Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14
solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta
Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har
ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San
Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko
kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten
eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta
eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14
ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira
Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta)
eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian,
errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo
Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba)
eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin
Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier
Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten
agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta,
bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako
Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko
ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.
