2012/01/30

Herrira mugimendua sortu dute euskal presoen alde lan egiteko

Herrira mugimendua datorren igandean aurkeztuko dute Donostiako Kursaal jauregian, eguerdiko 12:00etan. Egin Dezagun Bidea ekimenak egindako lanarekin jarraituz, "euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetzea" izango da haren helburuetako bat, sorrerako agirian (PDF) dioen moduan.

Sorrera agiria Gara egunkariak paratu du bere webgunean. Hauek dira, laburbilduz, Herrira mugimenduaren helburuak:

- Euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetzea: dispertsio politikari amaiera emanez; gaixorik diren presoak aske utziz; bizi arteko zigorra ezartzeko neurriak indargabetuz, hala nola, 197/2006 dotrina derogatuz, zigorraren 2/3 eta 3/4 bete dituzten presoak aske utziz, Frantzian preso direnei baldintzapeko askatasuna aplikatuz; eta azkenik, isolamendu, mittard eta bakartze egoerei amaiera emanez.

- Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, dagozkion eskubide guztiak bermatuak izanik eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera eta bideak indarrean jarriz.

- Iheslari politikoen aurkako jazarpena amaitzea eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera irekitzea Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari.

- Preso eta Iheslari politiko guztien etxeratzea, gatazkaren konponbide prozesuari loturiko ibilbide dinamiko baten garapenean.

Herrira mugimenduaren konpromiso nagusia, bestalde, "sentsibilitate eta izaera desberdinak izanik ere", helburu horiekin bat egiten duten herritarrak bildu eta antolatzeko markoa eta baliabidea eskaintzea da: "Helburu hauen alde aritzeko herritarren elkargunea eraiki nahi dugu, askotariko konpromisoei eta ekarpen mota desberdinei bide emanez. Horri erantzuten dio mugimendu hau sortzeko eta garapena emateko gure konpromisoak".

Herrira mugimenduaren sorrera agiria


0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.