Ikusi Bilboko Branka agerkari digitalak egindako bideoa.
Egun on eta mila esker agerraldi honetara etorri zareten guztioi.
Lehenik eta behin, hemen bildu garen lagun guztien izenean
besarkadarik sentikorrena helarazi nahi diegu espetxeetan eta deserrian
diren lagun guztiei.
Aurki atzean utziko duguna urte berezia izan da guretzat. Espetxetik
atera ginen urtea izango da 2012a. Urte luzez batzuek, denbora
laburragoan besteek. Denok bizi izan dugu espetxearen gazia, eta denoi
gelditu zaigu zerbait han barnean. Kalean egonik, gure ekarpena egin
nahi diogu haiek guztiak ekartzeko egiten ari den lanari.
Espetxea oro har, eta euskal preso politikoen kasuan bereziki, pertsonen aurkako sistema konplexu bat da, pertsonen nortasunean eta izaeran eragiteko sortua. Espetxeak pertsonen desoreka bilatzen du, presoak pertsona izateari uztea. Eta horri guztiari helburu politikoak gehitzen zaizkio, arrazoi politikoen ondorioz preso hartu gintuztenon kasuan. Horregatik erabiltzen da euskal preso politikoen aurka espetxe politika bereizia. Militantzia politikoa zigortzen da: pentsamendu kritikoa, zapalketari aurre egin izana, elkartasuna eta jarduera politikoa. Eta gizarteratzea baino, militantzia hau amaitzea da helburua. Bai presoena, bai kanpoan militatzen jarraitzen dutenena ere.
Nola azaldu bestela, gaixo dauden presoen egoera? Nola azaldu
minbizia duten pertsonak heriotzaren atariraino gatibu edukitzea? Nola
azaldu urte luzez espetxean egon ostean, kalera irteteko eguna iritsi
eta kartzelaldia beste hamar urtez luzatzea? Nola azaldu berrogei
minutuko bisita bat egiteko, bi mila kilometro egin behar izatea?
Garai berri bat hasi dugu Euskal Herrian. Urteetako gatazka, sufrimendu eta zapalkuntza egoera irauli eta justiziaren eta askatasunaren gainean eraikitako bake egoera bat erdiesteko urratsak egiten ari gara. Baina gaur gaurkoz, alde batetik emandako urrats ausartek mespretxua eta itxikeria izan dituzte ia erantzun bakar. Presoen eta iheslarien egoera da horren ispilu, apenas aldatu baita azken urtean.
Oinarrizko giza eskubideak urratzea egunerokoa da espetxeetan: senide eta lagunen istripuak asteburukoak dira errepideetan.
Hamaika aldiz entzun dugu presoek jasotako zigorra bete behar dutela.
Eta bitartean, zigorgabetasun osoa dute estatuen krimenek. Ez dago
zigorrik 10.000 lagun torturatu dituzten arduradunentzat.
Torturatzaileak eta gerra zikina egin dutenak indultatuta daude.
Sakabanaketak eragindako heriotzek ez dute barkamenik merezi. Legez
kanporatzea, komunikabideak ixtea, poliziaren bortizkeria, eskubide
zibil eta politikoak ukatzea. Nork erantzun behar dio horri guztiari?
Sufrimendu askoren lekuko izan gara azken urteotan, eta izaten ari
gara oraindik ere. Guk ez ditugu begiak ixten gertatu den guztiaren
aurrean, baina konponbideak denontzat izan behar du onuragarria.
Gatazkaren garaiak atzean utzita, datozenak soluzio urteak izatea nahi
genuke. Gatazkaren ondorioei osotasunean egin behar zaie aurre, eta
konponbide prozesu bati dagozkion neurriak norabide horretan erabaki eta
hartu behar dira.
Eta erabaki horien artean egon behar dute euskal preso eta iheslari politikoei dagozkienak. Konponbide prozesuaren logikan, espetxeetan eta ihesean dauden euskaldunek herrirako bidea hartu behar dute, bai ala bai. Hori da gure ustez prozesu demokratikoak daukan geltokietako bat.
Ildo horretan, bat egin nahi dugu Herrira mugimenduak lehentasunez
egiten dituen eskariekin. Euskal preso politikoen giza eskubideak
errespetatzeak bidea egiten lagunduko luke ezbairik gabe. Urrats
garrantzitsua izango litzateke, soluzioak eta bakea eraikitzeko.
Horregatik, urrats hauek lehenbailehen egin behar direla uste dugu:
gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, bizi osoko zigorra
dakarten neurriak bertan behera uztea eta presoak Euskal Herriko
espetxeetara ekartzea.
Horiek horrela, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den Herri Mobilizazio
Orokorrean izango gara gu ere. Eta gonbita egin nahi diegu aldarrikapen
hauekin bat egiten duten herritar guztiei, Bilbon izan daitezen.
Denon artean Bilboko kaleak beteko ditugu. Denon artean hustuko ditugu espetxeak. Eta denon artean kartzela eta deserria herri honen historiako orrialdeetara eramango ditugu. Horrenbestez, Bilbon ikusiko dugu elkar.
Mila esker guztioi.
50 preso ohi
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.