Iturria: Berria
Euskal presoen eskubideen alde urtarrilaren 7an Bilbon egingo duten mobilizazioak dagoeneko hamar mila atxikimendu baino gehiago jaso ditu, atzo Manu Ugartemendia eta Amaia Esnalek Donostiako agerraldi batean esan zutenez. Egin Dezagun Bidea mugimenduak antolatu du ekimena, eta atxikimendua kolosalaizangoda.info-n eman daiteke.
Babesa adierazi dutenen artean, herritarrak ez ezik, eragile politiko, sindikal eta sozialak daude, 30en bat herrialdeetakoak. "Epe motz batean Euskal Herrian inoiz jasotako atxikimendu sorta handiena da", adierazi zuten Ugartemendiak eta Esnalek. Euskal Herriko eragileen artean dira Amaiur, Bildu, Aralar, Alternatiba, EA, ezker abertzalea, ELA, LAB, EHNE edota Hiru; nazioartekoen artean, Herrialde Katalanetakoak, Espainiakoak, Argentinakoak, Venezuelakoak, Bretainiakoak...
Espainiako eta Frantziako gobernuei presoen arloari heltzeko eskatu diete, "gatazkaren konponbidea sustatzeko". Besteak beste, presoak Euskal Herriratzeko, eta zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteta dituztenak, gaixotasun larriak dituztenak eta Parot doktrina ezarri dietenak askatzeko eskatzen du Egin Dezagun Bideak. "Hori da euskal gizartearen gehiengoaren eskaera, eta Mariano Raxoik [Espainiako presidente berriak] ardura historikoarekin jokatu beharko luke", esan zuten Donostiako prentsaurrekoan.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.