Showing posts with label leioa. Show all posts
Showing posts with label leioa. Show all posts

2013/02/18

Etxeratek 197/2006 dotrina geldiaraztera deitu du

Argazkian, atzoko batzarraren irudi bat / © Etxerat. 

Etxerat euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen senide eta lagunen elkarteak XII. Nazio Batzarra burutu zuen atzo Leioa eta Erandioko campusean. Urteroko hitzordu horretan, heldu den urteari begirako lan ildo nagusiak eta eginbeharrak finkatu zituzten, 197/2006 dotrinaren aurkako borroka lehenetsiz. Era berean, Espainiak Ines del Rio presoaren auzian salbuespen neurri hori mantentzeko jarritako helegitea Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegian aztertzen hasiko direla, martxoaren 20ko dataren inguruan lan egitera deitu dute. Egungo egoeraren diagnostiko atalean, "senide eta lagunok behin eta berriz argi utzi dugun bezala euskal preso politikoen egoerak okerrera egin du", azaldu zutenez. "Euskal jendartearen gehiengoak Bilboko kaleetan erakutsitako nahia eta egindako eskaera ez da bete. Horren lekuko direlarik gure senide presoek bizi duten egunerokoa, iheslari eta deportatuen egoera eta gure bizipenak. Mendekua besterik bilatzen ez duen espetxe politika anker baten ondorioak sufritzen ditugu guztiok; baita guk geuk ere, politika honen helburuetako bat baikara", salatu du Etxeratek.

2013/01/31

Etxerat elkarteak XII. Batzar Nazionala burutuko du otsailaren 17an Leioako campusean

Argazkian, gaurko prentsaurrekoa Donostian.

Elias Miner (Etxerat elkartea):

Lehenik eta behin, Etxerat elkartea osatzen dugun senide eta lagun guztion izenean eskerrak eman nahi genizkioke urtarrilaren 12an, Bilbon, bildu zen jende andanari. Mila esker guri eta gure senide eta lagun diren euskal preso politikoei zuen babesa azaltzeagatik, eta euren eskubideak aldarrikatzeagatik. Mila esker Herrirari herriz herri eta auzoz auzo, manifestazio hau hain anitza eta ugaria izateko egin duen lanagatik. Eta mila esker mobilizazioan izan ziren eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei ere.

Batetik, guretzat eta gure senide eta lagunentzat oso garrantzitsua delako Bilbon jaso genuen babesa sentitzea eta bestetik guztion babes eta lanarekin lortuko dugulako gure senide eta lagunak etxean izatea. Herritarron konpromisoarekin lortuko dugu guri eta gure senide eta lagunei aplikatzen diguten salbuespeneko espetxe politikarekin amaitu, eta garai berri hauetan konponbidearen urratsetan aurrera egitea. Gauzak honela, urtarrilaren 12an Bilbon bildutako indarra baliatuz gure eta gure senide eta lagunen eskubideak errespetatzen diren eszenatoki batera ailegatzeko indarra egin behar dugu. Eta bide horretan Etxerat elkartean prest gaude eragile sozial, politiko eta sindikal guztiekin batera lan egiteko, eta era berean, benetako aitortza, bakea, bizikidetza eta memoriaren inguruan antolatzen diren ekimen ezberdinetan parte hartzeko prestutasun osoa azaldu nahi dugu.