2013/03/19

197/2006 doktrinaren kontrako mobilizazioak izango dira bihar eskualdean

Argazkian, otsailaren 15ean, 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten manifestazioan "Kitxu"ri espetxe zigorra luzatu izana / cc-by Ukberri.net

Algortan kontzentrazio bana izango da: bata, 13:00etan, Eskumaldeko LABek deituta; eta bestea, 20:00etan, Algortako Herrira bilgunean deituta. Biak ala biak Telletxe plazan.

Bihar, martxoak 20, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines del Rio euskal preso politikoaren auzia berraztertuko du. 2012ko uztailaren 12an Estrasburgoko auzitegiak giza eskubideen aurkakotzat jo zuen gatibu tafallarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina ezarri izana. Askatu beharrean, helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak. Del Riori buruz hartuko den erabakiak beste 73 euskal preso politikarengan eragina izango du, tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarengan. Horren harira, joan den larunbatean, 1.500 lagun inguruk egin zuten manifestazioa Tafallan, Herrira mugimenduak zabaldu duenez. Bihar, asteazkenarekin, berriz, mobilizazioak izango dira Euskal Herri osoan: besteak beste, bina kontzentrazio izango dira goizez eskualdean: bata, 11:15ean, Itzubaltzetako Artatza-Romo institutuaren aurrean; eta bestea, 13:00etan, Algortako Telletxe plazan, Eskumaldeko LABek deituta. Arratsaldeari dagokionez, 19:00etan, Sopelako udaletxeko plazan egingo dute elkarretaratzea. Eta 20:00etan, Algortako Telletxe plazan, Plentziako Pirulin eta Urdulizko geltoki ondoan. Azkenik, Itzubaltzeta / Romon manifestazioa egingo dute iluntzeko 8etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta.

Bitartean, abian da Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina aplikatu izana salatu eta bere askatasuna eskatzeko sinadura bilketa, gaia Getxoko Udalbatzak eztabaidatu dezan. Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan eta egungo Itzubaltzeta gaztetxean (etxe merkeak) ez ezik, Algortako Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean ere egongo da sinatzeko aukera. Bestalde, "Kitxu"-ri postal edo gutunen bat idaztera animatu ditu herritarrak Itzubaltzetako Herrirak. "Orain bizi duen egoera kaxkarrean, bere bizipoza hein handi batean gure esku dago", adierazi dutenez.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein ostegunean zendutako Angel Figueroa algortarrarekin batera. Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 18 urte eta lau hilabete daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, hilaren 14an luzatu zioten zigorra, beste zazpi urtez.

Giza eskubideak, irtenbidea, bakea.
197/2006 doktrina eten!

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.