Argazkian, otsailaren 15ean, 300 auzokidek baino
gehiagok salatu zuten manifestazioan "Kitxu"ri espetxe zigorra luzatu
izana / cc-by Ukberri.net
Martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen
Auzitegiko Areto Nagusiak Ines del Rio euskal preso politikoaren auzia
berraztertuko du. 2012ko uztailaren 12an Estrasburgoko auzitegiak giza
eskubideen aurkakotzat jo zuen gatibu tafallarrari 197/2006 edo Parot
ezizenez ezaguna den dotrina ezarri izana. Askatu beharrean, helegitea
jarri zuen Espainiako Gobernuak. Del Riori buruz hartuko den erabakiak
beste 73 euskal preso politikarengan eragina izango du,tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarengan. Horren harira, larunbat honetarako, hilak 16, nazio manifestazioa deitu du Tafallan Herrira mugimenduak. Hitzordua 12:00etan jarri dute udaletxeko plazan. Martxoaren 20an, asteazkenarekin, berriz, mobilizazioak izango dira Euskal Herri osoan: besteak beste, kontzentrazioa
egongo da Algortako Telletxe plazan, 20:00etan. Bitartean, abian da Kitxuri 197/2006 edo Parot
ezizenez ezaguna den dotrina aplikatu izana salatu eta bere askatasuna
eskatzeko sinadura bilketa.
Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan ez ezik, Algortako
Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean ere egongo da sinatzeko
aukera.
Giza eskubideak, irtenbidea, bakea, 197/2006 doktrina eten!
Hainbat eragile politiko eta
sindikalekin batera, Herrirak agerraldi publikoa egin du gaur Bilbon.
Europar Batasunak Euskal Herrian duen egoitzaren aurreran, iragan den
urtarrilaren 12an euskal jendartearen gehiengo batek emandako
herri-agindua Bruselara eramateko beharra azpimarratu dute Irune Agirre
abokatuak eta Beñat Zarrabeitia Herrirako kideak.
Bakeari aukera bat emateko garaia da
Euskal Herrian eta bide horretan nazioarteko komunitateak ere zeresan
handia du. 197/2006 doktrina bertan behera uztea bake eta konponbide
egoera definitibo bat erdiesteko urrats positibo nabarmena litzatekeela
azpimarratuko du martxoaren 4tik 8ra bitartean izango den delegazioak.
Ordezkaritza Herrirako kide diren Emilie Martin eta Beñat Zarrabeitiak,
Irune Agirre abokatuak eta Jone Artolak -28 urte espetxean daraman eta
duela zazpi urte 197/2006 doktrina aplikatu zioten Joseba Artolaren
arrebak- osatuko dute.
Larunbat goizean agerraldia egin zuten Herrirako kideek Iruñean. Hona hemen irakurritako adierazpena:
Euskal Herri osoko Herrira Bilguneen ordezkariak bildu gara gaur hemen, 197/2006 doktrinaren derogazioa eskatuz, hurrengo asteetarako deitu ditugun mobilizazioen berri emateko.
Bizi osorako zigorra ezarria duten preso politikoak ditugu gure herri, hiri eta eskualdeetan. Azken hilabeteotan, haien askatasuna eskatzeko hainbat dinamika jarri ditugu abian, eta orain garrantzi handiko eginkizuna dugu aurrean.
Martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Inés del Río presoaren kasua berraztertzeko saioa egingo du. Eta hurrengo hilabeteetan ezagutzera emango den epaia, Tafallako presoari ez ezik, zigorra osorik bete ondoren espetxean jarraitzen duten preso guztientzat, 73 momentu honetan, erabakigarria izango da.
Horregatik, hurrengo asteetarako antolatu ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi diegu gure herri eta hirietako bizilagunei, baita euskal jendarte osoari ere.
Alde batetik, datorren martxoaren 16an, larunbata, Tafalla elkartasunez betetzeko deia luzatzen dizuegu, eguerdiko 12:00etan udaletxe plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartuz. Bertan Ines de Río eta mendekuzko espetxe politikaren baitan giltzapeturik dauden euskal preso politikoen askatasuna eskatuko dugu.
Eta martxoaren 20an, Areto Nagusiaren bilkuraren egunean, ehunka mobilizazio antolatu ditugu Euskal Herriko herri eta hirietan.
Aurreko egunetan protesta eta ekimen ugari izango dira. Adibidez, otsailaren 22an, hileko azken ostirala izanik, 197/2006 dotrina desaktibatzea eta Ines del Río aske ustea eskatuko dugu. Goizean, 12:00etan Iruñeko epaitegian elkarretaratzea egingo dugu eta arratsaldean,kalera aterako gara herri eta hiri guztietan.
Gure helburua azaroak 10 eta urtarrilak 12ko espiritua Euskal Herriko txoko guztietara eramatea izanik, datozen asteetako mobilizazio nagusienak herri, auzo eta hirietan burutuko ditugu. Bertan, euskal jendarteren gehiengoak, Baionan eta Bilbon plazaratutako mandatuari bide emango diogu: giza eskubideak, konponbidea bakea.
Mandatu horrekin, herriz-herri, auzoz auzo, eragile politiko, sindikal eta sozial guztiekin harreman dinamika zabala garatuko dugu gure proposamenaren berri emateko.
Bistan da euskal herritar gehienok bat egiten dugula Estrasburgoko epaiarekin, espetxe politikan bizi dugun blokeoa gainditzen hasteko aktibo gisa kokatzen dugularik. Era berean, argi dago jendartea ez dagoela ados preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin. Haien giza eskubideak urratzen dituztelako, amaierarik gabeko sufrimendua sortzen dutelako eta konponbiderako eta bakerako oztopo larria direlako.
Hori dela eta, jendartean dagoen adostasun zabal hori, Europako estatu eta instituzioetara eramateko unea dela uste dugu. Horrekin batera, gizarte osoari deia zabaltzen diogu, bere ekarpena baikortasunean egiten jarrai dezan, borondateak gehituz eta giza eskubideak, irtenbidea eta bakearen pankartaren atzean, etorkizuna eraikitzen jarrai dezan.