Bihar, hileko azken ostirala izanik, presoen eskubideen
aldeko elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herri osoan zehar, Herrira mugimenduak deituta. Uribe Kostan eta Erandion ere hamaika dira
deialdiak. Itzubaltzeta / Romon, ohi bezala, arratsaldeko 8etan jarri
dute hitzordua Areetako Xake plaza eta Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo
kalea batzen diren gunean. Horren ostean, baina, ez ohiko bertso-afaria
prestatu dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan dabiltzan Jone Uria eta
Arrate Illaro algortarrekin zein Inaxio Vidal leioaztarrarekin. Uria
Bizkaiko finalista izateaz gain, Uribe Kostako txapelduna izandakoa da.
Illaro eskualdeko egungo txapelduna da eta Vidal Uribe Butroeko
finalista izan da aurten, bere estraineko txapelketan. Bertso-afaria
21:30ean abiatuko dute Itzubaltzeta gaztetxean. Txartela aurretik eskura
daiteke Algortako Abian elkartean eta Itzubaltzeta / Romoko Branka,
Gure Etxea eta "Txiskales"-en tabernetan, zortzi eurotan, epemuga
ostegun gauean jarri dutela. Azken unera arte itxarongo duenak hamar
euro ordaindu beharko du, ordea.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.