Iturria: Etxerat
Argazkian, atzo egin zuen agerraldia Etxeratek.
Etxerat Elkartetik dei egin dizuegu, abenduaren 29an
burutuko dugun ekimenaren berri emateko. Abenduaren 29a, egun
garrantzitsua izango da euskal preso eta iheslarien senide guztiontzat.
Egun horretan Urtarrilaren 12an Herrira mugimenduak deitu duen Mobilizazio Orokorrean parte hartzeko dei egingo baitugu.
Guretzat
data garrantzitsua da urtarrilaren 12koa. Gure senide preso eta
iheslarien eskubideen alde urtean egiten den mobilizaziorik handiena
izaten da, eta bai guretzat eta baita gure senideentzat ere indarrak
hartzeko ezinbestekoa da. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu euskal
preso eta iheslarien senide guztiok urtarrilaren 12ko zitan hutsik ez
egitea; gauzak honela, asteburu horretan Espainian, Frantzian,
Ingalaterran, Eskozian, Irlandan edo Portugalen aurreikusita genituen
eta guretzat eta gure senideentzat hain garrantzitsuak diren bisitak ez
ditugu burutuko. Asteburu horretan ez ditugu gure gertukoengandik
urruntzen gaituzten milaka kilometroak egingo, eta ondorioz ez dugu gure
bizitza jokoan jarriko. Bilbo euskal jendartearen gehiengoaren isla
bilakatuko da urtarrilaren 12an, eta honenbestez, euskal gizartearen
zati handi batek behin eta berriz aldarrikatzen duen gure senide eta
lagunen eskubideen alde egingo du.
Guzti hau aldarrikatzeko,
abenduaren 29an, Etxerat elkarteko senide eta lagunok Donostian, Euskal
Selekzioaren festan, gure ahotsa entzun araziko dugu:
- 18:00etan, Esaitek euskal selekzioaren inguruan antolatu duen festan parte hartuko dugu, eta gainera bertan gure tartetxoa izango dugu. Esaitek partiduaren aurretik antolatu dituen ekimenen artean, Etxerat elkarteko bi kidek hartuko dute hitza, eta beste senide eta lagun askok babesturik, gure mezua zabalduko dute.
- 19:00etan, U12ko Mobilizazio Orokorrera deitzeko elkarretaratze bat burutuko dugu, Anoetako sarrera nagusian, Etxerat osatzen dugun senide eta lagunek.
Beraz, Etxerat elkartetik
bai euskal preso eta iheslarien senide guztiei, eta baita euskal
jendarteari ere, dei egiten diegu abenduaren 29an euskal selekzioaren
alde egingo den festa honetan parte hartzeko, eta Etxeratek burutuko
duen ekimenetan parte hartzeko.
Bestalde,
gogorarazi nahi dugu asteburu honetan bertan errepresaliatu politikoei
elkartasuna adierazteko burutuko den ekimen bakarra ez dela honakoa
izango. Larunbatean eta igandean Nafarroan, Atarrabian, Hatortxu Rock
jaialdiaren XIV. edizioan musika jaialdi bikaina izango da. Atarrabian
musikak eta gure senide eta lagunen preso eta iheslariekiko elkartasunak
bat egingo dute, eta horregatik guztiok bertara joatera animatu nahi
zaituztegu. Gainera, antolatzaileei eta egun hauetan bertan lanean
aritzen diren guztiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, beste
urte batez euren lanari eta elkartasunari esker elkartasun jaialdi hau
antolatzeagatik.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.