Showing posts with label xabier galdeano. Show all posts
Showing posts with label xabier galdeano. Show all posts

2013/04/08

Omenaldia egin zaio Xabier Galdeanori Algortan

Argazkian, Xabier Galdeanori ostiralean egindako omenaldia / cc-by Ukberri.net.

Joan den ostiralean bi hitzordu hartu zituen Algortako Telletxe plazak. Batetik, ostiralero bezala, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko kontzentrazioa egin genuen, iluntzeko zortzietan, ehun bat lagun inguruk, Xabier Lopez Peña galdakoztarraren eta Anjel Figueroa Fernandez algortarraren heriotzak gogoan. Errepide parean, ordu batzuk beranduago "ezezagunek" desagertaraziko zuten pankartak argiro erakusten zuen larunbateko Bilboko herri mobilizaziorako deia, muturreko espetxe politikari erantzuna eman eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei salbuezpen neurriak eten ditzatela exijitzeko asmoz. 

Ordu erdi beranduago, berriz, GALen mertzenarioek orain 28 urte eraildako Xabier Galdeano Arana "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetaria gogoratu genuen, Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak antolatutako ekitaldian. Omenaldian zehar, bertsoak, aurreskua eta lore sorta eskaintza egin ziren, Xabierren alabak ere bertan zirela. Ondoren, algortarraren bizitza eta ibilbideari errepasoa egin zioten bi hizlarik, baita haren erailketa salatu ere; ekitaldia "Eusko Gudariak" abestuz amaitu aurretik. 

GALek 1985eko martxoaren 30ean hil zuen, tiroz, Xabier Galdeano, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, bere etxetik gertu, egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera zihoala.

2013/04/03

Xabier Galdeano gogoratuko dute ostiralean Algortan

Argazkian, Xabier Galdeano gogoratzeko pankarta aurreko omenaldi batean / cc-by Ukberri.net.

Joan zen larunbatean, martxoak 30, izan ziren 28 urte, GALen mertzenarioek Xabier Galdeano Donibane Lohizunen hil zutenetik. Gauzak horrela, ostiral honetan, apirilak 5, ekitaldia izango da Algortan erailketa hura gogoratzeko. Hitzordua iluntzeko 8:30ean jarri du Telletxe plazan Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak, algortarrari eta bere sendiari omenaldi xumea egiteko. Galdeano "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetaria izan zen. GALek hil zuen, tiroz, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, bere etxetik gertu, egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera zihoala. 

Xabier, zure irribarretik sortzen da gure indarra!

2013/03/30

Gaur bete dira 28 urte Xabier Galdeano erail zutenetik

Gaur, martxoak 30, dira 28 urte, GALen mertzenarioek Xabier Galdeano Arana Donibane Lohizunen hil zutenetik. Algortarra "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetaria izan zen. GALek hil zuen, tiroz, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, bere etxetik gertu, egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera zihoala. 

Xabier, gogoan zaitugu!

2012/04/25

Eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia izango da larunbatean Algortan

Dozenaka herritar bildu gara gaur arratsaldean Algortako Telletxe plazan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz zein Ertzaintzaren eskutik heldutako azken debekuak salatzeko. Besteak beste, GALek orain 27 urte eraildako Xabier Galdeano kazetari algortarraren aldeko ekitaldia, Aitor Elortza Unanue errefuxiatua zenari duela sei urtetik egiten zitzaion omenaldia eta presoen urtebetetzeak galarazi dituzte. Horretaz gain, astegunetan egun ohi duen kontzentrazioetan jazarpena jasaten ari da azken aldian Etxerat elkartea. Euskal Herrian zabaldu berri den galdu ezinezko aukera honetan, orain arte gertatu ez direnak ikusten ari gara. Hala ere, ez dugu besoak gurutzatuta gelditzeko asmorik. Konponbidea behar dugu! Hori dela eta, larunbat honetan, apirilak 28, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia egingo dugu Algortan. 13:00etan izango da Telletxe plazan.

2012/04/24

Bihar azken debekuak salatzeko prentsaurreko jendetsua Algortan

Argazkian, martxoaren 30ean, azken ostiraleko elkarretaratzea eta Xabier Galdeanoren omenaldia galarazi zituen Ertzaintzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz.

Azken hilabeteotan Algortan gertatutako azken debeku eta galarazpenen aurrean (Xabier Galdeanoren omenaldia, martxoko azken ostiraleko kontzentrazioa, Etxeraten eguneroko elkarretaratzeak, presoen urtebetetze jaiak, Aitor Elorzaren urteurrena...), prentsaurreko jendetsua izango da bihar, hilak 25. Hitzordua 19:00etan izango da, Algortako Telletxe plazan. Horiek guztiak salatu eta larunbateko ekitaldia deitzea izango da horren helburua. 

Algortako Herrira bilgunea ere kaltetua den aldetik, biharko prentsaurreko jendetsura agertzea eskatu gura dizuegu. 

Bertan elkar ikusiko dugulakoan. Ondo izan.

2012/03/30

Auzitegi Nazionalak aginduta, azken ostirala eta Galdeanoren omenaldia galarazi ditu Ertzaintzak

Daniel Porterok zuzentzen duen Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak jarritako salaketaren ondorioz, gaurko, Algortako Telletxe plazan deituta zeuden bi ekitaldiak debekatu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Herrirak deitutako elkarretaratzearen erdian agertu dira Ertzaintzaren furgoneta bat eta Brigada Higikorreko beste bi, bertan bildutako 300 bat lagun zur eta lur utziz. Plaza inguruan zabaldu dira, armak eskuan, poliziak. Dirudienez, Xabier Galdeanori egin behar zitzaion omenaldiagatik izan da salaketa, GALek orain 27 urte eraildako "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetariaren alabetako bati adierazi diotenez. Epailearen autoa, ordea, ez dute erakutsi. Preso eta iheslarien aldeko hileko azken ostiraleko kontzentrazioa legala zela aitortu omen du ertzain buruak. Hala ere, komisariatik esan dute Auzitegi Nazionalaren agindua "argia" zela: "20:00etatik aurrera Telletxen egin beharreko guztia debekatuta" zegoela.

Algortako Herrira bilguneko kideok zein Galdeanoren alabak ordu laurden luzez ertzain buruarekin hitz egiten egon ostean, bi ekitaldiok bertan behera utzi behar izan ditugu; bildutakoen amorru aldarrien artean. Jendeari horixe bera iragarri behar genionean, "presaka ibiltzeko" esan digu Brigada Higikorreko kideetako batek. Behin guztia bukatuta, autoa eskatu eta salaketa jartzera joan dira Neguriko ertzain-etxera Galdeanoren senitartekoak.