Etxerat elkartearen helburuetako bat gure senideek eta lagunek bizi duten salbuespeneko egoeraren berri ematea da, izan ere, gu gara gure senide preso eta iheslariek bizi duten egoeraren berri dugun lekuko zuzenenak. Berri hauek behin eta berriz erakusten dute euskal preso politikoek muturreko egoerak bizi dituztela, eta sarri euren oinarrizko eskubideak urratuak izaten direla.
Orain, Etxerat elkarteak jasotzen duen informazio hori txosten batean jasotzea erabaki du. Txosten honetan gure senide eta lagunen egoeraren inguruan jasotzen dugun informazioa islatuko da. Honek, euskal preso politikoen errealitatea zein den hobeto ikusten lagunduko digu, eta era berean, salbuespeneko egoera horien salaketa zuzena egiteko metodoa izango da.
Egun, 674 euskal preso politiko daude 85 espetxetan banatuta. Gehienak espainian eta frantzian dauden arren, portugalen, ipar Irlandan, ingalaterran eta mexikon ere badaude euskal preso politikoak; eta beste gutxi batzuk Euskal Herrian. 674 senide eta lagun dauzkagu gugandik urrun eta salbuespeneko egoera larriak bizitzen.
Urtarrileko txostenean argi eta garbi ikus daiteke espainiar eta frantziar Estatuek espetxe politika berdinarekin jarraitzen dutela. Eta espetxeetan oinarrizko eskubideak behin eta berriz urratzen direla. Espetxean jarraitzen baitute gaixotasun larriak dituzten presoek, zigorraren 3/4 edo 2/3 beteta duten presoek, 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoek eta baita 70 urtetik gora dituztenek ere. Horregatik Etxerat elkarteak preso guzti hauen berehalako askatasuna eskatzen du, eta dispertsioarekin amaituz euskal preso politiko guztien Euskal Herriratzea ere eskatzen du.

0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.