2012/01/14

Egin Dezagun Bidea: "Urtarrilaren 7ko manifestazioak dimentsio historikoa du"

110.000 pertsona baino gehiago izan ginen Bilbon. Azken hamarkadatan ez da tamaina honetako manifestaziorik egin. Kaleak gainezka jarri genituen. Manifestazioa hasi zenetik, ibilbide osoa jendez beterik zegoen, eta aldameneko kaleak ere hartu behar izan ziren.

Inork ukatzen ez dion dimentsio historikoa dauka manifestazio honek. Bilboko kaleak gainezka egin zuten bezala, gobernuei afera honek gainezka egin die eta saihestezina egiten zaie kartzela politikan eman behar diren urratsez mintzatzea, aste honetan denok frogatu ahal izan dugunez.

Honela bada, urtarrilaren 7ko Herri Mobilizazio Orokorrak igarota, ondorengo baieztapen garbiak egiteko moduan gaude:

  • Herritar gehiengoak gobernuei urratsak eman ditzaten eskatzen du, eta honakoa, preso politikoen aurka mantentzen diren muturreko neurri krudelak berehala altxatzetik igarotzen da, bai ala bai.
  • Azken batean, herritarrak gobernuen eta agintari politikoen aurretik goaz, eta zinez aski frogatua geratu da herritarrengan dagoela aldaketaren giltza. Herritarrak egoera berriak sustatzeko gaitasuna frogatu dute, eta gobernuak egoera berri horiei eta herri eskakizunei erantzuna emateko halabeharrean aurkitzen dira.
Urrats garrantzitsua izan da. Bidea egiten jarraitzeko argudioz eta indarrez bete gaitu, lortu baitugu:
  • Preso politikoen aurka mantentzen den kartzela politikak ez du jada heldulekurik eta erabat sostenga ageri da gaur.
  • Jendarte kontsentsu zabala kontsolidatu da. Euskal Herriko jendartearen gehiengo nabarmen baten borondatea, euskal preso politikoen eskubideen errespetutik abiatuta, kartzela politika konponbide irizpideetara mugitu eta gatazkaren konponbidean urratsak ematearekin batera, preso eta iheslarien itzulera bideratzea da.
Bidea egiten jarraitzeko eta epe motzean urrats berriak sustatzeko, ondorengo ildoetan lan egingo dugu:
  • Egin Dezagun Bidea ekimenean gero eta jende gehiago biltzen joan da. Herri, hiri eta auzoetan hedapen handia izan du denbora laburrean eta dinamika handiak sortuz joan dira. Datozen asteetan, herri bilguneen artean hausnarketa egingo dugu, sortu den dinamika zabal hau nola egituratu zehazteko, eta garapena izan dezan behar dituen tresnez hornitzeko.
  • Mota guztietako eragileen aldetik, presoen eskubideen aldeko konpromiso sendoa gorpuztu da azken hilabeteetan. Horrez gain, gaur posible izan ez diren adostasunak etorkizunean posible izango direla pentsatzen dugu, horren alde lan egiten jarraituz gero. Horregatik, eragileen konpromisoa modu eraginkorrean antolatzeko eta adostasun berriak eraikitzeko interlokuzio lan zabal bat egiten jarraituko dugu.
  • Mobilizazioekin jarraitzea garrantzitsua dela pentsatzen dugu. Mobilizazioa Bilbotik Euskal Herri osora hedatzea, bidea egiten jarraitzeko giltzarri inportantea dela uste dugu. Horregatik, datorren urtarrilaren 27an, Azken Ostiralarekin, herri, auzo eta hiri guztietan mobilizazioak burutu eta parte hartzeko deialdia luzatzen dugu.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.