2011/12/12

Arkaitz Goikoetxearentzat 79 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak

Arkaitz Goikoetxea Basabe getxoztarra epaitu dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2007ko abuztuaren 24an Guardia Zibilaren Durangoko kuartelaren aurkako atentatuan parte hartzea egotzita. Azkorriko mutilaren kontrako 79 urteko zigor eskaera mantendu du Fiskaltzak. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ordea, behin eta berriro salatu egin du torturan oinarritutako beste epaiketa baten aurrean gaudela, hots, inkomunikazio aldian sinarazitako deklarazioak Guardia Zibilaren esku pairatutako tratu txar eta torturen ondorioz izan zirela. Baltasar Garzon epaileari berari, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi-mediku bati eta bi guardia zibili kereila jarri zieten 2008ko uztailaren 22ko polizia operazioan atxilotutakoen senideek. Magistratuari torturak saihesteko protokoloa bete ez eta torturak ahalbidetu izana leporatu zioten. Auzitegi Gorenak, ordea, atzera bota egin du kereila. Besteak beste, Aitor Cotano, Inge Urrutia, Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez eta Mikel Saratxo getxoztarrak atzeman zituzten aipatu polizia operazioan. Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) beraien lekukotasunak erabili ditu "Tortura Euskal Herrian" dokumentala egiteko. 

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.