EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak baiezkoa eman dio Lokarrik bere
foroan parte hartzeko eskatuz igorritako gonbidapenari, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Hori dela eta,
irteteko baimen berezia eskatu diete EPPK-ko mintzakideek (Xabier Alegria, Anabel Egues, Jon Olarra, Marixol Iparragirre, Lorentxa Gimon eta Mikel Albisu) Espainiako Auzitegi Nazionaleko
Espetxe Zaintzako epaileari eta Frantziako Zigorren Aplikaziorako epaile
zentralari, martxoaren 14an Iruñean eta 15ean Bilbon egingo diren
bileretan parte hartu ahal izateko. Lokarrik eta Bake Bideak antolatuko
duten foro horretan parte hartzea «nahitaezkoa» ikusten du EPPK-k, "bilkura beraren eta han jorratuko diren gaien garrantziagatik".
"Ekinaldi berritzaile eta inoiz
egin gabekoa" jakinarazten du bertan presoen kolektiboak: "Gatazka
Politikoaren Konponbiderako Foro Sozialean parte hartzeko erabakia".
Bertan onartzen du foroaren antolatzaileek EPPK-ri gonbidapena igorri
diotela, eta gonbidapen hori onartuz kolektiboaren mintzakidetzak foro
horretan parte hartzea erabaki duela. Horretarako, antolatzaileei
bidalitako gutunaren berri ematen dute. "Gatazka politikoa eta zehazki
bere ondorioak konponbidean jartzeko egiten ari zareten ahalegina
aitortzera gatozkizue", diote foroaren antolatzaileei igorritako
gutunean. "Frantzia eta Espainiaren jokabide oztopatzaile eta
arduragabekoa kontuan hartuta", EPPK-k bere eskuetan dagoen guztia
egingo duela dio "konponbide politiko integralaren mesedetan".
Baimen berezi hori lortzeko eskaerak, gainera, espetxeetako legedian tokia baduela argudiatzen du Euskal Presoen Kolektiboak. Espetxeetako Lege Organikoaren 47.1 artikuluak zera baitio: "[...] garrantzitsuak eta egiaztatuak diren arrazoiengatik, segurtasun neurri egokiekin, irteteko baimenak emango dira [...]".
Artikulu horretan oinarrituz, beraz, martxoaren 14an Iruñeko Baluartera eta martxoaren 15ean Bilboko Campos Antzokira joateko baimena eskatzen du EPPK-ren mintzakidetzak bere eskaera orrian, eta horrela jakinarazten dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe zaintzako epaileari.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.