2012/04/27

Algortako lau presok zigorraren 2/3ak edo 3/4ak beteta dauzkate

Argazkian, martxoko azken ostiraleko kontzentrazioa Algortan.

Etxerat elkarteak plazaratutako apirileko hilabetekariaren arabera, egun 168 euskal preso politikok zigorraren 2/3ak edo 3/4ak beteta izateagatik, baldintzapeko askatasunari esker kalean beharko lukete, eta hala ere espetxeraturik mantentzen dituzte. Besteak beste, egoera horretan daude, Paul Asensio Millan, Gorka Garcia Sertutxa "Patas", Aimar Hidalgo Lertxundi eta Iñigo Otazua Urresti "Oti" algortarrak; baita Jagoba Terrones Arrate berangoztarra eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra ere. Egun EPPKn Algortako 15 gatibu dago. "Beste behin euskal preso politikoei salbuespeneko neurriak ezartzen zaizkiela ikus daiteke. 168 pertsonek urteak daramatzate espetxean eta zigorraren 2/3 eta 3/4ak beteta baldintzapeko askatasunean beharko lukete, baina espetxean jarraitzen dute", salatu du Etxeratek. 

Apirileko hilabetekarian kartzeletan jasotako hainbat gertaeren berri eman du Etxeratek. Gorka Garcia Sertutxa "Patas" eta Anabel Egues Gurrutxaga elduaindarra Algecirasen preso dauzkate. Bikote dira, eta Madrildik agindu bat jaso berri dute senideekin bisitak egitera ateratzen direnean elkar ezingo dutela ez agurtu, ez besarkatu, ez hitz egin... Hori horrela ez bada, egun horretako bisita kenduko zaie biei. Bestalde, Urtzi Paul Larrea algortarrak eta Sevilla II espetxean dauden gainontzeko presoek patiora txanda berean ateratzeko eskaera egin, eta zuzendariarekin hitz egin ondoren baiezkoa eman zieten arren, egoera berean jarraitzen dute. Apirilaren 9an protestaldi bat burutu zuten, ziegan itxialdia eginez, hori salatzeko. Azken asteetan hainbat itxialdi burutu dituzte horrez gain; honela, egoera ezberdinak salatu nahi izan dituzte: kide batzuk bi hilabetez ur berorik gabe egotea, funtzionarioen jarrera erasokorra... Bitartean, Salamancako Topas kartzelan, berriz, istilu batzuk izan ondoren, presoei erratza eta fregona ziegan izatea debekatu diete. Bertan daukate Iñigo Otazua Urresti algortarra.

Bisitak

Aitor Cotano Sinde preso politiko algortarraren amari bi hilabetez semea ez ikusteko zigorra ezarri diote. Etengabe errepresioaren kontrako Uribe Kostako agerkari digitalak azaldu zuenez, "aurreko batean Aitor bisitatzera Valdemoroko espetxera joan zirenean, bere anaia miatu nahi izan zuten kartzelariek, eta horrek uko egin zion. Orduan, amak protesta gisa horren arrazoiak idatziz ematea eskatu zuen". Horren ondorioz, bi hilabetez semea ikusteko debekua iritsi zaio Cotanoren amari.

Epaiketak

Aitor Cotano eta Arkaitz Goikoetxea preso getxoztarrak apiril erdialdean epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nagusian. Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakera egotzita, bakoitzarentzat 44 urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Baita 40.000 euroko kalte ordaina ere, lehergailuen indargabetze lanetan artezilarietako bat zauritu zelako. Hain zuzen ere, Madrilen zirela jakin zuten bi gazteek, beste auzi batean Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren berri.

Benjamin Atutxa Eibarreko PSE-EEren zinegotzia "bahitzeko eta hiltzeko" ustezko saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez preso getxoztarrak absolbitu zituen 2011ko apirilean Auzitegi Nazionalak. Epaiaren arabera, "ekintza abiatu eta hori gauzatzeko zaintza lanak egin zituzten arren, azkenean bertan behera utzi zutela ulertuta". Orain, baina, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Azkorriko gaztearen absoluzioa, eta 3 urteko espetxe zigorra ezarri dio. Gorenak onartu egin du Ministerio Fiskalak absoluzioaren aurka aurkeztutako helegitea, eta "legez kanpoko atxiloketa terrorista delitua egiteko konspiratu izana" leporatu dio Goikoetxeari. Aipatu 3 urteak orain urtebete jarritako espetxe zigorrari gehitu behar zaizkio: Goikoetxeari 22 urteko kartzelaldia ezarri zioten, Cotanori 16 urtekoa eta Gutierrezi 14 urtekoa. Hirurei erakunde terroristako kide izatea, lehergaiak gordetzea eta armak edukitzea leporatu zieten. Horretaz gain, faltsutze delitua egotzi zioten lehenengoari. Aipatu zigorrak berretsi ditu oraingoan Gorenak.

Berri onak

Orain aste batzuk aita izan da Paul Asensio Millan eta laster ekarriko dute alaba ikustera. Asteartean atera zuten Alacant aldeko Villena espetxetik eta bidean da jada. Bestalde, joan den ostiralean kaleratu zuten Iker Beristain Gutierrez "Beris" algortarra eta, atzokoan, Gotzon Alcalde Etxeandiari heldu zitzaion txanda.

Etxerat elkarteak plazaratutako 2012ko apirileko hilabetekaria (pdf)

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.