi osoko zigorra dakarten neurriak bertan behera uztea eta presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea.

Horiek horrela, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den Herri Mobilizazio Orokorrean izango gara gu ere. Eta gonbita egin nahi diegu aldarrikapen hauekin bat egiten duten herritar guztiei, Bilbon izan daitezen.

Denon artean Bilboko kaleak beteko ditugu. Denon artean hustuko ditugu espetxeak. Eta denon artean kartzela eta deserria herri honen historiako orrialdeetara eramango ditugu. Horrenbestez, Bilbon ikusiko dugu elkar.

Mila esker guztioi.

50 preso ohi

"Konponbide prozesuaren logikan, espetxeetan eta ihesean daudenek herrirako bidea hartu behar dute", adierazi dute 50 preso ohik

Iturria: Berria.info
Argazkian, preso ohiak atzo, osirala, Bilbon / Monika del Valle, ARP

Kartzelatik aurten atera diren dozenaka lagunek konponbidearen alde jarduteko deia egin dute: "Gatazkaren garaiak atzean utzita, datozenak soluzio urteak izatea nahi genuke". 

Preso ohien esanetan, konponbidea behin betikoa izan dadin, "denontzat izan behar du onuragarria". Gatazkaren ondorioei "osotasunean" heldu behar zaiela azaldu dute eta, beraz, euskal preso eta iheslari politikoen korapiloa askatu behar dela.

Hori "soluzioak eta bakea eraikitzeko urrats garrantzitsua" izango litzatekeela azaldu dute Bilbon, eta lehen urratsak "lehenbailehen" egitearen premia adierazi. Bide horretan, presoen eskubideak bete daitezela galdegin dute: gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzea, "bizi osorako zigorra dakarten neurriak" bertan behera utz daitezela, eta euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela.

Herrira mugimenduarekin bat egin dute. Urtarrilaren 12an Bilbon egingo den Herri Mobilizazio Orokorrean izango direla jakinarazi dute, eta bertan parte hartzeko gonbita egin diete herritarrei: "Denon artean Bilboko kaleak beteko ditugu. Denon artean hustuko ditugu espetxeak. Eta denon artean kartzela eta deserria herri honen historiako orrialdeetara eramango ditugu", adierazi dute Erika Bilbao eta Oskar Abad preso ohiek, guztien izenean.

Naiz.info (2012 Abe 14): Expresos animan a "conseguir que la cárcel y exilio se conviertan en páginas de los libros de historia"

2012/12/13

Bihar pegada-poteoa Algortan eta larunbatean murala Txorimalon!

Argazkian, Xabier Makazaga iheslariak bideokonferentzia bidez parte hartu zuen Ataramiñe elkartearen uzta berriaren aurkezpenean, azaroaren 27an / cc-by Ukberri.net.

Algortako Herrira bilguneak ostiral honetan, abenduak 14, abiatuko ditu Gabonen inguruan prestatutako euskal preso eta iheslari politikoen aldeko ekitaldiak. Horrenbestez, bihar, pegada-poteoa egingo dugu, 18:00etan Amnistia tabernatik abiatuta; eta 20:00etan, ohiko lez, kontzentrazioa izango da Telletxe plazan. Algortako Gazte Asanbladak (AGA) antolatutako Okupazio Astearen barruan, berriz, hainbat eragileetako lagunak horma-irudiak pintatzen izango dira Getxoko Txorimalo gaztetxean. Hitzordua goizeko 10etan jarri dute, eta Algortako Herrira bilguneko kideok ere egongo gara murala margotzen. Edonor igo daiteke gaztetxera horma-irudiak egiten laguntzera. Hortaz, animatu eta parte-hartu!

2012/12/11

Gabonetan... Algortako presoak herrira!



Urtarrilaren 12ko herri mobilizazio orokorrera bidean, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko ekitaldi ugari antolatu ditu Algortako Herrira bilguneak:

Abenduak 14, ostirala
18:00 Poteo-pegada, Algortako Amnistia tabernatik abiatuta.
20:00 Elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan.

Abenduak 17, astelehena
19:00 "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala, Algortako kultur etxean, Villamonten.

Abenduak 20, osteguna
19:30 "Ataramiñe' 12"-ren aurkezpena eta bideokonferentzia, Algortako Eztabaida Gunean.

Abenduak 21, ostirala
20:00 Elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan.

Abenduak 24, astelehena
Presoak Olentzerorekin, Algortako Amnistia tabernatik.

Abenduak 28, ostirala
20:00 Urteko Azken Ostiraleko elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan.

Abenduak 31, astelehena
19:00 Triki-poteoa eta brindisa, Amnistia tabernan. 

2012/12/06

Gazte borrokaz presoak etxera!

IMAG0085

Argazkian, Basagoiti Etorbidean, Algortako batzoki parean agertutako pintada.

Joan den asteartean, abenduak 4, euskal preso politikoen aldeko mezuez esnatu zen Algorta. "Gazte borrokaz presoak etxera" irakur daiteke oraindik kale kantoi eta hormetan agertutako pintadetan. Beste behin ere errepresaliatuen aldeko konpromisoa agerian utzi du herriko gazteriak. Gogoratu, besteak beste, ekainean gazte mugimenduak egin zuela azken ostiraleko mobilizaziorako deialdia, euskal preso eta iheslari politikoak etxera ekar ditzatela eskatuz. Bitartean, Herrira mugimenduak urtarrilaren 12an Bilbon egingo duen mobilizazio erraldoiak herritar, eragile, sektore, profesional eta norbanako ezberdinen ekarpen gehiago jasoz doa. Azkenetarikoen artean, lau kontinente ezberdinetatik atxikimendu sindikalak jaso ditu manifestazioak.

Azaroaren 10eko Baionako manifestazioan preso eta iheslari politikoen aldeko borrokan urrats kualitatiboa eta kuantitatiboa izan zela nabarmendu zuen Herrirak. Indar hori Bilboko manifestazioari begira jartzea da orain xedea. Urtarrilaren 12an lurrikara txiki bat eragin nahi duela jakinarazi du Herrirak. Inori kalterik egin nahi ez dion lurrikara izan nahi du, baina "batzuen" kontzientziak astinduko dituen mugimendu sakona. Funtsean, Herrirak espero du gatazka politikoaren konponbiderako mugarri izatea.

Bakeari bizkarra emanez jarraitzea eta oinarrizko giza eskubideen ukazioan tematzea gero eta ulertezinagoa dela dio Herrirak, eta baieztatu du eskubide urraketa horren gaitzespena gizartean nagusi dela. Urtarrilaren 12ko manifestazioak sostengu ugari jaso ditu dagoeneko, eta indartuz joanen da ordura arte. 17:30ean abiatuko da Casillatik, “Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” lelopean.

2012/11/23

Etxeratek urtarrilaren 12ko Mobilizazio Orokorrera dei egin eta senideek egun horretan bisitarik burutuko ez dutela jakinarazi du

Argazkian,  Etxerat elkartearen prentsaurrekoa, Bilbon, urtarrilaren 12ko manifestazioa bultzatzeko. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Bilbon eginiko agerraldi batean, Etxerat elkarteak «atxikimendu osoa» adierazi dio Herrira mugimenduak urtarrilaren 12an Bilbon deitutako Herri Mobilizazio Orokorrari. Era berean, asteburu horretan, Estatu espainol zein frantsesean, Britainia Handian, Eskozian, Irlandan edo Portugalen aurreikusita dituzten bisitak burutuko ez dituztela jakinarazi dute.

2012/10/25

Preso eta iheslariak Indabadara!

Argazkian, gazte mordoa Indabadaren aurreko edizioetako batean / cc-by Ukberri.net.

Urriaren 27an, larunbatarekin, izango da Algortan urtero egiten den babajanaren 13. edizioa, "Golkotan ez dau diru, baina hamahiru Indabada" lelopean. Aurrekoetan bezala animazioa, txistulariak, kupela, bazkari herrikoia, jolasak, poteoa, ekitaldia, zozketak… izango dira Bihotz Alai plazan, Algortako Gazte Asanbladaren eskutik. Euskal preso eta iheslari politikoak ere ez dituzte ahaztuta utziko. Besteak beste, herriko gatibuei idazteko postalak eta postontziak jarriko dituzte bertan. Beraz, animatu eta idatzi! Eurek eskertuko dute eta!

2012/10/19

Preso eta iheslariak Indabadara!

Argazkian, gazte mordoa Indabadaren aurreko edizioetako batean / cc-by Ukberri.net.

Urriaren 27an, larunbatarekin, izango da Algortan urtero egiten den babajanaren 13. edizioa, "Golkotan ez dau diru, baina hamahiru Indabada" lelopean. Aurrekoetan bezala animazioa, txistulariak, kupela, bazkari herrikoia, jolasak, poteoa, ekitaldia, zozketak… izango dira Bihotz Alai plazan, Algortako Gazte Asanbladaren eskutik. Euskal preso eta iheslari politikoak ere ez dituzte ahaztuta utziko. Besteak beste, herriko gatibuei idazteko postalak eta postontziak jarriko dituzte bertan. Beraz, animatu eta idatzi! Eurek eskertuko dute eta!

2012/09/12

Auzitegi Nazionalak "Barrura Begiratzeko Leihoak" filmaren kopia bat eskatu du



Iturria: Berria.info

Zinez ekoiztetxeak adierazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Barrura Begiratzeko Leihoak filmaren kopia bat eskatu du. Filmaren emanaldi pribatuak egin zituzten herenegun Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta deliturik izan den ikertzeko eskatu zuen atzo Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak.

Urkijoren ustez, litekeena da emanaldi horiek "terrorismoaren biktimen babeserako legeak urratzea". Donostiako Udala ere delitu baten egile izan daitekeela uste du Urkijok, Zinez ekoiztetxeari Viktoria Eugenia antzokia alokairuan uzteagatik filmaren emanaldirako. Emanaldien aurretik, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari haiek eragozteko eskatua zion Urkijok; horretaz gain, emanaldien iragarpenaz ohartarazia zuen Zaragoza, delitu zantzurik ikusiz gero debeka zitzan.