2013/01/31

Etxerat elkarteak XII. Batzar Nazionala burutuko du otsailaren 17an Leioako campusean

Argazkian, gaurko prentsaurrekoa Donostian.

Elias Miner (Etxerat elkartea):

Lehenik eta behin, Etxerat elkartea osatzen dugun senide eta lagun guztion izenean eskerrak eman nahi genizkioke urtarrilaren 12an, Bilbon, bildu zen jende andanari. Mila esker guri eta gure senide eta lagun diren euskal preso politikoei zuen babesa azaltzeagatik, eta euren eskubideak aldarrikatzeagatik. Mila esker Herrirari herriz herri eta auzoz auzo, manifestazio hau hain anitza eta ugaria izateko egin duen lanagatik. Eta mila esker mobilizazioan izan ziren eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei ere.

Batetik, guretzat eta gure senide eta lagunentzat oso garrantzitsua delako Bilbon jaso genuen babesa sentitzea eta bestetik guztion babes eta lanarekin lortuko dugulako gure senide eta lagunak etxean izatea. Herritarron konpromisoarekin lortuko dugu guri eta gure senide eta lagunei aplikatzen diguten salbuespeneko espetxe politikarekin amaitu, eta garai berri hauetan konponbidearen urratsetan aurrera egitea. Gauzak honela, urtarrilaren 12an Bilbon bildutako indarra baliatuz gure eta gure senide eta lagunen eskubideak errespetatzen diren eszenatoki batera ailegatzeko indarra egin behar dugu. Eta bide horretan Etxerat elkartean prest gaude eragile sozial, politiko eta sindikal guztiekin batera lan egiteko, eta era berean, benetako aitortza, bakea, bizikidetza eta memoriaren inguruan antolatzen diren ekimen ezberdinetan parte hartzeko prestutasun osoa azaldu nahi dugu.

Urte hasieran egin genuen balantzean senideok itzulingururik gabe esan genuen euskal preso politikoen egoera okerrera egin duela, baina, hor dugu gure erronka. Bilbon bildutako babesa, eguneroko lan bilakatu behar dugu. Erronka honi buru-belarri heldu diogu senide eta lagunok ere, eta horregatik otsailaren 17an XII. Batzar Nazionala burutuko dugu. Bertan elkartea osatzen dugun euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunok igaro berri den urtearen balantzea egin eta aurrera begira landuko ditugun ildoen inguruan jardungo gara, nagusiki. Aurretik herri eta eskualdeetan landutako ponentzia baten gainean lan eginez.

Elkarteak urtean behin burutzen duen Batzar Nazional honetan, gainera, senide eta lagunoi aurrera egiten laguntzen digun kohesioa lantzeko data garrantzitsua izaten da. Senide guztiak elkartu, gure iritziak eta kezkak elkarbanatu eta azken finean elkartasun hori bultzatzen dugu. XII. Batzar Nazional hau Leioako Campusean burutuko dugu, otsailaren 17an. Eta goizean zehar ekitaldi itxi batean aipatu kontuen inguruan jardungo dugun arren, bazkal aurretik, agerraldi publiko bat egingo dugu Batzar Nazionalaren ondorio nagusiak azalarazteko. Guztiontzat oso garrantzitsua da senide guztiek parte hartzea batzar honetan, eta horregatik gure gonbita luzatu nahi diegu berauei egun honetan parte hartu dezaten. Elkarte plural hau osatzen dugun senide eta lagunok bertan parte hartzea ezinbestekoa baita.

Honenbestez, orain arte bezala Etxeratek lanean jarraituko du, batzarrean finkatuko diren lan ildo nagusi horietan oinarriturik, guztion eskubide guztiak errespetatuak izan arte.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.