2012/11/23

Auzitegi Nazionalak ez du aztertu ere egin Estrasburgoren ebazpena

Iturria: Berria.info

Hogeita lau euskal presori "Parot doktrina" ezartzea berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Erabakia hartu duten epaileek aztertu gabe utzi dute Europako Giza Eskubideen Epaitegiak 'Parot doktrinaren' aurka kaleratutako ebazpena.

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu 24 euskal presok 'Parot doktrina' ezarri izanaren aurka aurkeztutako helegiteak. Epaileek argudiatu dute horietako kasu batzuk Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain daudela oraindik eta beste batzuei lehen ere bota zietela atzera babes helegitea. Gainontzekoek, berriz, ez dituzte beharrezko baldintzak betetzen, Auzitegi Nazionalaren arabera.

Zigorra berretsi dietenen artean dago Ines del Rio presoa; kasu horretan, Auzitegi Nazionaleko epaileek diote lehen ere ukatu zitzaiola helegitea. Hain zuzen, joan den uztailean Parot doktrinaren aurkako ebazpena kaleratu zuen Estrasburgoko Auzitegiak, Del Rioren kasua oinarri hartuta. Del Rio aske uzteko eskatu zion Espainiari, baina hark ez zuen ebazpena bete, eta helegitea aurkeztu zuen joan den urriaren 4an.

Gaur bertan, Bilduk, Nafarroa Baik, Ezkerrak eta Geroa Baik Del Rio aske uzteko eskatu dute Nafarroako Parlamentuan. Mozio baten bidez, Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena betetzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, baina proposamenak ez du aurrera egin, UPNk, PSNk eta PPk ez baitute babestu.

"Bizi osorako zigorra"

197/2006 doktrina ezartzeak Espetxe Zuzendaritzak legez jasotako zigor murrizketak preso bakoitzaren zigor osotik egitea dakar, gehinezko 30 urteko zigorretik egin beharrean. Horrela, kaleratze data hainbat urtez luzatu diete 60tik gora presori. Etxerat elkarteak salatu izan duenez, "bizi osorako zigorra" dakar doktrina hori ezartzeak. Une honetan, hogei presoren kasuak daude Estrasburgoko Auzitegian, haien abokatuek 197/2006 doktrinaren aurkako helegiteak aurkeztu baitzituzten joan den urriaren 15ean.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.