Hainbat eragile politiko eta
sindikalekin batera, Herrirak agerraldi publikoa egin du gaur Bilbon.
Europar Batasunak Euskal Herrian duen egoitzaren aurreran, iragan den
urtarrilaren 12an euskal jendartearen gehiengo batek emandako
herri-agindua Bruselara eramateko beharra azpimarratu dute Irune Agirre
abokatuak eta Beñat Zarrabeitia Herrirako kideak.
Bakeari aukera bat emateko garaia da
Euskal Herrian eta bide horretan nazioarteko komunitateak ere zeresan
handia du. 197/2006 doktrina bertan behera uztea bake eta konponbide
egoera definitibo bat erdiesteko urrats positibo nabarmena litzatekeela
azpimarratuko du martxoaren 4tik 8ra bitartean izango den delegazioak.
Ordezkaritza Herrirako kide diren Emilie Martin eta Beñat Zarrabeitiak,
Irune Agirre abokatuak eta Jone Artolak -28 urte espetxean daraman eta
duela zazpi urte 197/2006 doktrina aplikatu zioten Joseba Artolaren
arrebak- osatuko dute.
Bruselan hainbat bilkura egingo
dituzte europarlamentari ezberdinekin. Dagoeneko 13 Estatu ezberdinetako
25 europarlamentari ezberdinekin egin beharreko bilkurak konfirmatuta
daude, baita euskal europarlamentari batzuekin egin beharrekoak.
Kontserbadoreekin ez ezik, beste talde guztietako ordezkariekin bilduko
dira eta azken unerarte talde kontserbadoreko kideren batekin egoteko
ahaleginak egingo ditugu.
Delegaritzak ideia garbi bat helarazi
gura dio Europako komunitateari, euskal jendartearen gehiengoak bat
egiten duela uztailean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako
epaiarekin eta etorkizuna hiru ardatz nagusiren gainean eraiki nahi
duela: Giza eskubideak, irtenbidea eta bakea. Beraz, esan bezala, garaia
da bakeari aukera bat emateko.
Azkenik, datorren martxoaren 16an,
12:00tan, Tafallan egingo den manifestazioaren berri eman dute, baita
martxoaren 20an 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoen jatorrizko
hiri eta herrietan izango diren mobilizazioen berri.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.