Argazkian, Gibelurdiñek gaurko elkarretaratzean.
Azaroa joan da gure egutegitik eta euskal jendarteak konponbide justu eta demokratiko baten bidean orriak kentzen jarraitzen du. Eskubideen aroari ateak arrapaladan zabaldu nahi dizkio gure herriak. Bide horretan, tamalez, oraindik ere badira lan nekezak. Aldapa gogor horiek guztion artean, txandakatuz eta indarrak bilduz igoko ditugu.
Lan zail bezain miresgarri horietako bat espetxe politikarekin amaitzea da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) berriki kaleratu duen agiriak beste behin ere muturreko salbuespen neurriak pairatzen duten presoen egoeraren gainean jarri du arreta. Horiek horrela, era kolektibo batean hartutako erabakia izanik, gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituen presoek baldintzapeko askatasuna eskatuko dute.
Horien artean, bereziki larria da Txus Martinen kasua. Basauriarra Langraizko espetxera eraman dute eta bere eskubideekin behin eta berriz jolasten ari dira. Ez da onargarria osasun egoera larria pairatzen duen pertsona baten eskubideak ez bermatzea eta espetxeratuta mantentzea. Txus Martin eta gaixotasun larriak pairatzen dituzten beste presoak askatu behar dituzte.
Mendekuan eta errepresio eta erabilpen terminoetan oinarritutako 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoek ere euren askatasuna eskatuko dute. Guk, euskal jendartearen gehiengo zabalarekin bat eginez, argi dugu: Bizi Osorako zigorra ahalbidetzen duen doktrinak ez dauka lekurik Euskal Herrian. Hortaz, 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoak edo euren zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteta dituzten presoak inolako baldintzarik gabe askatu behar dute.
Astebururo milaka euskal herritar errusiar erruleta maltzur batean murgiltzearekin amaitu behar dugu baita. Sakabanaketak eskubideak etengabe urratzen ditu eta euskal jendartearen gehiengo erraldoi baten kontrakotasuna du.
Neurri hauek zabaltzen ari den aro berriaren kontra doaz bete-betean. Iraganeko orri beltzenen koaderno tristean geratu beharrekoak. Espetxe politikarekin batera, prozesu eta epaiketa politikoek ere atzean geratu beharko lukete. Egunotan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide den Oihana Agirreri zortzi urteko espetxe zigorra berretsi diote. Epai erabat injustoa da. Euskal preso politikoen eskubideen alde lan egiteak euskal jendarteak erabat begi onez ikusten duen jarduna da. Hortaz, Oihana Agirreren kontrako sententziak konponbide demokratiko, bake itxaropen eta beharren aurka jotzen du.
Hortaz, hamaika dira kalera ateratzeko ditugun arrazoiak. Urtarrilaren 7an Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko Herri Mobilizazio Orokorra deitu du Egin Dezagun Bideak. Une eta momentu gogoangarria behar du. Mugarri masibo, parte hartzaile eta aldarrikatzailea.
Kaleak bete behar ditugu kartzelak hustutzeko, preso eta iheslariak etxera ekartzeko. Gure herrian eskubide guztien errespetua, konponbide demokratikoa eta bake justua finkatzeko.
Urtarrilaren 7ko Herri Mobilizazio Orokorrak kolosala behar du. Horretarako, gure herri, auzo eta hirien erdigunetan inoizko elkartasun olaturik erraldoiena hartu behar dugu. Lanak merezi du eta gure lana biderkatu beharko dugu. Bitarteko eta lan formula berriak sortu eta garatu beharko ditugu beti ere Egin Dezagun Bidearen filosofiarekin bat eginez.
Herriz herri Herri Bilgune zabal, ireki eta parte hartzaileak sortuz. Urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorrari begira hainbat dira herri ezberdinetan burutuko diren mobilizazioak, hitzaldiak, mahai inguruak, erakusketak, lehiaketa herrikoiak, afariak, futbito txapelketak, propaganda banatuz, urtarrilaren 7an Bilbora joango diren autobusak nonahi antolatuz...
Sektore guztien inplikazioa ezinbestekoa da, ahalik eta ate gehienak ukitu behar ditugu bai Euskal Herrian baita nazioartean ere. Ahalik eta eragile, alderdi, sindikatu, talde, norbanako, profesional eta lagunengana eraman behar dugu urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorraren deialdia.
Aste bakarrean, www.kolosalaizangoda.info webgunean, 4.000 atxikimendutik gora bildu ditugu. Bertan deialdiaren inguruko informazio guztia da. Dei egiten dizuegu atxikimendua bidali eta gure inguruan deialdia zabaltzera, baita gure herri, auzo eta hirietan egiten diren ekimen guztiak zabaltzera: Argazkiak eginez, ekimenak bideoan grabatuz edo gure herriko sektoreak inplikatu eta grabazio bereziak eginez, blog eta webguneak sortuz...
Denon esku dago urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorra KOLOSALA IZATEA!
Egin Dezagun Bidea
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.