Showing posts with label agiria. Show all posts
Showing posts with label agiria. Show all posts

2012/12/29

Sakabanaketarekin amaitzeko urrats erabakiorrak emateko garaian gaudela azpimarratu du EPPK-k

Bere apustu politikoa lehenik sakabanaketarekin amaitzea dela adierazi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), "Euskal Herrian denok biltzeak beste baldintzak sortu eta aukera berriak erraztuko dituelako alde guztientzat". 1996ko otsailaz geroztik Euskal Herriratzeko etenik gabeko dinamikan murgilduak diren arren, orain, euskal jendartearen eta eragile sozial, politiko eta instituzionalekin batera "urrats erabakiorrak emateko garaian" gaudela aipatu du plazaratutako agirian EPPK-k: " Jokoan duguna ez da gure egoeraren hobetzea, jokoan dagoena prozesuaren bideragarritasuna da, etsaiak temati eta arduragabeki zapuztu nahi duena eta lor dezan inork permititu ezin duguna", gaineratu duenez.

2013ra begira dinamiko berriak iragarri ditu EPPKk:
  • Gaur barau eguna egingo dute espetxe guztietan sakabanaketarekin amaitu eta Euskal Herriratzea aldarrikatzeko.
  • Urtarrilaren 12an, Bilbon deitua den mobilizazio erraldoiaren egunean komunikazio greba burutuko dute, bisita oro bertan behera utziz. "Senide eta lagunekin, herritarrekin, Bilbon izango gara. Hitzordu garrantzitsu honek auzo herri eta maila orotan, dinamika iraunkor eta eraginkorra ekarri behar du. Guztiok mobiliza gaitezen deialdi berezia egin nahi dugu, guztion esku dago eta egoera iraultzea", azaldu dutenez.
  • Urtarriletik aurrera hileko hirugarren ostiralean doktrinapean bahiturik direnak berehala kaleratzeko eta kondizionalean daudenak ere kaleratzeko ekimenak burutuko dituzte. Hileko azken ostiralean Euskal Herriratuak izateko ekimenak.

2012/01/15

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herriari

Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian. Herri taupada inoiz baino ozenago entzuten ari gara. Abian da prozesu demokratikoa, eskubide denak eta proiektu politiko guztiak bermatuko dituen egoera erdiestea helmuga duen prozesu demokratikoa.

Azken urteotan Ezker Abertzaleak egindako lan eskergari esker ireki zaio atea itxaropenari. Ez parez pare, zoritxarrez, oraindik inposizioan, ukazioan eta errepresioan tematuta diren indarrek bereari eusten baitiote. Beraien ahuldade politikoa basakeriaz
ezkutatu nahi izan dute.

Hala eta guztiz ere, Ezker Abertzaleak, berarekin batera lanean murgildu diren Euskal Herriko beste indarrek eta nazioarteko zenbait eragilek bidean barrena lehen urratsak egitea lortu dute. Emankorra eta askotan aldapatsua ere izango den bideari hasiera ematea lortu dugu. Ez dezala inork inoiz inongo zalantzarik izan: azken hamarkada hauetan polizia indarren eta torturaren atzaparretatik ihesi Bidasoa eta Pirinioak gurutzatu behar izan ditugun gizon-emakumeok osatzen dugun Kolektiboak babes eta konpromiso osoa eskaintzen dizkio Euskal Herrian irekitako ibilbide berriari. Iheslarien Kolektiboak, gainerako euskal herritarrekin eta eragileekin batera, prozesuan parte hartzeko konpromisoa eta erabakia azaldu nahi du.

2011/11/13

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

Hiru hamarkada luze igaro dira 1977ko abendu hartan, Euskal jendartearen bultzada eta indarrak espainiar kartzelatan zuten azken preso politikoa atera zuenetik. Espainiak Euskal Herriarekin mendeetan zehar mantentzen duen gatazkari benetako irtenbidea eman ez, gatazkaren oinarri den euskal herriak bere buruz erabakitzeko eskubideari heldu ez eta berehala, 1978ko urtarrilean espetxeak euskal jendez betetzen hasi zen Espainiako aparatu errepresiboa. Gatazkaren oinarrizko arrazoien konponbideari lotutako Amnistia aldarrikapenaren esanahia hustu eta gure herriaren zapalketa eta bere eskubideen ukazioen oinarri-pean ekin zion espainiar estatuak bere trantsizioari. Ez zuten baina, Euskal Herriak bere eskubideei uko egiterik lortu. Mendeetako askatasun goseak herritarrak borrokari lotuta jarraitzera eraman gintuen. Ehunka baino milaka izan gara azken hamarkada hauetan atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan garenok, baita ihesari ekin diogunok ere. Espainiar Estatuaren zapalkuntza, ankerkeria, krudelkeria eta mendeku gosea bizi izan ditugu; bizi ditugu oraindik. Espainian iruzurrez iruzur sorturiko demokrazia ezaren garai haietatik egungo sakabanaketa politika hiltzailearen errealitaterainoko sufrikarioa. UCD, PSOE zein Alderdi Popularraren esku faxista, mendekatzaile eta odoltsuek gure kontra kolpez kolpe eginiko marra gorri latza, alegia.