Herrirak udako kanpaina aurkeztu zuen ostirala arratsaldean Donostiako
Haizearen Orrazian buruturiko agerraldi baten bidez. Bertan parte hartu zuten baloiarekin edo pilotarekin harremana izan duten eta duten
kirolariek. Hemen duzue Iratxe Ibarrak irakurritako testua eta
agerraldiko parte hartzaileen zerrenda.
Iratxe Ibarraren hitz hartzea:
Arratsalde on,
Gutariko bakoitzak, modu batera edo bestera, baloi edo pilota batekiko konpromisoa hartu izan dugu gure bizitzetan zehar.
Orduak eman ditugu forma borobila duen figura honi loturik. Momentu
onak eman dizkigu, hainbat buru hauste ere. Emozioak ekarri dizkigu eta
gauza asko eraiki izan ditugu baloiaren inguruan.
Momentu jakin honetan, beste baloi batekin konpromisoa hartu dugu,
hala beharrezkoa sentitzen dugulako. Euskal pilota aurkezten dizuegu:
bakea eta konponbidea eraikitzeko, preso eta iheslarien egoerari
irtenbidea emateko erronka historikoa.
Horixe da gaurtik aurrera gure eskuetan hartzen dugun pilota, jendeari zabaldu nahi dioguna, eskuz- esku, bere bidea egin dezan.
Izan ere, gobernuek beren eskuetan dute kartzela politikaren giltza.
Pilota haien teilatuan dagoela bistakoa da. Baina jendartean dugu
gobernuak pausuak ematera mugitzeko giltza.
Euskal pilotak lehen botean kartzela politika aldatu eta presoen giza
eskubideen errespetua bilatzen du: denak Euskal Herrira ekartzea, eta
gaixotasun larriekin, zigor osoa edota 3⁄4 beterik direnak askatzea.
Konponbidean presoen inplikazioa posible egingo duten egoerak sortuz
horrela, gatazkaren parte den oro soluzioaren parte izan dadin, inor
baztertu edo menperatzeko joerak alboratuz. Bai eta iheslarien aurkako
errepresaliak desagertuz ere, haien herriratzeari aukerak irekiz.
Bigarren botean bake egoera sortu eta egonkortzeko urratsa eman nahi
du euskal pilotak. Hau da, gatazkak sorturiko ondorio eta egoera guztiak
konpontzea, tartean preso eta iheslari guztiak herriratzea.
Pixkanaka, modu ordenatuan, elkarrizketaren bidetik eta giza
eskubideen errespetutik saihestezina den bide hau jorratu behar dela
pentsatzen dugu, 600 preso eta ehunaka iheslari izanik ezinezkoa baita
tajuzko bake egoerarik eratzea. Intentzio politiko eta lehia
elektoraletatik libre behar duen zeregina da honakoa, arerioa
menperatzeko ahaleginak ibilbide honetan ez dute lekurik, eta
herritarrok gara bakea eta soluzioen hartzaileak, bai eta honenbestez, protagonista nagusiak ere.
Ez dezagun aukera hau oharkabean pasatzen utzi. Inoiz ezagutu gabeko
aukera berriak daude gurean. Denok dugu gure eskuen artean parada itzel
bat: eskubide galerak bukatzeko, askoren sufrimendua eta bazterkeriak
atzean uzteko, eta irtenbide justu bezain egokiak eraikitzeko.
Partaideak:
Ainhoa Garmendia (Euskal pilotako paleta jokalaria)
Aratz Mendizabal (pilotari ohia)
Asier Alvarez de Eulate (Ordizia Rugby taldeko jokalaria)
Eba Ferreira (Atleticeko futbol jokalaria)
Estitxu Pierola (Euskal pilotako paleta jokalaria)
Iker Sarriegi (Realeko futbol jokalari ohia)
Iratxe Ibarra (pilotaria eta bertsolaria)
Itsaso Perez (Eskubaloi jokalaria)
Izaro Arbe (Sesta puntako jokalaria)
Karmele Lopez (futbolaria)
Lurdes Lete (futbolari ohia)
Maider Mendizabal (pilotaria)
Mikel Aranburu (Realeko futbol jokalari ohia)
Mikel Epalza (Gaztedi Rugby taldeko jokalaria)
Onintza Mokoroa Gonzalez (La Unika Rugby taldeko jokalaria)
Patri Espinar (pilotako teknikaria)
“Haritz” (pilotari ohia)
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.