665 euskal preso politiko daude sakabanatuta Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Portugalgo, Ipar Irlandako, Ingalaterrako eta Mexikoko espetxeetan, edota euren etxeetan. Zoritxarrez kolektibo honi behin eta berriz aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurriek hainbat ondorio dituzte gure senide eta lagunek osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboarengan. Gure senide eta lagunek bizi dituzten egoera hauek salatzea eta gertaera hauekin amaitzea da gure helburuetako bat; horregatik, otsaileko hilabetekari honetan bildu ditugu urtarrileko azken egunetan eta otsailean gertatu diren gertaera nagusiak.
Hilabetekari honetan ikus daiteke Espainiako eta Frantziako Gobernuek ez dutela konponbidearen aldeko inongo aurrerapausorik emateko asmorik, are gehiago atzerapausoak etengabe ematen ari dira. Gure senide eta lagunei biziarteko zigorra aplikatzen jarraitzen dute, honek sor ditzakeen ondorio sikologiko nahiz fisikoak kontutan hartu gabe. Honela, jada kondena beteta duten presoei 197/2006 doktrina aplikatu eta hamar urtez luzatzen diete zigorra. Guztira espetxe zigor osoa bete eta Auzitegi Gorenak 197/2006 doktrina aplikatua duten 54 preso politiko daude. Eta espetxe zigorra oraindik bete gabe dutenen artean 9 presok dute 197/2006 doktrina aplikatua. Beste 14 presok 197/2006 doktrina aplikatua dute, baina baldintzapeko askatasunean daude. Guztira 73 euskal preso politiko daude Auzitegi Gorenak 197/2006 doktrina aplikatu dietenak. Kalean egon beharko luketen, baina doktrina aplikatu eta espetxean jarraitzen duten presoen artean aurkitzen dira Patxi Gomez (berriz espetxeratu berria) eta Juan Ignacio Delgado.