2013/03/19

"Kitxu"-ren egoera gaur egun

Argazkian, "Kitxu" maitasunez hartu zuten ehunaka auzokidek abenduaren 24an, Angela Casal Tubet bere ama zenaren hiletan / cc-by Ukberri.net

Espetxean 18 urte, lau hilabete eta pare bat aste eman ostean eta espetxe etekinen bidez (ikasketak gehien bat) beste 11 urte, bost hilabete eta hiru aste deskontatu ostean, "Kitxu"-ri 197/2006 doktrina ezarri diote. Horrek esan nahi du kalkulu berria egingo diotela, non espetxe etekinak bere epaiketan aukeratu zuen Kode Penalaren araberako 30 urteko gehienezko zigorretik deskontatu beharrean, bere garaian jarri zioten zigor osotik (67 urte) deskontatuko dizkioten. Gauzak horrela, espetxe etekinak kendu izan baliote bezala dago. Kartzela Zuzendaritzak esan dio ez dela datorren maiatzaren 4an irtengo. Halere, oraindik ez diote notifikatu espetxetik irteteko data berria.

Eta "Kitxu"-k ezin du ezer egin?

Bai, "Kitxu"-ren abokatuak errekurtsoa jarri du, alde batetik Europako Giza Eskubideen Auzitegiak esandakoak bilduz, doktrinak giza eskubideak urratzen dituela, besteak beste atzeraegin eza printzipioa apurtzen duelako edota preso bati zigor-araudia aldatuz gero, beti presoaren aldekoa aukeratu behar delako. Beste aldetik, "Kitxu"ren kasuan eta beste presoen kasuetan gertatutako kasuistika konkretuak daude.

Zeintzuk dira kasuistika zehatz horiek?

Epaitu zutenean, "Kitxu"-ren defentsak 30 urteko gehienezko zigorra ezartzen zuen Kode Penal Zaharraren hautua egin zuen eta ez 25 urteko zigor txikiagoa ekarriko zukeen Kode Penal Berria. Hori ez zen akatsa izan, bere garaian egindako hautu logikoa baizik. Kode penal berrian espetxe etekinak desagertzen ziren eta, beraz, beteko zuen espetxe aldia 25 urtekoa izango zen. Kode penal zaharrez, 30 urte ezarri arren, hortik hainbat deskontu egin zitezkeen saria zuten ikasketen eta beste ekimenen bidez, orduan kalkulua 30etik egiten zelako eta ez orain proposatzen den zigor osotik. Gauzak horrela, gerora etekinak kentzen joan badira ere, lehenengo urteetan lortutakoekin "Kitxu"ren espetxealdia 18 urte, sei hilabete eta aste batekoa izan behar zen, gutxi gora behera. Orduko fiskalak ere onartu zion kode penal zaharra aukeratzea hobea zela berarentzat.

Eta hori garrantzitsua da?

Kasu batzuetan, horrelako aipamenak sententzian egotea nahikoa izan da 197/2006 doktrina ez aplikatzeko. Alde hori ere jorratu du abokatuak.

Eta hortik zer atera dezake?

Lau aukera daude:

- Lehenengoa da Estrasburgon Ines del Rio auzian Espainiako helegitea atzera bota eta 197/2006 doktrinak giza eskubideak urratzen dituela berrestea. Ines del Rio askarazteaz gain, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak kolokan jarriko luke beste presoei ezarri izana, tartean "Kitxu"-ri. Espainiak luzatu lezake kontua preso bakoitzak helegitea jarri arte, eta ezin da baztertu, baina ez du ematen juridikoki eta irudi aldetik hori mantentzeko gauza izango direnik.

- Bigarren aldetik, eta Estrasburgon auzia luzatzen delako edo "Kitxu"ren helegitea oso azkar aztertzen dutelako, baliteke Iñakiren abokatuari arrazoia eman eta maiatzaren 4an atera behar zela finkatzea eta aske uztea. Halere, hori hemendik hainbat hilabetetara gerta daiteke.

- Hirugarren aukera izango litzateke helegitea partzialki estimatzea. Hau da, 197/2006 doktrina ezbaian jarri gabe, bere garaian "Kitxu"-k egindako hautuan espetxe etekinen birkalkuluak eragin duela eta egun kode penal berria berarentzat hobea litzatekeela onartzea. Kasu horretan, 25 urteko zigorra osorik bete behar izango luke, Estrasburgon zer gertatzen denaren zain. Hortaz, irteera data 2019ko urriaren 25 aldera jarriko liokete. Argi eta garbi ez dugu onartuko.

- Azkena eta okerrena, espetxean 30 urte eman beharko dituela berrestea litzateke. Kasu horretan, 2024ko urriaren 25 aldera irtengo litzateke espetxetik, 60 urterekin, bizitza erdia barruan emana, eta aita eta ama joan zaizkiola. Inondik inora ez gaude prest hori gertatzen uzteko.

Eta guk zer egin dezakegu?

Datozen egunotan, "Kitxu" eta beste preso eta iheslari politikoen aldeko ekimenak zein horiek hobeto bideratzeko Herrirak antolatutako bilerak gogoratu eta tresna gisa eskaini nahi dizkizuegu. Estuki lotuta daude 197/2006 doktrina bertan behera uzteko beharrarekin. 

Helbidea:

Iñaki Gonzalo Casal
C.P. Villanubla
47011 Villanubla (Valladolid) 

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.