Showing posts with label euskal preso politikoen kolektiboa. Show all posts
Showing posts with label euskal preso politikoen kolektiboa. Show all posts

2013/04/06

EPPK: "Espetxe politika hiltzailea"

Argazkian, martxoaren 15ean, iluntzean, 800 lagun baino gehiago batu ziren Anjel Figueroaren heriotza salatu eta preso politiko gaixoak orain aska ditzatela aldarrikatzeko.

Martxoaren 14an hil da etxean preso, Anjel Figueroa. Gaixorik, espetxetik irtetea lortu arren Espainiako espetxe administrazioaren menpe eta haren ardurapean zendu baita. Gobernu espainiarraren ardurapean. 

Beste heriotza segidan, Xabier Lopez Peñarena. Frantziar espetxe eta justizia administrazioaren ardurapean. Eri zen, eta kalean behar zuenean hil da preso. Ezin pasatzen utzi, frantses arduradunen jokaera laidogarri eta makabroa, beste behin ere. Bahiturik, isolaturik, azken arnasetan non eta nola zegoen senideei informazioa ukatuz. Baita hil geroztik ere, maltzurki. 

Gure dolumin sentikorrenak bion senide eta lagunei! 

Bi heriotz berri, espetxe politikaren zerrenda luzean. Eri ziren biak, espetxe politikak erahil ditu biak. Espetxe politika hiltzailea baita! Sakabanaketa hiltzailea baita! Heriotz zigorrak arduradun zehatzak ditu. Estatuen gerra estrategian murgildurik dirautenak. Euskal presookin politika kriminala gauzatzen jarraitzen dutenak. Gatazka politikoa eta bere ondorioak ETAri leporatzen diotenak. Diskrezioa lege eta legea diskrezional egiten dutenak eta bi zerraldo berrion aurrean ere ardura saihestu nahi izan dutenak. Inmunitate politiko eta penala betiereko uste dutenak. 

Konponbideari bizkar ematen jarraitzen baitiote. Gertaera hauen testuinguruan, ETA eta Gobernu espainolak (PSOE) konponbiderako irekitako gunearen deuseztapena iragarri du ETAk; salatu duenez, boterean den Gobernuaren (PP) temakeriaren ondorioz. Egoera politikoa larria da konponbide demokratikoaren alde gaudenontzat, gatazka luzatzeko arriskua handia baita. 

Heriotzon artean aldiz, Iruñea-Bilbon Gatazkaren konponbidearen Foro soziala izan da. Gatazkaren ondorioen inguruan nazioarteko esperientzia eta irakaspenak ekarri dira, gogoeta sakonduz. Konponbidea zaildu eta atzeratzea behartu nahi gaituzte, baina konponbide demokratikoaren aldeko ahalegin eta indar oro bide berriak irekitzeko oinarri garrantzitsua dira. Aieteko adierazpena nazioartean modu esanguratsuan jasotzen ari den babesa bezala. Estrasburgoko auzian, oraino ‘injinaritza juridiko’rako tartea badutela aurreratu arren, espetxealdia luzatzeko doktrinaren kontrako posizionamendu sozial eta insitituzional zabala bezala. Herriaren, herritarren erantzun eta mobilizazio iraunkorrak bezala. 

Heriotz hauei beste gertakariak gehitu nahi dizkiegu, salaketa ohar honetan. Jaengo espetxetik bueltan Jabi Martinez kidearen lagunek izandako istripua, sakabanaketaren hamaikagarrena! Eta Joseba Vizan errefuxiatuaren aitagiarreba Jose Marcoren heriotza, hura bisitatzera joana Brasil urrunera. 

Saminak eta amorruak ez digu norabidea lausotuko. Konpromisoa hartu du EPPK-k eta bururaino eramango dugu. Egoeraren larritasunak eta gertaera hits hauek orain tamainako erantzuna behar dute. Herriak ez du barkatuko! 

Inoiz baino ozenago, Euskal Presoak Euskal Herrira! Sakabanaketa hiltzailea! Amnistia, autodeterminazioa!

EPPK
Euskal Herria bihotzean, 2013ko apirilan

2013/03/02

EPPK-k baimena eskatu dio epaileari Lokarriren foroan parte hartzeko

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak baiezkoa eman dio Lokarrik bere foroan parte hartzeko eskatuz igorritako gonbidapenari, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Hori dela eta, irteteko baimen berezia eskatu diete EPPK-ko mintzakideek (Xabier Alegria, Anabel Egues, Jon Olarra, Marixol Iparragirre, Lorentxa Gimon eta Mikel Albisu) Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari eta Frantziako Zigorren Aplikaziorako epaile zentralari, martxoaren 14an Iruñean eta 15ean Bilbon egingo diren bileretan parte hartu ahal izateko. Lokarrik eta Bake Bideak antolatuko duten foro horretan parte hartzea «nahitaezkoa» ikusten du EPPK-k, "bilkura beraren eta han jorratuko diren gaien garrantziagatik".
 
"Ekinaldi berritzaile eta inoiz egin gabekoa" jakinarazten du bertan presoen kolektiboak: "Gatazka Politikoaren Konponbiderako Foro Sozialean parte hartzeko erabakia". Bertan onartzen du foroaren antolatzaileek EPPK-ri gonbidapena igorri diotela, eta gonbidapen hori onartuz kolektiboaren mintzakidetzak foro horretan parte hartzea erabaki duela. Horretarako, antolatzaileei bidalitako gutunaren berri ematen dute. "Gatazka politikoa eta zehazki bere ondorioak konponbidean jartzeko egiten ari zareten ahalegina aitortzera gatozkizue", diote foroaren antolatzaileei igorritako gutunean. "Frantzia eta Espainiaren jokabide oztopatzaile eta arduragabekoa kontuan hartuta", EPPK-k bere eskuetan dagoen guztia egingo duela dio "konponbide politiko integralaren mesedetan".

2012/06/03

Eskua luzatu, eta urrats berrietarako prest azaldu da EPPK

Gatazka politikoa gainditzen laguntzeko prest dago Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK). Horretan parte hartu nahi du. Baina ohartarazi du irtenbidea konponbide integralarekin loturik egongo dela, eta gatazkarako arrazoiak jarri behar direla konponbidean. Hortaz, zehaztu du aterabideak ezinbestean izango duela lotura amnistiarekin eta autodeterminazioarekin. Prozesu demokratikoari heltzeko deia egin du, Anoetako Proposamena, Gernikako Akordioa eta Aieteko Adierazpena bide orritzat hartuta. Gatazkak alde anitzetan eragindako minaz erantzukizun osoz jabetzen dela esan, eta, aurrera begira, baldintza berrien argitan, prestasun osoa azaldu du urrats berriak egiteko. EPPKk Gernikako Elai Alai aretoan aurkeztu zuen atzo iazko udazkenean hasi zuen barne eztabaidaren ondorioak jasotzen dituen adierazpena.

Berria.info: Erreakzioak

2012/04/12

EPPK-k Mintzakidetzarekin biltzeko deia egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei

Iturria: © Berria.info

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) 640 preso inguru biltzen ditu bere barnean, 82 espetxetan barreiatuta. EPPK-k bere antolakuntza berritu du, eta mintzakide talde berria izendatu du. Sei presok osatzen dute EPPKren Mintzakidetza: Anabel Eguesek, Jon Olarrak eta Xabier Alegriak Espainiako espetxeetan, eta Lorentxa Gimonek, Marixol Iparragirrek eta Mikel Albisuk Frantziako espetxeetan. Presoek berek aukeratu dituzte mintzakideak. Seietatik Egues baino ez da aritu iraganean mintzakidetza lanetan.

"Berria" eta "Gara" egunkariei emandako elkarrizketan, EPPK-k dei egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei Mintzakidetzarekin bil daitezen: “Dagozkigun eskubideen errespetu eta gauzatzea jorratzeko”. Hizketarako prest azaldu dira sei mintzakideak: “Serioski joka dezaten dei egiten diegu; har dezatela gurekin haria. Gure oinarrizko eskubide demokratikoak errespetatuz, mintzatzeko eta urratsak egiteko prest gaituzte; EPPKren mandatua dugu”.

2011/12/10

EPPK: "Euskal presoak Euskal Herrira orain!"

Euskal Preso Politikoon Kolektiboak euskal gizartearekin bere ekimen eta gogoetak konpartitu nahi ditu agiri honen bidez:

Ospakizun, aldarrikapen eta salaketa egunak

Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna abenduaren 10ean. Halako egunik bada, eskubideak urratzen direlako da, han eta hemen, nonahi. Gurean franko, hizkuntza eta kulturatik hasi eta eskubide politiko oinarrizkoetaraino, euskal presook pairatu behar dugun jazarpen eta beheramenduetatik pasatuz. Egun aproposa urraketen salaketa egiteko.

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an, ospakizun eta errebindikazioa uztartuz. Egun seinalatu bera, Nafarroaren Eguna, ospakizun eta aldarri hau ere. Lingua navarrorum esamolde zaharra, euskaldunon hizkuntza, nafarron hizkuntza. Herri bat. Euskalgintza eta herri osoarekin bat gatoz gure hizkuntzaren aldeko mobilizazioan. Garai berriak hizkuntza eta kultur eztanda ekarri behar du, auzo eta herrietatik instituziotaraino, norbanakotik gizarte osoraino. Hizkuntzak lurraldea behar du, egitura juridiko politikoa, eskubideak. Non euskaraz, han Euskal Herria. Euskara ofiziala lurralde osoan!

Kontrara, Espainiako Konstituzioaren Eguna abenduaren 6an. Inposaketaren hautua egiten jarraitzen dutenek ospatu dute. Guk lerrootatik, Herri gisa dagozkigun eskubideak errebindikatzen ditugu gure herriko sektore zabalarekin batera eta ukazioa salatu. Presoarentzat bezala ziega da Konstituzio espainiarra Euskal Herriarentzat. Zerrailaren gakoa eskuan dugu!

2011/11/13

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

Hiru hamarkada luze igaro dira 1977ko abendu hartan, Euskal jendartearen bultzada eta indarrak espainiar kartzelatan zuten azken preso politikoa atera zuenetik. Espainiak Euskal Herriarekin mendeetan zehar mantentzen duen gatazkari benetako irtenbidea eman ez, gatazkaren oinarri den euskal herriak bere buruz erabakitzeko eskubideari heldu ez eta berehala, 1978ko urtarrilean espetxeak euskal jendez betetzen hasi zen Espainiako aparatu errepresiboa. Gatazkaren oinarrizko arrazoien konponbideari lotutako Amnistia aldarrikapenaren esanahia hustu eta gure herriaren zapalketa eta bere eskubideen ukazioen oinarri-pean ekin zion espainiar estatuak bere trantsizioari. Ez zuten baina, Euskal Herriak bere eskubideei uko egiterik lortu. Mendeetako askatasun goseak herritarrak borrokari lotuta jarraitzera eraman gintuen. Ehunka baino milaka izan gara azken hamarkada hauetan atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan garenok, baita ihesari ekin diogunok ere. Espainiar Estatuaren zapalkuntza, ankerkeria, krudelkeria eta mendeku gosea bizi izan ditugu; bizi ditugu oraindik. Espainian iruzurrez iruzur sorturiko demokrazia ezaren garai haietatik egungo sakabanaketa politika hiltzailearen errealitaterainoko sufrikarioa. UCD, PSOE zein Alderdi Popularraren esku faxista, mendekatzaile eta odoltsuek gure kontra kolpez kolpe eginiko marra gorri latza, alegia.