Bere apustu politikoa lehenik sakabanaketarekin amaitzea dela adierazi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), "Euskal Herrian denok biltzeak beste
baldintzak sortu eta aukera berriak erraztuko dituelako alde
guztientzat". 1996ko otsailaz geroztik Euskal Herriratzeko etenik gabeko
dinamikan murgilduak diren arren, orain, euskal jendartearen eta eragile
sozial, politiko eta instituzionalekin batera "urrats erabakiorrak
emateko garaian" gaudela aipatu du plazaratutako agirian EPPK-k: " Jokoan duguna ez da gure egoeraren hobetzea,
jokoan dagoena prozesuaren bideragarritasuna da, etsaiak temati eta
arduragabeki zapuztu nahi duena eta lor dezan inork permititu ezin
duguna", gaineratu duenez.
2013ra begira dinamiko berriak iragarri ditu EPPKk:
- Gaur barau eguna egingo dute espetxe guztietan sakabanaketarekin amaitu eta Euskal Herriratzea aldarrikatzeko.
- Urtarrilaren 12an, Bilbon deitua den mobilizazio erraldoiaren egunean komunikazio greba burutuko dute, bisita oro bertan behera utziz. "Senide eta lagunekin, herritarrekin, Bilbon izango gara. Hitzordu garrantzitsu honek auzo herri eta maila orotan, dinamika iraunkor eta eraginkorra ekarri behar du. Guztiok mobiliza gaitezen deialdi berezia egin nahi dugu, guztion esku dago eta egoera iraultzea", azaldu dutenez.
- Urtarriletik aurrera hileko hirugarren ostiralean doktrinapean bahiturik direnak berehala kaleratzeko eta kondizionalean daudenak ere kaleratzeko ekimenak burutuko dituzte. Hileko azken ostiralean Euskal Herriratuak izateko ekimenak.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria:
Hilabete luzeak joan dira gatazka politikoaren gakoak aldatu
direnetik. Egoera politiko berria plazaratu eta aukera politiko
berrietarako baldintzak ezarri direnetik. Aieteko adierazpenak, ETAren
erabakiak, euskal jendartearen eta nazioarteko eragileen inplikazioak
ibilbide berria erakutsi digutenetik.
Gasteizko parlamenturako hauteskundeetan ibilbide hori indartuta
atera da. EH Bilduk indartsu okupatu ditu jezarlekuak ardura handia
bereganatuz. Lehendakari berriak, ordezkatzen duen Euskal Herriaren nahi
eta eskaerei positiboki erantzuteko erronka du, gatazkaren konponbidean
herritarren interesen alde erabakitasunez ekiteko. Orain aukera ezin
hobea du sakabanaketa amaitarazi, espetxe politika aldarazi eta prozesua
indartzeko. Hautua egin, herritarren mandatu eta babesarekin Frantzia
zein Espainiako gobernuei aurre egiteko.
EPPK-k zuzenean dagokion eremutik, marraztutako norabidean ekarpena
egin du. Posizionamendu politikoa gaurkotuz, Gernikako akordioa
izenpetzetik gaurdainoko ibilbidean prozesu politikoan sakonduz. Barne
zein kanpo antolakuntza, zuzendaritza eta mintzakidetzarekin sendotuz
eta zabalduz. Bitartekarien bidez, eragile sozial eta politikoekiko
hartuemanak berreskuratuz. Iazko urte bukaerako ekimenekin eztabaida
politikoan kokatuz eta mugimenduak eraginez. Aldi berean, euskal gizarte
eta eragileekin batera, Josu Uribetxeberriaren etxeratzea ahalbidetu
zuen borrokaldia gauzatu eta garaipen bikaina lortuz. Beraz, muturreko
neurrien aurrean irmo eta prozesuaren garapena sustatzeko urratsak
ematen. Zailtasunen gainetik, urtebetean emandako urratsak hor dira.
Jarritako oinarriak jauzi berrietarako baldintzetan kokatzen gaitu.
Kontrara, Espainiako eta Frantziako Gobernuak bere horretan dira,
irekitako prozesuan inplikatu baino, aurreko egoeran bageunde bezala
itsuki, enfrentamendu armatuaren gakoetan ainguratuta. Lehena, gako
antiterroristan oinarritutako diskurtso eta posizio itxienarekin;
bigarrena, bere menpeko euskal lurraldetan aurrekaririk gabeko adostasun
zabal eta aukera politikoen beldur bailitzan, errepresio gosez
oldarturik, Espainiarekiko lerrokatzea irudikatzen. Biak bortitz oso.
Bi biek gatazkaren ondorioei heltzeko inongo asmorik gabe, espetxe
politika blokeo politikoaren ardatz bilakatu nahi dute. Prozesuaren
kontrako aingura. Espainiaren kasuan, bizi duten krisi politiko
orokortua saihesteko euskarri politiko gisa. Beste garaipen edota
arrakastarik eskaintzerik ez duten honetan, tinkotasun adierazle gisa.
Aldiz, inolako aitzakiarik ez dute sakabanaketa mantentzeko, ez
politiko are gutxiago legalik. Estatuoi dagokie salbuespeneko egoera eta
neurri oro indargabetzea. Sakabanaketarekin amaitzea, euskal presoak
Euskal Herriratzea. Marko legal antiterrorista eta bere ondorioak
indargabetzea, auzi politikoekin amaitzea. Estrasburgoko erabakiaren
aurka preso eta bahituri gisa mantentzen dituzten kide guztiak berehala
askatzea, gaixotasunekin direnak etxeratzea...
Gure helburua libre bizitzea da, Euskal Herri librean.
Borrokatzeagatik espetxeratu gaituzte eta borrokatzen segitzen dugu.
Hain zuzen, euskal militante politiko eta herritar bezala gure herriaren
erainkuntzan parte hartu nahi dugulako kaletik. Gure indarra gainerako
herritarrenari erantsi nahi diogulako. Euskal jendarteak hori ulertzen
du eta positiboki barneratu du.
Helburu horri begira Kolektiboaren apostu politikoa lehenik
sakabanaketarekin amaitzea da. Euskal Herrian denok biltzeak beste
baldintzak sortu eta aukera berriak erraztuko dituelako alde
guztientzat. 1996ko otsailaz geroztik Euskal Herriratzeko etenik gabeko
dinamikan murgilduak gara. Orain, euskal jendartearen eta eragile
sozial, politiko eta instituzionalekin batera urrats erabakiorrak
emateko garaian gaude. Jokoan duguna ez da gure egoeraren hobetzea,
jokoan dagoena prozesuaren bideragarritasuna da, etsaiak temati eta
arduragabeki zapuztu nahi duena eta lor dezan inork permititu ezin
duguna.
Agiri honen bidez, 2013ari begira dinamika berritua iragartzera gatoz:
- Abenduaren 29an barau eguna egingo dugu espetxe guztietan sakabanaketarekin amaitu eta Euskal Herriratzea aldarrikatzeko.
- Urtarrilaren 12an, Bilbon deitua den mobilizazio erraldoiaren egunean komunikazio greba burutuko dugu, bisita oro bertan behera utziz. Senide eta lagunekin, herritarrekin, Bilbon izango gara. Hitzordu garrantzitsu honek auzo herri eta maila orotan, dinamika iraunkor eta eraginkorra ekarri behar du. Guztiok mobiliza gaitezen deialdi berezia egin nahi dugu, guztion esku dago eta egoera iraultzea.
- Urtarriletik aurrera hileko hirugarren ostiralean doktrinapean bahiturik direnak berehala kaleratzeko eta kondizionalean daudenak ere kaleratzeko ekimenak burutuko ditugu. Hileko azken ostiralean Euskal Herriratuak izateko ekimenak.
Euskal Presoak, Euskal Herrira!
Amnistia eta autodeterminazioa!
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.