2013/07/22

Plentzian jende katea egin dute presoen sakabanaketaren aurka

Atzo, igandea, "Senideak izateagatik zigortuak. Etxean nahi ditugu!" lelopean, jende katea egin zuten Plentziako hondartzan. Etxerat elkartearen ekimena goizeko 12etan abiatu zen Plentziako metro geltokian, bertatik hondartzara joan eta euskal preso politikoen sakabanaketa eta politika horren ondorioak, tartean auto istripuak eta heriotzak, salatzeko. Uribe Kostako hiribilduaz gain, salaketa Laida, Zarautz, Donostia eta Hendaiak ere hartu zituen. Izan ere, atzoko mobilizazioaren bidez, gatibuen senitartekoek pairatzen dituzten ondorioak zabaldu nahi zituzten. Etxeraten ustez, presoen sakabanaketa eta horren ondorioak ez dira senideen erantzukizuna, ezarri egiten dieten behar bat baizik. Hori dela eta, gogor kritikatu dute Angel Yuste Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak ekainaren 25ean Espainiako Kongresuan esandakoa, sakabanaketaren ondorioz gertatzen diren errepide istripuen erantzukizuna presoak bisitatzera joaten direnei leporatu zienean. 

Azken datuen arabera, egun 599 preso politiko daude 79 espetxetan sakabanatuta, tartean 30 uribekostar. Euskal Herrian hamar soilik daude. Preso kopururik handiena euren etxeetatik 800-900 kilometrora dago, eta ondorioz, senideek 1.300 kilometro inguru egin behar izaten ditugu astebururo. Sakabanatze horrek tentsioa, neke izugarria eta izugarrizko ondorio psikologikoak eragiten ditu. Ondorioak askotarikoak izan daitezke, baina lazgarriena heriotzarena da. Izan ere, errepidean hamasei senide eta lagunek bizitza galdu dute. Tartean, Anjel Figueroa Fernandez algortarra zenaren amama, Antxoni Fernandez, 1997ko martxoaren 14an Alcala Mecora bisitan zihoazela. Sakabanaketak eragiten duen beste ondorioekin jarraiki, ekonomikoa ere gogoratu du Etxeratek. Elkartearen datuen arabera, astebururo batez beste 377,94 euroko kostua eragiten die familia bakoitzari; urtean, 19.653 euro.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.