Showing posts with label parot doktrina. martxoak 20. Show all posts
Showing posts with label parot doktrina. martxoak 20. Show all posts

2013/03/04

197/2006 doktrinak zuzenbidea bera jokoan jartzen duela ohartarazi dute Ines del Rioren abokatuek

Argazkian, bitartean, besteak beste, Francois Alfonsi diputatu korsikarrarekin, Free Alliancekoa eta Friendshipeko kidearekin, izan da gaur Herrirak Bruselara bidalitako ordezkaritza.

"Konfiantza handia" azaldu dute gaur Ines del Rio euskal presoaren abokatuek, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Del Rioren auzian emango duen epaiaren inguruan; "oso seguru" azaldu dira Estrasburgok arrazoia emango diela, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. 

197/2006 doktrina (Parot doktrina gisa ezagutu dena) ezarri zion Espainiak Del Riori, eta presoa aske uzteko agindu zion Estrasburgok Espainiari. Ez zuen hala egin, eta estatuak jarritako helegitea aztertuko du auzitegiak martxoaren 20an. Hura defendatuko duten abokatuek gaur esan dutenez, legea ezin da bete gabe utzi "terrorismoa aitzakiatzat hartuta", eta ohartarazi dute guztientzat berdina izan behar duela legeak. 

Mark Muller, Amaia Izko, Michael Ivers eta Didier Rouget abokatuek prestatu dituzte Del Rioren aldeko argudioak, eta "konfiantza handia" erakutsi dute aurkeztuko dituzten alegazioetan. Sudhanshu Swaroop abokatua ere aritu da haiekin kolaboratzen. Salatu dute 197/2006 doktrinak "zuzenbide arau guztien aurka" egiten duela, eta argudiatu dute ez dela legezkoa presoari jakinarazi zaion zigorra gerora luzatzea. 

Abokatuek esan dute legeek "kalitatea" behar dutela, eta kritikatu dute 197/2006 doktrinak urratu egiten duela kalitate hori. Haien hitzetan, zuzenbidea bera jokoan jartzen du doktrinak.

2013/02/28

Datorren astean Bruselara joango den delegaritza aurkeztu dute

Hainbat eragile politiko eta sindikalekin batera, Herrirak agerraldi publikoa egin du gaur Bilbon. Europar Batasunak Euskal Herrian duen egoitzaren aurreran, iragan den urtarrilaren 12an euskal jendartearen gehiengo batek emandako herri-agindua Bruselara eramateko beharra azpimarratu dute Irune Agirre abokatuak eta Beñat Zarrabeitia Herrirako kideak.
Bakeari aukera bat emateko garaia da Euskal Herrian eta bide horretan nazioarteko komunitateak ere zeresan handia du. 197/2006 doktrina bertan behera uztea bake eta konponbide egoera definitibo bat erdiesteko urrats positibo nabarmena litzatekeela azpimarratuko du martxoaren 4tik 8ra bitartean izango den delegazioak. Ordezkaritza Herrirako kide diren Emilie Martin eta Beñat Zarrabeitiak, Irune Agirre abokatuak eta Jone Artolak -28 urte espetxean daraman eta duela zazpi urte 197/2006 doktrina aplikatu zioten Joseba Artolaren arrebak- osatuko dute.