Argazkian, Beñat Zarrabeitia eta Nagore Garcia gaurko prentsaurrekoan Donostiako Kafe Antzokian.
Egin Dezagun Bidea ekimenak urriaren 29an aurkeztu zuen Bilbon datorren urtarrilerako antolatzen ari den Herri Mobilizazio Orokorra.
Azken urteotan izan den mobilizaziorik handienaren prestaketa lanetan aurrera jarraitzen dugu. Euskal Herrian eta nazioartean eremu ezberdinetan lan egiten duten 300 lagun baino gehiagok eman diote jada bere sinadura manifestuari. Datozen asteotako lana mobilizazio honi begira ahalik eta babes zabalena biltzea izango da.
Horretarako, lehen asteotan herritar ezagunen ateak jo ditugu, gizarteko eremu ezberdinetan nolabait erreferentzia direnena. Baina mobilizazio hau herriarena, herritarrena izango dela argi izanda, datozen egunetan herritar orori eskainiko diogu sinadura emateko aukera. Milaka eta milaka sinadura batu nahi ditugu abendua amaiera bitarte. Datorren astetik aurrera webgune bat jarriko dugu martxan, bertan Euskal Herriko nahiz munduko norbanako eta erakundeek euskal preso politikoen eskubideen aldeko sinadura emateko parada izango dute. Bertan, gainera, manifestua 10 hizkuntza ezberdinetan baino gehiagotan izango da eskuragarri.
Honekin batera, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialekin bilkurak burutzen ari gara egunotan, haiei ere manifestua aurkeztu eta manifestazio honetan parte hartzeko gonbidapena luzatuz. Gure asmoa da ahalik eta alderdi politiko, sindikatu eta eragile gehienekin bilkurak egitea. Oso gustura gaude harreman hauek ematen ari diren emaitzarekin, eta bilkura guztiak amaitutakoan egingo dugu honen inguruko balorazio zehatza.
Une honetan pisuzko arrazoiak daude Bilbon burutuko den manifestazioa kolosala izan dadin. Presoek bizi duten egoerak kalera irtetea eskatzen du. Espetxeetako egoerak bere horretan jarraitzen du, eta horren adibidea da Txus Martin Basauriko euskal preso politikoak bizi duen egoera. Martín Basauriko espetxera ekarri dute, baina oraindik espetxean preso jarraitzen du gaixotasun larriak jota egon arren. Honekin batera sakabanaketa eta bizi osorako espetxe zigorrak indarrean jarraitzen dute, espetxe politikaren ankerkeria egunez egun mantenduz.
Beharrezkoa da mobilizazioa. Beharrezkoa da norbanako edo erakundeek jarrera argia hartzea injustizia honen aurrean. Beharrezkoa da inplikazioa, beharrezkoa da bakoitzak gure eremuan egin dezakegun lana.
Manifestazio hau guztion artean antolatzeko deia luzatu nahi dugu beste behin. Autobusak antolatuz, propaganda eginez, ikastetxe eta lantegietan batzarrak antolatuz, ahoz aho zabalduz, iaz joan ez zirenak aurten joan daitezela animatuz... Denon esku dago urtarrilaren 7an Bilboko kaleak txiki uztea.
Gure aldetik, beraz, herritarrei honako bi dei luzatu nahi dizkiegu:
- Batetik, presoen eskubideen aldeko manifestua sinatu eta lau haizetara zabaltzeko deia egiten dugu. Datorren astean eginen dugu publiko manifestua.
- Bestetik manifestazio honen prestaketa lanetan konpromisoak hartzeko deia luzatzen diogu herritarrei. Bakoitzak bere eremuan, bakoitzak bere neurrian.
Manifestazio honen aldarrikapenak gogora ekarriz amaitu nahi dugu gaurko agerraldia.
- Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea
- Espainiar estatuan ezartzen den 197/06 doktrina bertan behera uztea, eta zigorra bete duten presoak askatzea. Finean, bizi osorako espetxe zigorrarekin amaitzea.
- Frantziar estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera uztea, baldintzapeko askatasunei bide emanez.
- Zigorraren 3/4ak bete dituzten presoen kaleratzea.
- Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, eta bestelako gaixotasunak dituzten presoen zaintza egokirako beharrezko neurriak hartzea. Finean presoen osasunerako eskubidea bermatzea da eskatzen duguna.
- Ireki den aro berrian gatazkaren soluzio bidean modu positiboan eragiteko frantziar eta espainiar estatuek darabilten espetxe politika konponbide gakoetan ezartzea.
Urtarrilaren 7ko Herri Mobilizazio Orokorrera begira hainbat dira eremu ezberdinetatik datorren asteotan burutuko diren ekimenak. Tartean hitzaldiak, baraualdiak, agerraldiak, kontzertuak, bertso saioak, etab. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu bai ekimen hauetan, bai Herri Mobilizazio Orokorrean parte hartzera.
Urtarrilaren 7ko Herri Mobilizazio Orokorrak 300 atxikimendu
Egin Dezagun Bidea
www.egindezagunbidea.info
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.