2013/06/25

Etxerat: "Angel Yustek gaur Espainiako Kongresuko Barne gaietako Batzordean egindako adierazpenen harira"

Argazkian, sakabanaketak eragindako istripu bat salatzeko Etxeratek emandako prentsaurrekoa / © Etxerat

Gaur, Angel Yustek sakabanaketa senide eta lagunon ardura dela esanez emandako erantzunak, argi eta garbi erakusten du senide eta lagunon aurka diseinatutako salbuespeneko neurri bat dela. 

Oso larriak dira gaur Yustek egindako adierazpenak. Sakabanaketa ez da gure ardura, baizik eta ezartzen zaigun behar bat da. Gure senide eta lagunak, maite ditugunak, ikusteko dugun eskubidea eta eurak gurekin komunikatzeko duten eskubidea urratzen duen obligazio bat da. Eta beraz, gure bizitzak arriskuan jartzera behartuak gaude, gure osasuna milaka kilometrotako bidaietan galduz, desgaste ekonomiko izugarria jasanez. Zenbait kasutan euren mendekuzko politika honek hildakoak ere eragin dituelarik, sakabanaketak 16 biktima eragin baititu. Eta sakabanaketa justifikatzen dutenek edo honen aurka geldirik daudenek senide eta lagunoi ezartzen zaigun kondena lazgarriarekin bat egiten dute, gure eskubideak guztiz zapalduz. 

Hortaz, gure eskubideak urratu eta sufrimendua areagotu besterik eragiten ez digun sakabanaketa euskal gizarte osoaren ardura da. Eta ardura honen banaketa honetan, uste dugu alderdi politiko orok interesa agertu beharko lukela salbuespeneko espetxe politika hau eta dituen ondorioak ezagutzeko. 

Senide eta lagunok, sakabanaketa ezartzen hasi zenetik onartu genuen berau salatzeko eta salbuespeneko neurri honek suposatzen duen eskubide urraketa agerian uzteko ardura. Etengabe egin ditugun eta egiten ditugun salaketek, ordea, ez dute oihartzunik izan, ez bada gu kriminalizatzeko izan. Horregatik, Amaiurri eskertu nahi diogu guri isiltzen diguten hau, publiko egiteagatik. 

Eta noski onartzen dugu gure ardura dela sakabanaketaz hitz egitea, nahiz eta ez den gure ardura soilik. Orduan, Yuste jaunak sakabanaketaren inguruan gurekin hitz egin nahi duela, esan nahi al du? 


0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.