
Espetxean 18 urte, lau hilabete eta pare bat aste
eman ostean eta espetxe etekinen bidez (ikasketak gehien bat) beste 11
urte, bost hilabete eta hiru aste deskontatu ostean, "Kitxu"-ri 197/2006
doktrina ezarri diote. Horrek esan nahi du kalkulu berria egingo
diotela, non espetxe etekinak bere epaiketan aukeratu zuen Kode
Penalaren araberako 30 urteko gehienezko zigorretik deskontatu
beharrean, bere garaian jarri zioten zigor osotik (67 urte) deskontatuko
dizkioten. Gauzak horrela, espetxe etekinak kendu izan baliote bezala
dago. Kartzela Zuzendaritzak esan dio ez dela datorren maiatzaren 4an
irtengo. Halere, oraindik ez diote notifikatu espetxetik irteteko data
berria.
Eta "Kitxu"-k ezin du ezer egin?
Bai, "Kitxu"-ren abokatuak errekurtsoa jarri du, alde batetik Europako
Giza Eskubideen Auzitegiak esandakoak bilduz, doktrinak giza eskubideak
urratzen dituela, besteak beste atzeraegin eza printzipioa apurtzen
duelako edota preso bati zigor-araudia aldatuz gero, beti presoaren
aldekoa aukeratu behar delako. Beste aldetik, "Kitxu"ren kasuan eta
beste presoen kasuetan gertatutako kasuistika konkretuak daude.
Zeintzuk dira kasuistika zehatz horiek?
Epaitu zutenean, "Kitxu"-ren defentsak 30 urteko gehienezko zigorra
ezartzen zuen Kode Penal Zaharraren hautua egin zuen eta ez 25 urteko
zigor txikiagoa ekarriko zukeen Kode Penal Berria. Hori ez zen akatsa
izan, bere garaian egindako hautu logikoa baizik. Kode penal berrian
espetxe etekinak desagertzen ziren eta, beraz, beteko zuen espetxe aldia
25 urtekoa izango zen. Kode penal zaharrez, 30 urte ezarri arren,
hortik hainbat deskontu egin zitezkeen saria zuten ikasketen eta beste
ekimenen bidez, orduan kalkulua 30etik egiten zelako eta ez orain
proposatzen den zigor osotik. Gauzak horrela, gerora etekinak kentzen
joan badira ere, lehenengo urteetan lortutakoekin "Kitxu"ren
espetxealdia 18 urte, sei hilabete eta aste batekoa izan behar zen,
gutxi gora behera. Orduko fiskalak ere onartu zion kode penal zaharra
aukeratzea hobea zela berarentzat.
Eta hori garrantzitsua da?
Kasu batzuetan, horrelako aipamenak sententzian egotea nahikoa izan da
197/2006 doktrina ez aplikatzeko. Alde hori ere jorratu du abokatuak.
Eta hortik zer atera dezake?
Lau aukera daude:
- Lehenengoa da Estrasburgon Ines del Rio auzian Espainiako helegitea
atzera bota eta 197/2006 doktrinak giza eskubideak urratzen dituela
berrestea. Ines del Rio askarazteaz gain, Europako Giza Eskubideen
Auzitegiak kolokan jarriko luke beste presoei ezarri izana, tartean
"Kitxu"-ri. Espainiak luzatu lezake kontua preso bakoitzak helegitea
jarri arte, eta ezin da baztertu, baina ez du ematen juridikoki eta
irudi aldetik hori mantentzeko gauza izango direnik.
- Bigarren aldetik, eta Estrasburgon auzia luzatzen delako edo
"Kitxu"ren helegitea oso azkar aztertzen dutelako, baliteke Iñakiren
abokatuari arrazoia eman eta maiatzaren 4an atera behar zela finkatzea
eta aske uztea. Halere, hori hemendik hainbat hilabetetara gerta
daiteke.
- Hirugarren aukera izango litzateke helegitea partzialki estimatzea.
Hau da, 197/2006 doktrina ezbaian jarri gabe, bere garaian "Kitxu"-k
egindako hautuan espetxe etekinen birkalkuluak eragin duela eta egun
kode penal berria berarentzat hobea litzatekeela onartzea. Kasu
horretan, 25 urteko zigorra osorik bete behar izango luke, Estrasburgon
zer gertatzen denaren zain. Hortaz, irteera data 2019ko urriaren 25
aldera jarriko liokete. Argi eta garbi ez dugu onartuko.
- Azkena eta okerrena, espetxean 30 urte eman beharko dituela berrestea
litzateke. Kasu horretan, 2024ko urriaren 25 aldera irtengo litzateke
espetxetik, 60 urterekin, bizitza erdia barruan emana, eta aita eta ama
joan zaizkiola. Inondik inora ez gaude prest hori gertatzen uzteko.
Eta guk zer egin dezakegu?
Datozen egunotan, "Kitxu" eta beste preso eta iheslari politikoen aldeko
ekimenak zein horiek hobeto bideratzeko Herrirak antolatutako bilerak
gogoratu eta tresna gisa eskaini nahi dizkizuegu. Estuki lotuta daude
197/2006 doktrina bertan behera uzteko beharrarekin.
Helbidea:
Iñaki Gonzalo Casal
C.P. Villanubla
47011 Villanubla (Valladolid)