Showing posts with label etxerat. Show all posts
Showing posts with label etxerat. Show all posts

2013/06/25

Herrira mugimendua: "Yusteren hitzek milaka euskal herritarrenganako errespetu falta izatez gain, sufrmenduaren estrategian sakontzen dute"

Herriraren aburuz, Espetxetako Zuzendaritzako idazkari nagusi den Angel Yustek Espainiako Kongresuan gaur egindako adierazpenak onartezinak dira. Are gehiago, sufrimendua eta oinazea besterik eragiten ez duen salbuespeneko espetxe politika honen ondorio zuzenak pairatzen dituzten milaka euskal herritarrenganako errespetu falta ikaragarria suposatzen dute. 

Yusteren hitzek sufrimenduaren estrategian sakontzen dute eta bai presoen bai euren ingurune hurbil osoa arriskuan jartzen duen errusiar erruletaren apología garbia dira. Izan ere, ezin dugu ahaztu sakabanaketak edo espetxe barruan emandako osasun asistentzia desegokiak hamarnaka euskal herritarren bizitzarekin amaitu dutela. 

Indarrean dagoen espetxe politikak giza eskubideak era nabarmean urratu eta ondorio atzeraezinak eragiten ditu. Giza eskubide guztiak errespetatu eta konponbidea zein bake justu bat lortu ahal izateko ezinbestekoa da espetxe politikaren aldaketa. Hala eskatzen dute euskal jendartearen gehiengoak zein nazioarteko hainbat eragile eta instituzioek. 

Horiek horrela, euskal herritarren gehiengoaren nahien aurka jotzen duten adierazpen eta probokazioen aurrean, nahitaezkoa da espetxe politikaren aldaketa erdiesteko adostasun berriak josi eta sentsibilitate ezberdinetako pertsona, eragile edo sektoreen arteko akordioak lotzea. Bide horretatik, zein konpromisoa eta mobilizazioaren bitartez, lortuko baitugu espetxe politikak suposatzen duen oztopo lazgarria gainditzea. 

Yusterena bezalako adierazpen arduragabeek ez dute justifikaziorik, sufrimendua eta giza eskubideen urraketak atzean uzteko garaia da. Euskal jendartearen gehiengo zabalaren nahia bakea eta konponbideari aukera bat ematea da. Bide horretan, espetxe politikaren aldaketa gako nagusienetako bat izanik, Herrirak mobilizazioak deitu ditu ostiral honetan Euskal Herriko hiri eta herri guztietan. Hortaz, herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu. 

Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira 

Eskerrik asko 

Herrira

Etxerat: "Angel Yustek gaur Espainiako Kongresuko Barne gaietako Batzordean egindako adierazpenen harira"

Argazkian, sakabanaketak eragindako istripu bat salatzeko Etxeratek emandako prentsaurrekoa / © Etxerat

Gaur, Angel Yustek sakabanaketa senide eta lagunon ardura dela esanez emandako erantzunak, argi eta garbi erakusten du senide eta lagunon aurka diseinatutako salbuespeneko neurri bat dela. 

Oso larriak dira gaur Yustek egindako adierazpenak. Sakabanaketa ez da gure ardura, baizik eta ezartzen zaigun behar bat da. Gure senide eta lagunak, maite ditugunak, ikusteko dugun eskubidea eta eurak gurekin komunikatzeko duten eskubidea urratzen duen obligazio bat da. Eta beraz, gure bizitzak arriskuan jartzera behartuak gaude, gure osasuna milaka kilometrotako bidaietan galduz, desgaste ekonomiko izugarria jasanez. Zenbait kasutan euren mendekuzko politika honek hildakoak ere eragin dituelarik, sakabanaketak 16 biktima eragin baititu. Eta sakabanaketa justifikatzen dutenek edo honen aurka geldirik daudenek senide eta lagunoi ezartzen zaigun kondena lazgarriarekin bat egiten dute, gure eskubideak guztiz zapalduz. 

Hortaz, gure eskubideak urratu eta sufrimendua areagotu besterik eragiten ez digun sakabanaketa euskal gizarte osoaren ardura da. Eta ardura honen banaketa honetan, uste dugu alderdi politiko orok interesa agertu beharko lukela salbuespeneko espetxe politika hau eta dituen ondorioak ezagutzeko. 

Senide eta lagunok, sakabanaketa ezartzen hasi zenetik onartu genuen berau salatzeko eta salbuespeneko neurri honek suposatzen duen eskubide urraketa agerian uzteko ardura. Etengabe egin ditugun eta egiten ditugun salaketek, ordea, ez dute oihartzunik izan, ez bada gu kriminalizatzeko izan. Horregatik, Amaiurri eskertu nahi diogu guri isiltzen diguten hau, publiko egiteagatik. 

Eta noski onartzen dugu gure ardura dela sakabanaketaz hitz egitea, nahiz eta ez den gure ardura soilik. Orduan, Yuste jaunak sakabanaketaren inguruan gurekin hitz egin nahi duela, esan nahi al du? 


2013/04/08

Xabier Lopez Peñarena "hilketa politikoa" izan dela salatu dute haren senideek


Bideoa ikusi eta zabaldu

Xabier Lopez Peñaren heriotzaren inguruko "okultismoa" kritikatu zuen atzo Bilbon euskal preso politikoa zenaren sendiak, Etxerat elkarteko kideekin batera emandako prentsaurrekoan, besteak beste, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Haren anai-arreba Juanma eta Begoña Lopez Peñak salatu zuten zortzi egun igaro direla presoa hil zenetik eta zergatik zendu zen jakin gabe jarraitzen dutela. Sendagileen txostenik ere ez dutela jaso ohartarazi dute.

2013/04/01

Etxeratek Xabier Lopez Peñaren heriotza eta bere inguruan egondako argitasun falta salatu ditu

Nagore Lopez de Luzuriaga (Etxerat):
 
Hasteko, Xabier Lopez Peñaren senide eta lagunei gure doluminak eta elkartasun sendoena helarazi nahi dizkiegu. Jasan behar izan duten egoera eta tratamendua lotsagarri eta onartezinak dira, gogorki salatzen ditugu eta bakoitzaren ardurez egia osoa izatea exijitzen dugu.

Beste behin ere, espetxeko administrazioaren bortizkeriak larriki jo du familia bat, krudelkeria azken muturreraino emanez. Garrantzitsua deritzogu gogoraraztea Xabier Lopez Peñaren heriotzak izan duen informazio eza eta gardentasun falta. Martxoaren 11n ospitalera joan zen zaintza batzuk jasotzera soilik, eta 19 egun beranduago hilda dago. Ospitaleratu zutenetik, senideek eta abokatuak bere berri izan arte bederatzi egun igaro ziren. Zorigaiztoko ebakuntza batek eraginda, ziurrenik, bere egoera larria izatera pasa zen, egonkor zegoen arren. Bere egoerak okerrera egin zuen burmuin isuri baten ondorioz ematen duenez. AIGra eraman eta bertan bihotzeko batek eman ziola pentsa genezake; baina ezin ziurtasunez jakin, izan ere oraindik ezin izan baitute ez Xabier bera ikusi ez eta inolako informerik izan. Autopsian konfiantzazko medikurik egoten ez dute utzi, eta heriotza bera ere ez zitzaion familiari jakinarazi, 13 ordu beranduago bisitan zihoazela eta jakin zutenera arte. Senideek egun guzti hauetan izan duten informazio falta eta informazioa jasotzeko ezarri dizkieten zailtasunak egoera oso iluna dela erakusten digute. Eta heriotzaren aurretik eta ondoren erantzunik gabeko hainbat galdera geratu dira zalantzan. Galdera gehiegi. Horregatik gardentasun osoz guzti hau argitzea exijitzen dugu.

Doluminekin batera, beraz, sentitzen ditugun pena eta izugarrizko amorrua ere adierazi nahi ditugu. Urte asko daramatzagu egoera horietara ekartzen gaituen espetxe politika ozenki salatzen. Urte asko daramatzagu neurri berezien desaktibazioa eskatzen, beste dramak itxoin gabe. Eta etengabe drama horiek bizitzen segitzen dugu, bi estatuen isiltasun eta mespretxu osoa jasoz erantzun bezala.

Presondegian, kondena luzeek, baldintza kaskarrek eta neurri bereziek sortzen edota larritzen dituzte eritasunak. Eta presoak, behin eri, berriz baldintza kaskar, neurri berezi eta espetxeak ematen dituen oztopo guztiengatik, EZIN DU bere burua sendatu behar eta mereziko lukeen bezala. Horregatik, eskubideen errespetua - tartean jarraipen mediku egoki eta zuzena izateko eskubidea - eta larriki eri diren presoak berehala askatzea aspalditik eskatzen dugu.

Nahiz eta aldarrikapen hori gero eta gehiago garatu Euskal Herriko eta nazioarteko gizartetan, elkor eta geldirik jarraitzen du frantziar estatuak ere. Modu hotz eta krudel batez aplikatzen ditu diseinatutako plan goibelaren osagarri guztiak.

Sendatzeko eskubidea ukatzea kondenen luzapen amaigabearekin artikulatuz, kartzel kondena heriotz kondena izatera pasatzen da. Urrunketa eta sakabanaketa politika funtsezko tresna bat da plan horretan, senideen, abokatuen eta konfiantzazko medikuen egoera ahalik gehiena zailduz, Xabier Lopez Peñaren kasuan gertatu den bezala.

Duela bi aste hil zen Angel Figeroarekin, 16 preso hil ziren orain arte preso zeudela, eta beste 9 espetxetik atera eta laster. Beste bat aste honetan, nork segituko du guri eta gure senideei aplikatzen diguten politika hiltzailea dela ukatzen?

Beste adibide ainitzen artean, hilabete honetan, Lannemezan-eko kartzelan dagoen Ibon Fernandez-en kasua salatu genuen. Bi urte pasatu dira diagnostikoa eman arte : esklerosi anitzkoitza. Aste batzuk leheneago, Saint Maurko kartzelan gau oso batean Jon Bienzobas odolez husten utzi zutela salatu genuen ere bai. Eta gaur Xabier-ena. Hori guztia frantziar agintarien eskutik. ASKI DA. Aski da hitz politak entzun arren, infernu horretan berdin-berdin segitzea.


Eta guzti honetako sekulako ardura du Frantziako gobernuak. Gure eta gure senideen bizitzekin jolasteaz utzi behar du. Politika krudel eta kriminal honekin bukatu behar da IA.
Honenbestez, gaur hemen salatzen ari garen zoritxarreko eta muturreko egoera hau errepika ez dadin beharrezkotzat jotzen dugu:

- Xabierren heriotzaren inguruko nondik -norakoak gardentasun osoz argitzea.

- Frantzia eta Espainiako kartzeletan dauden 15 preso eri askatu behar dira BEREHALA. Baita neurri zorrotzekin haien etxetan espetxeratze arinduan direnak ere. Eskubideak, eta tartean SENDATZEKO eskubidea, errespetatuak izan behar dira ORAIN.

- Kondenak luzatzen dituzten neurri guztiekin amaitu behar da.

- Sakabanaketa, urrunketa eta isolamendu mota guztiak, desaktibatu behar dituzte BEREHALA.

Eta azken finean, guztia laburbilduz: gure senide eta lagunak ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!

2013/03/30

Xabier Lopez Peña preso politiko galdakoztarra hil egin da

Herrirak eta Etxeratek baieztatu dutenez, Xabier Lopez Peña euskal preso politikoa hil egin da Parisko Pitie-Salpetriereko ospitalean. Galdakaokoa zen, eta 54 urte zituen. Senideek Etxerati azaldu diotenez, 01:00ean hil da, baina haiek 13:00etan izan dute heriotzaren berri, hura bisitatzera joan diren unean.

Martxoaren 13an odol isuria izan zuen burmuinean, eta ebakuntza egin zioten galdakoztarrari. Ostegunean egoera okertu zen, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean sartu zuten. Familiakoek astebete geroago jakin zuten arren, martxoaren 11n eraman zuten presoa erietxera Fleury-Merogis espetxetik (Paris). Etxerat-ek jakinarazi zuenez, gaitz kardiobaskularrak zituen, eta egun horretan bihotzekoak eman zion. Corbeil-Essonnesko erietxera eraman zuten aurrena, baina "zailtasunak" izan ostean, erietxez aldatu zuten martxoaren 13an, eta Pitie-Salpetriereko ospitalera eraman zuten. Ebakuntza bat egin zioten han. 2006-2007an Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean izan ziren negoziazioetan parte hartu zuen Lopez Peñak. 2008ko maiatzean atxilotu zuten, negoziazio mahaia apurtu ostean.

Etxeratek ohar baten bidez salatu du espetxearen aldetik izandako "isilpekotasuna eta bere senideekiko desinformazioa". Lopez Peñaren "gaixotzea, ospitalizatzea eta heriotza isilpetu" dituztela adierazi du. "Bisitak burutzea ere atzeratu eta oztopatzea ere gertatu izan da bere osasun egoera kritikoa izanda ere", gaineratu du elkarteak. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak Twitter bidez azaldu duenez, "hil eta gero ere familiari ez diote uzten gorpua ikusten".

Berriro gerta ez dadin, preso gaixo larriak herrira!

2013/02/18

Etxeratek 197/2006 dotrina geldiaraztera deitu du

Argazkian, atzoko batzarraren irudi bat / © Etxerat. 

Etxerat euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen senide eta lagunen elkarteak XII. Nazio Batzarra burutu zuen atzo Leioa eta Erandioko campusean. Urteroko hitzordu horretan, heldu den urteari begirako lan ildo nagusiak eta eginbeharrak finkatu zituzten, 197/2006 dotrinaren aurkako borroka lehenetsiz. Era berean, Espainiak Ines del Rio presoaren auzian salbuespen neurri hori mantentzeko jarritako helegitea Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegian aztertzen hasiko direla, martxoaren 20ko dataren inguruan lan egitera deitu dute. Egungo egoeraren diagnostiko atalean, "senide eta lagunok behin eta berriz argi utzi dugun bezala euskal preso politikoen egoerak okerrera egin du", azaldu zutenez. "Euskal jendartearen gehiengoak Bilboko kaleetan erakutsitako nahia eta egindako eskaera ez da bete. Horren lekuko direlarik gure senide presoek bizi duten egunerokoa, iheslari eta deportatuen egoera eta gure bizipenak. Mendekua besterik bilatzen ez duen espetxe politika anker baten ondorioak sufritzen ditugu guztiok; baita guk geuk ere, politika honen helburuetako bat baikara", salatu du Etxeratek.

2013/01/31

Etxerat elkarteak XII. Batzar Nazionala burutuko du otsailaren 17an Leioako campusean

Argazkian, gaurko prentsaurrekoa Donostian.

Elias Miner (Etxerat elkartea):

Lehenik eta behin, Etxerat elkartea osatzen dugun senide eta lagun guztion izenean eskerrak eman nahi genizkioke urtarrilaren 12an, Bilbon, bildu zen jende andanari. Mila esker guri eta gure senide eta lagun diren euskal preso politikoei zuen babesa azaltzeagatik, eta euren eskubideak aldarrikatzeagatik. Mila esker Herrirari herriz herri eta auzoz auzo, manifestazio hau hain anitza eta ugaria izateko egin duen lanagatik. Eta mila esker mobilizazioan izan ziren eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei ere.

Batetik, guretzat eta gure senide eta lagunentzat oso garrantzitsua delako Bilbon jaso genuen babesa sentitzea eta bestetik guztion babes eta lanarekin lortuko dugulako gure senide eta lagunak etxean izatea. Herritarron konpromisoarekin lortuko dugu guri eta gure senide eta lagunei aplikatzen diguten salbuespeneko espetxe politikarekin amaitu, eta garai berri hauetan konponbidearen urratsetan aurrera egitea. Gauzak honela, urtarrilaren 12an Bilbon bildutako indarra baliatuz gure eta gure senide eta lagunen eskubideak errespetatzen diren eszenatoki batera ailegatzeko indarra egin behar dugu. Eta bide horretan Etxerat elkartean prest gaude eragile sozial, politiko eta sindikal guztiekin batera lan egiteko, eta era berean, benetako aitortza, bakea, bizikidetza eta memoriaren inguruan antolatzen diren ekimen ezberdinetan parte hartzeko prestutasun osoa azaldu nahi dugu.

2012/12/28

Etxerat elkarteak abenduaren 29an burutuko dituen ekimenetan parte hartzera dei egin du

Iturria: Etxerat
Argazkian, atzo egin zuen agerraldia Etxeratek.


Etxerat Elkartetik dei egin dizuegu, abenduaren 29an burutuko dugun ekimenaren berri emateko. Abenduaren 29a, egun garrantzitsua izango da euskal preso eta iheslarien senide guztiontzat. Egun horretan Urtarrilaren 12an Herrira mugimenduak deitu duen Mobilizazio Orokorrean parte hartzeko dei egingo baitugu.

Guretzat data garrantzitsua da urtarrilaren 12koa. Gure senide preso eta iheslarien eskubideen alde urtean egiten den mobilizaziorik handiena izaten da, eta bai guretzat eta baita gure senideentzat ere indarrak hartzeko ezinbestekoa da. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu euskal preso eta iheslarien senide guztiok urtarrilaren 12ko zitan hutsik ez egitea; gauzak honela, asteburu horretan Espainian, Frantzian, Ingalaterran, Eskozian, Irlandan edo Portugalen aurreikusita genituen eta guretzat eta gure senideentzat hain garrantzitsuak diren bisitak ez ditugu burutuko. Asteburu horretan ez ditugu gure gertukoengandik urruntzen gaituzten milaka kilometroak egingo, eta ondorioz ez dugu gure bizitza jokoan jarriko. Bilbo euskal jendartearen gehiengoaren isla bilakatuko da urtarrilaren 12an, eta honenbestez, euskal gizartearen zati handi batek behin eta berriz aldarrikatzen duen gure senide eta lagunen eskubideen alde egingo du. 

2012/12/02

Eskualdeko hainbat presoren berri eman du azaroko hilabetekarian Etxeratek

Argazkian, Oihartzunak musika taldea azaroko azken ostiralean jotzen Algortan.

Etxerat elkarteak plazaratutako azaroko hilabetekariaren arabera, egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 143 gatibuk zigorraren 2/3ak edo 3/4ak beteta izateagatik, baldintzapeko askatasunari esker kalean beharko lukete, eta hala ere espetxeraturik mantentzen dituzte. Besteak beste, egoera horretan daude, Paul Asensio Millan, Gorka Garcia Sertutxa "Patas", Aimar Hidalgo Lertxundi, Iñigo Otazua Urresti "Oti" eta Endika Lejarzegi Olabarrieta algortarrak; Jagoba Terrones Arrate berangoztarra; eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra. Egun EPPKn Uribe Kosta eta Erandioko 32 gatibu dago. Bestalde, hilabete honetan bertan 2012an sakabanaketak eragin duen hamahirugarren istripua izan dela gogoratu du Etxeratek: Josu Bravo eta Ines del Rio tafallarren hiru lagunek istripua izan zuten hilaren 17an bi presoak bisitatzera zihoazela. Hain zuzen ere, Herrira mugimenduak sakabanaketa salatzeko deialdia egina zuen hereneguneko azken ostiralean. Besteak beste, Algortako Telletxe plazan 212 gizon-emakume elkartu ziren, Oihartzunak musika taldeak zuzenean jo zuela; Erandioko metro geltokiko plazan 62 lagun izan ziren kontzentrazioan; Xake plazako Itzubaltzeta / Romoko aldean 116; Leioako Bulebarrean 56; Sopelako udaletxeko plazan 65, Sergio Poloren isolamendu egoera salatuz; eta Urdulizko BBVAren aurrean 15. Berango eta Plentzian ere izan ziren kontzentrazioak.

2012/11/23

Etxeratek urtarrilaren 12ko Mobilizazio Orokorrera dei egin eta senideek egun horretan bisitarik burutuko ez dutela jakinarazi du

Argazkian,  Etxerat elkartearen prentsaurrekoa, Bilbon, urtarrilaren 12ko manifestazioa bultzatzeko. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Bilbon eginiko agerraldi batean, Etxerat elkarteak «atxikimendu osoa» adierazi dio Herrira mugimenduak urtarrilaren 12an Bilbon deitutako Herri Mobilizazio Orokorrari. Era berean, asteburu horretan, Estatu espainol zein frantsesean, Britainia Handian, Eskozian, Irlandan edo Portugalen aurreikusita dituzten bisitak burutuko ez dituztela jakinarazi dute.

2012/10/31

Eskualdeko hainbat presoren berri eman du urriko hilabetekarian Etxeratek

Argazkian, urriko azken ostiraleko kontzentrazioa Algortan.

Etxerat elkarteak plazaratutako urriko hilabetekariaren arabera, egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 146 gatibuk zigorraren 2/3ak edo 3/4ak beteta izateagatik, baldintzapeko askatasunari esker kalean beharko lukete, eta hala ere espetxeraturik mantentzen dituzte. Besteak beste, egoera horretan daude, Paul Asensio Millan, Gorka Garcia Sertutxa "Patas", Aimar Hidalgo Lertxundi, Iñigo Otazua Urresti "Oti" eta Endika Lejarzegi Olabarrieta algortarrak; Jagoba Terrones Arrate berangoztarra; eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra. Egun EPPKn Uribe Kosta eta Erandioko 32 gatibu dago. "Beste behin euskal preso politikoei salbuespeneko neurriak ezartzen zaizkiela ikus daiteke. 146 pertsonek urteak daramatzate espetxean eta zigorraren 2/3 eta 3/4ak beteta baldintzapeko askatasunean beharko lukete, baina espetxean jarraitzen dute", salatu du Etxeratek.

2012/10/25

Etxerat: "Iosu Uribetxebarriarekin gertatutakoa ezin da errepikatu"

Argazkian, Iosu Uribetxebarria, Jabi anaiarekin batera, Arrasateko kaleetan da berriz ere herrian.

Azkenean, Iosu Uribetxebarria bere etxera itzuli da. Herenegun atera zen ospitaletik bere senideen babesarekin, eta Arrasatera itzuli zen. Etxerat elkartetik une hauetan gure poztasuna azaldu nahi dugu, eta besarkada bero bat bidali nahi diogu bai Iosuri berari, eta baita bere senideei ere.

Hala ere, ezin dugu ahaztu Iosuk aspaldi behar zuela etxean, eta hau ez da gauzatu egoera azken muturreraino iritsi den arte. Egun, medikuek Iosuri alta ematea erabaki dute, etxean berrindartu dadin. Baina, etxean ere tratamenduarekin jarraitu beharko du.

Esan bezala, Iosu etxera itzuli da egoerak atzera bueltarik ez duenean, baina, egoera hau ezin da errepikatu. Eta horregatik, behin eta berriz azpimarratu dugu zeinen garrantzitsua den gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoak askatzea; behar duten asistentzia mediku egokia jaso ahal izateko.

2012/10/12

Etxerateko ordezkariak Equo eta EH Bilduko lehendakarigaiekin bildu dira

Argazkian, Etxerat eta EH Bilduko ordezkariak.

Etxerat elkarteak lehendakarigaiekin egin behar duen bilkuren erronda hasi du gaur. "Bilkura hauen helburua, lehendakarigaiek guk geuk eta gure senide eta lagunek bizi duten egoeraren berri emateaz gain, eskaera zuzenak egiteko baliatu dugu", azaldu dutenez. Eta eskaerak honako hauek izan dira:
  • Espetxe politika honek eragiten dien eta eragiten duen sufrimendua aitortzea.
  • Salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea exijitzea.
  • Politika hau desaktibatzen ez den bitartean, sortzen dituen ondorioak arintzen laguntzea eta gainera, konponbide bat ematen saiatzea.
  • Publikoki Enara Rodriguezek jasan berri duen erasoaren salaketa egitea, eta gertatu dena argitzea exijitzea. Era berean, erantzukizunak aurkitzea ere eskatzen dute.
Eskaera hauek zuzenean egin ahal izan dizkie Etxerat elkarteko Nerea Eizagirre eta Jon Fano kideek, gaur, Equo eta EH Bilduko lehendakarigaiei beraiekin egindako egindako bilkuretan:

2012/09/13

Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna dela eta Etxeratek egiten duen irakurketa

Azkenean, atzo iritsi zen Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna. Azkenean diogu benetan berandu iritsi delako. Uztailaren 20an Iosu Uribetxebarria ospitaleratua izan zela jakin genuenetik hona, bide luze bat egin behar izan dugu. Sufrimenduz eta etsipenez betetakoa. Izan ere, Iosu egoerarik muturrenekoenera eraman dute, urteetan zehar eskatu den bere baldintzapeko askatasuna gauzatu aurretik. 

Egun Iosu oso ahul aurkitzen da, eta horregatik ospitalean jarraitu beharko du denbora batez (ezin da zehaztu noiz arte izango den). Iosuren osasun egoera muturreko egoera honetara iritsi da, jada ezarria zuen eta betetzen ari zen kondena, beste zigor batekin osatu nahi zuten, bere giza eskubideak ez errespetatuz. Gainera, egoera honenbeste luzatzeak eta erabakia orain hartzeak helburu zehatz bat du: mendekuz betetako espetxe politika azkenetaraino eramatea. Eta horrek, gure senideen eskubideak zapaltzea eskatzen badu, horixe egingo dute. 

Egoera hau ezin da onartu, eta ezin da errepikatu. Egun hauetan bizi izan diren gora-beherak benetan justifika ezinak dira, eta euskal preso politikoon senide eta lagunek itzulinguru hauek samin eta kezka handiz bizi izan ditugu. Izan ere, gure beste hamahiru senide eta lagunek gaixotasun larri eta sendaezinak izan arren, preso jarraitzen dute. Esan bezala, Iosuren egoera errepika ez dadin ezinbestekoa da gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru presoak ere etxean izatea; eta zentzu horretan, Etxeratek lanean jarraituko du. Ez dugu etsiko gure senide eta lagunak etxean izan arte.

2012/09/04

Etxerat: "Gure hamalau senideak berehala bizirik eta etxean izan nahi ditugu!"

Argazkian, gaurko agerraldia Donostian.
 
Jone Lazkoz (Jesus Mari Mendinuetaren bikotea):

Gaur hemen bildu garen senideak preso gaixo larrien senitartekoen ordezkariak gara, eta ezin hobeto ezagutzen dugu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gure senideen egoera erreala zein den. Hauen artean aurkitzen da Iosu Uribetxebarria, zoritxarrez oraindik preso jarraitzen duena. Izan ere, Espainiako Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna onartu zuen pasa den astean. Baina, hau ez da gauzatu oraindik.

Iosuri 2005eko apirilean neurri handiko tumore bat detektatu zion urologoak ezker aldeko giltzurrunean eta urte bereko maiatzean minbizia diagnostikatu zioten. 2005eko ekainaren 9an, ezkerreko giltzurruna kendu ziotean; ondorioz, bizi arteko kontrola eta tratamendua beharko zuela jakinarazi ziotelarik. 2006ko abenduan gaixotasun larri eta sendaezina izateagatik bere baldintzapeko askatasuna eskatu zen Madrileko Espetxeko Zaintza Epaitegi Zentralean, 2007an ukatu ziotelarik. 6 urte geroago baldintzapeko askatasuna onartu dute, baina hala ere, preso jarraitzen du, berehala aske beharko lukeen arren. Egoera krudel honetan preso jarraitzeak, gure senide eta lagunei salbuespeneko neurriak aplikatzen dizkietela baieztatzen du honek. 

Espetxeko bizi baldintzek eragin zuzena izan dute Iosuren egungo egoeran. Izan ere, espetxean mantenduz, jarraipen eta tratamendu egokia jaso gabe, kanpoan egonik baino arrisku handiagoa zuen gaitza berpizteko. Kalean 2 urtetan mota honetako gaitza berpizteko arriskuaren aukera %51koa delarik jada.

2012/09/01

Etxeratek Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna dela eta egiten duen irakurketa

Ostegunean bertan jakin genuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna onartu zuela. Badirudi azkenean hainbeste aldarrikatu dugun askatasuna izango duela Iosuk, nahiz eta ezin den ahaztu baldintzapean izango dela. Iosuri 2005 urtean giltzurruneko minbizia zuela jakinarazi zioten, eta 2006ko abenduan jada eskatu zen bere baldintzapeko askatasuna. Azkenean, baldintzapeko askatasun hau sei urte beranduago iritsi da, jada ezer egin ezin den unean. Eta hala ere, ezin dugu ulertu Iosuk beste bost egun igaro behar izatea preso. Iosuren askatasuna ezin da beste egun batez ere atzeratu, berehala aske behar du.

Bestalde, eskerrak eman nahi genizkioke Iosuren askatasunaren alde lanean jardun duten guztiei. Honelako elkartasun keinu guztiek izugarrizko babesa ematen dietelako gure senide eta lagunei, eta baita guri ere. Kasu honetan ere, Iosuk jaso duen elkartasuna eta babesa izugarriak izan dira. Ezin ahaztu Espainiako eta Frantziako espetxeetatik gure senideen aldetik jaso duen elkartasuna ere. Euskal preso politikoak borrokaldi etengabean izan dira Iosu gose greban sartu zenetik, eta honek zenbait kasutan ondorio fisiko larriak ere eragin ditu. Hau da Iñaki Arakama presoaren kasua. Sevilla II espetxean aurkitzen den euskal presoa asteartean ospitaleratu behar izan zuten, 19 eguneko gose grebaren ostean giltzurruna oso ukitua zuelako. Ordutik Sevillako ospitalean egon da, eta bertan kolonoskopia bat egin diote. Zorionez kolonoskopia ondo atera da, eta gaur bertan Sevilla II espetxera eraman dute berriro ere Arakama.

2012/08/19

Alderdi, koalizio eta instituzioekin egindako bilera errondaren balozarioa egin du Etxeratek

Atzo egin zuen Etxerat elkarteak agerraldia, alderdi, koalizio eta instituzioekin egindako bilera errondaren balorazioa eginez.
Mattin Troitiño (Etxerat elkarteko kidea):
Gaur hemen aurkitzen gara, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 14 euskal preso politikoen senideak. Azken bi asteotan, gure senide preso gaixo larriek bizi duten egoera sostengaezina dela eta, Etxerat elkarteak,  euskal herriko alderdi politiko, koalizio eta Instituzioekin bilera erronda burutu du. Beti ere, gure senide preso gaixo larrien berehalako askatasuna bultzatze aldera, eta euskal gizartea ordezkatzen duten alderdi, koalizio eta instituzioen konpromiso eraginkorrak lortze aldera.

Abuztuaren 5ean, EHBildu koalizioarekin bilkura izan genuen. Bertan, Uribetxebarria eta gainontzeko preso gaixo larrien egoeraren inguruko kezka adierazteaz gain, EHBildu koalizioak bere  kompromisoak berrestu eta aurrera begirako ardura helarazi zion Etxerat alkarteari. Hortik ere, hurrengo egunetan donostiako ospitalean EHBilduko ordezkarien parte hartzea, egindako adierazpen publikoak, etab luze bat.

Abuztuaren 9an, bi instituzioekin batzartu zen Etxerat. Lehenik, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia den Martin Garitano eta Diputazioko bozeramailea den  Larraitz Ugarterekin. Egoera larriaren aurrean beren kezka agertu zuten eta konpromiso eraginkorrak hartzera konprometitu ziren. 

2012/08/08

Etxerat: "Gu ere heriotza zigorrera kondenatuta gaude"

Argazkian, prentsaurrekoa eman du gaur Etxerat elkarteak.
 
Gaur larritasun handiko prentsaurreko honetarako dei egin behar izan dugu egoeraren larritasunak honela eskatu duelako. Beste behin, sakabanaketa politikaren ondorio lazgarriak salatu behar ditugu. Beste behin diogu, behin eta berriro ohartarazi izan dugulako politika ondorioak jasaten ari garela. Gure bizitzak etengabe arriskuan jartzen ari garela, eta jada heriotza ugari eragin duen politika honen hurrengo heriotza gutako edonorena izan daitekeela.
 
Azken istripua atzo bertan pairatu behar izan zuten Mikel Egibarren bikote eta seme-alabek. Zuerako espetxetik etxera itzultzen ari zirela. Suhiltzaileek atera behar izan zituzten euren autoetatik eta zuzenean bikotea eta hamalau urteko semea Clínico de Zaragoza Ospitalera eraman zituzten; hamabi urteko alaba, berriz, Miguel Servet Ospitalera eraman zuten. Badirudi alaba ondo dagoela, nahiz eta egoerak urduritasun handia eragin dion. Bikoteak eta semeak ondorio larriak jasan dituzte. Bikotea intubatuta eta sedatuta dute. Traumatismo kraneoentzefalikoa du. Arnasa hartzeko arazoak ditu, izan ere, masailezurra txikituta du. Semeak humeroa puskatua du, eta toraxean, buruan, eta masailezurrean kolpeak ditu. Biei ebakuntzak egingo dizkiete. 
 

2012/08/06

EH Bildurekin elkartu da Etxerat, preso gaixoez erantzun bateratu bat bilatzeko

Iturria: Berria.info

Etxerat euskal presoen senideen elkarteko kideak EH Bildu koalizioarekin elkartu dira gaur Donostian, EAren egoitzan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau presoen berri emateko. Etxeratek uztailaren 28an iragarri zuen eragile politikoekin bilera sail bati ekingo ziola, "erantzun bateratu bat bilatzeko".

EH Bilduk ohartarazi du "euskal preso politiko askoren bizia arrisku larrian" dagoela. "Gero eta denbora eta aukera gutxiago dute Espainiako espetxeetatik bizirik ateratzeko". Haren iritziz, "espetxe politikaren helburu nagusia euskal presoen eskubideak deuseztatzea da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ahuldu nahi du, horretarako mendekuzko eta salbuezpeneko politika aplikatuz, eta, era berean, konponbide prozesua hondoratzeko".